Euskal enpresak A350 Airbus berrian parte hartzen ari dira

5 January, 2015

Airbusek fuselaje zabaleko bere hegazkin berria ekoizten hasteko fasea abiarazi du, euskal enpresen ordezkaritza zabal baten laguntzaz.


Abenduaren 22an, Qatar Airways konpainiak Airbus-en lehen A350 XWB hegakina bereganatu zuen. Hegazkin berriak aeronautikaren eta material aurreratuen arloko azken diseinuak biltzen ditu, baita %53an konpositez eginda dagoen egitura, eta erregai-kontsumoa %25 murriztu eta gas-isurketak gutxitzea ahalbidetuko duen Rolls-Royce Trent XWB motor berri eta eraginkorra ere.

Hegan Euskadiko Aeronautika eta Espazioaren Klusterrari atxikitako 32 erakundek – Aciturri, Aernnova, Alestis eta ITP tier-1ak barne- parte-hartze aktiboa izan dute, urtarrilaren erdialdean Doha-ko (Qatar) eta Frankfurteko aireportuen artean joan-etorrian hasiko den Airbusen hegazkin berri honen garapenean. Proiektu honek euskal enpresen posizionamendua indartzen du, eta arriskuko bazkide bezala eta ingeniaritza, zerbitzu eta osagaien hornitzaile gisa lan-pakete handiak eskaintzeko gai direla frogatzen du.

Airbusek modelo berri honen 778 eskari jaso ditu guztira, horietako 80 Qatar Airways-ek kontratatutakoak. Oro har, Heganeko tier-1 enpresek, lau urtetan, A350 XWB proiektua garatzeko ingeniaritza-lanen eta industria-instalazioen abiaratze faseetan, 700 milioi euro inguruko inbertsioa egin dutela kalkulatu da.

Bestalde, hegazkinerako lan-pakete handi horiek 4.000 lanposturen sorrera eta 10.000 euro baino gehiagoko fakturazioa ekarriko dute programaren bizitza-ziklo osoan.

Era berean, trakzio-efektua eragingo diote industria laguntzaileari, izan ere, Hegani atxikitako erakundeen %75ek programa honetan lan egiten baitute, Airbuserako zuzen-zuzenean nahiz Estatuko edo atzerriko lehen mailako hornitzaileen bitartez.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow