CIC nanoGUNEk diagnostikatzeko tresnak garatuko ditu industria biomedikorako

2 December, 2015

Nanoteknologiaren arloan diharduen CIC nanoGUNE ikerketa kooperatiboko zentroak industria biomedikorako diagnostiko-tresna berriak garatzeaz arduratuko den nanoingeniaritzako ikerketa-talde berri bat aurkeztu du.

Aste honetan bertan aurkeztutako taldea Andreas Seifert Ikerbasqueko ikertzaileak zuzenduko du, eta oinarrizko nanozientzia nahiz mikrosistema biomedikoetan aplikatutako ingeniaritza konbinatuko ditu.

Talde berriaren helburua zientzia fisikoen eta aplikazio industrial eta klinikoen arteko zubiak eraikitzea da, eta nanoteknologiaren laguntzaz, balio erantsia gaineratu ahal izango die mikrosistema mediko eta gailu mesoskopiko berritzaileei.

“Bazkide klinikoen lankidetzaz, diagnostiko-tresna berriak garatu behar ditugu, bereziki gaixotasun kardiobaskularrak, minbizia eta gaixotasun neurodegeneratiboak bezalako hedapen handieneko gaixotasunetarako”, adierazi du Andreas Seifert-ek.

Ikertzaileak 15 urterik gorako esperientzia du optika eta ingeniaritza biomedikoan, eta sentsore inplantagarrien sistemetan, monitorizatutako zunda multimodal berritzaileetan eta inbasio txiki-txikiko kirurgiarako diagnostiko-tresnetan lan egin du. CIC nanoGUNEn zuzentzen duen taldeak esparru honetan ikertzen jarraituko du, aukera diagnostiko eta terapeutiko berriak zabaltzeko asmoz.

“Nanoteknologian oinarritutako mikrosistema berritzaile hauek aukera diagnostiko berriak irekiko dituzte; adibidez, ohiko jardunean arrisku kardiobaskular handia duten pazienteen epe luzeko eta etengabeko monitorizazioa, minbiziaren detekzio goiztiarra biopsia nekagarriak egin beharrik gabe, edota gorputzeko konduktu estuetako ehunen bereizketa”, gaineratu du Seifert-ek.

Nanoingeniaritzako taldea metrologia optikoko azken belaunaldiko laborategi bat eta materia solido eta bigunerako fabrikazio-zerbitzuak prestatzen ari da. Garatuko dituzten gailu eta método berrien berrikuntzak neurri nanometrikoetako (milímetro-milioiren bateko) egitura txiki-txikien inguruko mikroteknologia eta nanoteknologia izango ditu oinarri.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow