Ikerketa batek probak ezartzen ditu ur ekosistemetan nanomaterialen ebaluazio toxikologikoa egiteko

3 maiatza, 2016
Cristina Cerrillo.

Cristina Cerrilloren “Towards the standardization of nanoecotoxicity testing: Selection of environmentally relevant methods” (Nanoekotoxikotasun saiakuntzak estandarizatzeko ingurumenaren aldetik adierazgarriak diren metodoak hautatzea) tesiak industrian, ur ekosistemetan gero eta ugariagoak diren nanomaterialen ebaluazio toxikologikorako saiakuntza metodoak ezartzen ditu.

“Azken horiek nanomaterialak (material oso txikiak, 1 eta 100 nanometro artekoak (1 nm = 1.10-9 m) elikakateetan sartzeko eta transferitzeko bide garrantzitsuenetako bat dira, baina horien segurtasuna ebaluatzeko protokolo estandarizaturik ez dagoenez, ziurgabetasunak sortu dira, eta emaitza kontraesankorrak haien toxikotasunari buruz”, azaldu du Cerrillok. Kontuan izanik “nanoteknologia zer iraultza teknologikoa den” industriarentzat, eta aldi berean baliabide naturalak eta biodibertsitatea “funtsezko ondasunak direla bizitzak planetan irauteko”, tesiak gero eta garrantzi handiagoa duen gai bati egiten dio aurre.

Cristina Cerrillok Zabalduz programaren barruan egin du bere ikerlana. UPV/EHUk bultzatutako ekimen honek ikerketa proiektuak planteatu dizkie ezagutzan oinarritutako soluzioak behar dituzten arazo zehatzak helarazten dituzten enpresei, instituzioei eta erakunde sozialei, abian diren doktorego tesiak horietan kokatzeko.

Horrela, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle Gotzone Barandikak eta IK4-Teknikerreko ikertzaile Amaya Igartuak zuzendutako tesi hau Europako NANoREG proiektuaren barruan (Europar Batasuneko ikerketa eta garapen teknologikoko programa batean) garatu da, non IK4-Tekniker partaide den. “Nazioarteko mailan zenbait ekimen daude nanomaterialen ebaluazio toxikologikoa arautzeko edo horri buruzko legeak egiteko; eta proiektu honen helburua izan da legegileei erantzunak ematea nanomaterialen ingurumen eta segurtasun eta osasun alderdiei buruz, arautze premiak datuen eta saiakuntza metodoen ebaluazio zientifiko batekin lotuta”, azaldu du ikertzaileak.

Halaber, tesia prestatzean hiru Q1 artikulu sortu dira, hau da, aldizkari zientifiko garrantzitsuenetan Science of The Total Environment eta Environmental Toxicology and Chemistry bere tesiaren emaitzekin eta ondorioekin lotutako ikerketak argitaratzea lortu du.

Enpresa-Unibertsitatea

“Zabalduz programa eta antzekoak garatzea gakoa da gaur egun ehun sozioekonomikoan eskatutako berrikuntza eta lehiakortasun mailak lortzeko, eta besteak beste, Unibertsitatearen eta Euskal Herriko enpresen artean ezagutza transferitzeko bide ematen ari da”, adierazi du Cerrillok.

Izan ere, Zabalduz programak erakutsi nahi du doktoregoa duten pertsonak baliozkoak direla, unibertsitatearentzat ez ezik, enpresa eta erakunde sozialentzat ere. 2013an abian jarri zen Zabalduz programaren helburuak hauek dira: Doktore kopurua pixkanaka gehitzea; I+G+B ahalmena esparru guztietan handitzea, unibertsitatearen eta gizartearen artean ezagutzaren transferentzia erraztuta; enpresa eta gizarte ehunean lanpostu kalifikatuak sortzen laguntzea; gizartean doktorearen figuraren balorazioa hobetzea, ingurune produktibo eta sozialeko berrikuntza prozesuetako elementu gako gisa; eta unibertsitatearen eta ingurune produktibo eta sozialaren artean loturak indartzea eta sendotzea, elkar ezagutza hobetuta. Ezagutzan oinarritutako gizarte berritzaile baterako elementu gakoak.

Cristina Cerrillo

Arkitektura Teknikoa, Materialen Ingeniaritza eta ikerketa master bat ikasi zituen Extremadurako Unibertsitatean. Doktorea da Materialen Zientzia eta Teknologian UPV/EHUn. IK4-Teknikerren lan egiten jarraitzen du nanoekotoxikotasunaren arloan.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow