Proiektu batek trenbidearen lehiakortasuna bultzatu nahi du Europan

16 June, 2015

Trenen fabrikazioan diharduen CAF euskal enpresa eta IK4-IKERLAN zentro teknologikoa, tren bidezko garraioaren erabilera sustatu eta sektore honetako enpresen lehiakortasuna areagotzea xede duen europar proiektu batean parte hartzen ari dira.

I+G+b-a merkatura begira garatzea da Roll2Rail deritzon ekimen honen helburua, tren-industriako produktuetan teknologia aurreratuen integrazioa bizkortuz.

Europar Batasunak abiarazitako proiektu honen bitartez, teknologiarik aurreratuenak ikertu nahi dira, trenek pertsonak garraiatzeko duten edukiera % 15 gehitu eta puntualtasuna % 50 hobetzeko asmoz.

Horrez gain, energia-kontsumoa % 30 murriztu eta fabrikazio-kostuak % 40 merketu nahi dira, segurtasuna eta erosotasuna areagotuz eta zarata motelduz.

Ekimen honetan, CAF eta IK4-IKERLAN, Europako Tren-Industriaren Elkartea (UNIFE) buru duen partzuergo bateko kideak dira, sektoreko fabrikatzaile eta eragile nagusiekin batera.

Berrikitan abiarazi den proiektu honek bi urte eta erdiko iraupena izango du, eta 16 milioi euroko aurrekontua, I+G-a bultzatzea xede duen Horizon 2020 europar programak finantzatuta.

Europar Batasunaren iritziz, eraginkortasunari erreparatuta, tren bidezko garraioa osagai estrategikoa da mugen barruko mugikortasuna hobetzeko, izan ere, kutsadura-maila baxuekin eta energia garbiak integratzeko aukerarekin, pertsona eta merkantzia kopuru handiak lekuz aldatzea ahalbidetzen baitu.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow