SPRIren iritziz, Gestamp enpresak Euskadin garatuko dituen ekimen berriek frogatua uzten dute “gure herria oso erakargarria dela inbertitzeko”

1 April, 2015

SPRI Taldeko zuzendari nagusi Alexander Arriolak adierazi duenez, ekimen berri horiek argi uzten dute “egoera ekonomikoa eta industriala hobetzen ari dela”.


Iñigo Urkullu lehendakariak eta Gestamp enpresak akordio bat sinatu zuten atzo eta SPRI Taldeko zuzendari nagusi Alexander Arriolaren iritziz, “horrek erakusten du Euskadiko egoera ekonomiko eta industriala hobetzen ari dela”. Onda Vasca irrati-katean Arriolak adierazi du Gestamp enpresak Euskadiren alde egindako apustu honek argi erakusten duela “gure herria oso erakargarria dela inbertitzeko”. “Gurera etorriko diren proiektuetatik beste bat da hori“ gehitu du Arriolak.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko sozietate publikoaren arduradunak azpimarratu du enpresak ahalegin handia egiten ari direla ekonomikoki suspertzeko eta Administrazioaren laguntza dutela horretarako. Hainbat datu eman ditu erakusteko suspertze hori egiazkoa dela, hala nola esportazioen saldo positiboa eta finantza erakundeen likidezia handiagoa, “bere garaian horixe baitzen enpresen eskakizun handienetako bat, parte batera konpontzen ari garena, eta, jakina, baita ere euskal enpresek I+G-ren aldeko apustuarekin jarraitzen dutela”.

Zentzu horretan, Alex Arriolak behin eta berriro esan du une egokia dela Euskadin inbertitzeko. “Horixe esan digu Gestamp-ek, gurera etorriko diren proiektuetako batek. Gure herria intentsiboa da teknologian eta oso langile prestatuak ditugu. Gure hornitzaile-katea gai da beren zerbitzuak behar dituzten enpresa trakziogileen premiak asetzeko, eta arlo publikoan ere baditugu etorriko diren proiektu horiei laguntzeko tresnak”.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow