Makina-erremintaren sektoreko euskal enpresek beren puntako teknologia berretsi dute Milanen

5 October, 2015

Industria eta Energiako sailburuordeak, Javier Zarraonandiak, eta SPRI Taldeko zuzendariak, Alexander Arriolak, beren babesa azaldu diete gaur Milanen aste honetan zehar EMO-MILANO 2015 azokan egongo diren makina-erremintaren sektoreko euskal enpresei. Fabrikazio teknologien arloko munduko azoka garrantzitsuenetako bat da EMO-MILANO, industriari aplikatutako azken teknologia eta ezagutzen erakusleihoa. EMOko euskal ordezkaritza Estatuko ordezkaritzaren %66koa da. Hor ikusten da argi asko zeinen potentzial handia daukan makina-erremintak gure herrian.

 

Bai sailburuordeak eta bai SPRI Taldeko zuzendari nagusiak bertatik bertara ikusi ahal izan dute makina-erremintaren sektoreko euskal enpresek mundu mailako puntako teknologia darabiltela, Alemaniako edo Italiako enpresa onenen pare. Zarraondandiak eta Arriolak eta euskal enpresa horietako ordezkari gehienek sektoreko egoeraren diagnostiko berdina egin dute eta bat etorri dira azpimarratzean sektoreak Euskadin daukan sendotasun ekonomikoa. Bisitaldian Zayer-eko ordezkariekin egon dira eta berriro adierazi zaie Administrazioaren babes osoa, Arantxa Tapia sailburuak duela gutxi egin zuen bezala.

 

Hain zuzen ere, EMOren markoan BEC-ek Makina-Erremintaren Bienalaren hurrengo edizioa aurkeztuko du. Edizio hori 2016ko maiatzaren 30etik ekainaren 4ra izango da. BIEMH merkatua dinamizatzeko ekitaldi bat da, aukera ematen duena operazio komertzialak egiteko mundu osoko agenteekin. Erreferente bat maila nazionalean eta Europako hirugarren azoka garrantzitsuena bere espezialitatean, sektoreari erakutsiko dizkio zein garapen berri dauden erramintetan, makinan, osagaietan, automatizazioan, metrologian, kalitate kontrolean, eta abarretan.

 

EMO-k, bi urtean behingo erakusketa ibiltariak, Milan aukeratu du azokaren kokapenetako bat bezala, eta hala, txandaka egingo da urte batean Hanovorren eta hurrengoan Milanen.   Erakusketarako erreserbatutako 120.000 metro koadro garbi dituelarik hamabi aretotan banatuta, EMO MILANO 2015-ek gainditu ditu erakusketarako 95.000 metro koadroak, EMO MILANOren azken edizioan (2009an) okupatu zituenak, eta baditu jada 1.600 enpresa erregistratuta.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow