DIPCko, MFZko eta nanoGUNEko bi ikertzaile, Journal of Physicsen historiako hamabi artikulu garrantzitsuenetako baten egilekideak

15 November, 2016

Journal of Physics sailaren 50. urteurrena dela eta, fisikaren arloko zenbait publikazio biltzen dituen aldizkari-familia honetako editoreek, beren orrialdeetan argitaratutako hamabi artikulu garrantzitsuenen zerrenda osatu dute. Donostiako Materialen Fisika Zentroko (CSIC-UPV/EHU) Daniel Sánchez Portal eta Cambridgeko Unibertsitateko irakasle eta CIC nanoGUNEko Ikerbasque ikertzaile Emilio Artacho, – Donostia International Physics Center-eko (DIPC) kideak biak -, editoreek hautatutako lanetako baten egilekideak dira.

 

Aukeratutako artikuluak simulazio atomikoko metodo eta kode berri bat aurkezten zuen, beren siglengatik SIESTA deritzona. Kode arrakastatsu horrek, irekia eta doakoa ikertzaile-komunitatearentzat, materialen propietateak aurresateko aukera ematen duen kalkulu-metodo berri eta oso eraginkor bat ezarri zuen, eta hari esker mekanika kuantikoko ekuazioak ebatz daitezke, konputazio-instalazio handi eta oso garestiak erabili beharrik izan gabe. Gaur egun, mundu osoko milaka erabiltzailek ibiltzen dute SIESTA beren eguneroko ikerketa-lanean; Sanchez Portal, Artacho eta beste bost fisikarik sinatutako artikulu originala 2002an argitaratu zen Journal of Physics: Condensed Matter aldizkarian (DOI: 10.1088/0953-8984/14/11/302), eta 7.000 baino aipu gehiago izan ditu, zientzia-literaturan espezializatutako Google Scholar bilatzailearen arabera. Pisuzko arrazoiak dira guztiak ere Journal of Physicseko editoreek garrantzitsuenen zerrendan sartzeko.

 

Sánchez-Portal eta Artacho egilekideen hitzetan, “hautatutakoen zerrendan, luxuzko zerrendakideak daude, zinez”. Hain zuzen, beste 11 artikuluen artean, zenbait Nobel Saridunek sinatutako batzuk daude, hala nola J. Michael Kosterlitz-ek eta David J. Thouless-ek (2016ko fisikako Nobel Saria), eta Phil Anderson-ek (1977ko fisikako Nobel Saria), edo mundu osoan son handia duten ikertzaileen hazi-lanak, Sir J. Pendry-rena (Dirac saria 1996), E. Rashba-rena (spinaren Rashba efektuaren aurkitzailea) edo S. Doniach-ena (synchrotron X izpien erradiazio-iturrien sortzaileetako bat), adibidez.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow