Hiru urtean Euskadik 303 milioi jaso ditu Horizontea 2020 Programaren bidez

5 June, 2017

Euskadi hirugarren postuan dago H2020 programan parte hartzen duten autonomia erkidegoen artean, eta lehenengoa da Nano eta Bio ekimenen arloan. Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak 347 miloi euro bideratu ditu azken 3 urteotan I+G+B bultzatu eta enpresetan txertatzeko, zehazki, bio-osasun, fabrikazio aurreratu eta energia arloetako proiektuetan. 2017an 139,8 milioi bideratu ditu. Euskadiko partaidetzari dagokionez, 221 erakundek parte hartu dute 461 proiektutan, proiektu horien %36 (166) lideratu dituztelarik.

 

 

Euskadik Europako Horizontea 2020 programara aurkeztu dituen proiektuek 303 milioi euroko diru-laguntzak jaso dituzte azken hiru urteotan. Europatik Euskadira itzuli den kopuru hori bereziki garrantzitsua da, asko hazi baita aurreko programaren bidez eskuratutako funtsekin konparatuta, 2007-2013 arteko zazpi urteko epean 433 miloi euro eskuratu baitziren guztira.

 

Horizontea 2020 programaren lehenengo behin-behineko balantzera biltzen dira euskal enpresek Europako berrikuntza arloko erreferentziazko programan izan duten partaidetzari buruzko datuak. I+G+B finantzatzeko programa horrek 80.000 milioi euroko aurrekontua du 2020ra arte, eta helburutzat dauka ekimen berritzaileak bultzatzea, beren hastapenetatik merkaturatu arte. Programak lehentasunezko gai batzuk sustatzen ditu, besteak beste, hauek: bio eta nano arloak, fabrikazio aurreratua, informazio teknologiak, energia, garraioa, e.a.

 

Euskadik guztizkoaren %15,7ko itzulera lortu du, eta adierazle horretan Katalunia eta Madril bakarrik dauzka aurretik. Azpimarratzekoa da Euskadi dela “Nanoteknologia, materialak, bioteknologia eta produkzioa” saileko eta “Garraio adimendun, ekologiko eta integratua” saileko proiektuetarako funts bolumen handiena lortu duen erkidegoa eta lehen postuan dagoela autonomia erkidegoen rankinean.

 

 

Euskadik I+G+B-rako funts erkideen banaketan lortutako datu onez gain, aipatzekoa da halaber azken hiru urteotan Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak 347 milioi euro bideratu dituela I+G+B-ra. Diru-zuzkidura hori erabili da ingurune egoki bat sortzeko eta ingurune horren bidez zentroen, berrikuntzako agenteen eta euskal enpresen artean teknologia transferentzia ahalbidetzeko. Euskal administrazioak eginiko ahalegin horri esker, enpresa oinarri berritzaile bat sortuko da, bere presentzia optimizatu eta errentagarritasuna ateratzeko Europako proiektuetan, esaterako, hizpide dugun Horizontea 2020 programan eta, batik bat, bio-osasun, fabrikazio aurreratu eta energia esparruetan, horiek baitira Euskadik Espezializazio Adimendunerako (RIS3) aukeratutako hiru lehentasunak.

 

2017an 139.885.904 euro bideratu dira I+G+B bultzatzera, hau da, Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak kudeatutako aurrekontuaren %13,4.

 

Gainera, Eusko Jaurlaritzak laguntza eta babesa ematen du ETEek Horizontea 2020 programaren abantailak aprobetxatu ditzaten; hala, azken urteotan hainbat lan-jardunaldi antolatu ditu (Basque Enterprise Europe Network), non adituek enpresei azaltzen baitiete nola aurkeztu behar dituzten finantzatu nahi dituzten proposamenak, bat etor daitezen Horizontea 2020 programak aukeratutako profilekin.

 

Euskadik 461 proiektutan parte hartu du Horizontea 2020 programaren esparruan, eta 166 (%36) lideratu ditu. 303 milioi euroko diru-laguntza 221 erakundetara iritsi da, eta horietatik %70 ETEak dira. Proiektu gehienak gai jakin batzuetara bideratuta daude, besteak beste, hauetara: bio, fabrikazio aurreratua, informazio teknologiak, energia, garraioa, e.a.

 

Horizontea 2020 programari esker, Euskadiko enpresek, ikerketa zentroek eta erakunde publikoek errazago parte har dezakete nazioarteko lankidetza proiektuetan, ikerketa arloko helburu berberak dituzten beste herrialde batzuekin batera. Diziplina anitzeko taldeak dira, eta talde horietako kide –are gehiago, lider- izatea aukera paregabea da ezagutzak barneratzeko, ikerketa-ildo berriak ezagutzeko, Europako liderrekin lan egiteko eta finantza baliabide berriak lortzeko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow