Prostatako minbizi-zelulen metabolismoa hertsiki lotuta dago metastasiaren garapenarekin

24 maiatza, 2016
Arkaitz Carracedo.

Zeluletako metabolismoaren erregulatzaile zentral bat, PGC1 alfa izenekoa, hertsiki loturik dago prostatako minbiziaren erasokortasunarekin. Ikerketa honek bide berri bat ireki du metastasia jasateko arrisku handiena duten pazienteak identifikatzeko. Arkaitz Carracedo doktoreak zuzendu du azterlana, zeina “Nature Cell Biology” aldizkarian argitaratu baita.

 

(Bilbo, 2016ko maiatzaren 23a). PGC1A erregulatzaile metabolikoa gene bat da, eta zuzeneko lotura  dauka prostatako minbizi-zelulen metabolismoarekin. Dirudienez, gene hori ez izatea da metastasia garatzeko arrazoietako bat, hala frogatu du, behintzat, Arkaitz Carracedok zuzentzen duen CIC bioGUNEko  lantaldeak.  Carracedo Biologiako doktorea da, eta horrez gain, Ikerbasque-ko ikerketako irakaslea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle laguntzailea. Prostatako minbizia munduko tumore ohikoenetako  bat da. Nahiz eta pronostikoa ona izaten den gehienetan, bada tratamenduari erantzuten ez dion paziente multzo bat, tratamenduaren ondoren minbizi metastatikoa jasan dezakeena. Metastasiak jasateko arriskua duten pazienteak identifikatzeko, lehenik eta behin, ezagutu egin behar da prostatako minbizi-zelulen metabolismoaren eta gaixotasunaren erasokortasunaren artean dagoen harremana. Carracedo doktoreak dioenez, “paziente multzo hori identifikatzea aurrerapen garrantzitsua da prostatako minbizia tratatzeko eraginkorragoak izango diren terapia pertsonalizatuak definitzeko”. Ikerketa hori arestian argitaratu da “Nature Cell Biology” aldizkarian, biologia zelularraren arloan nazioarteko ospe handia duten aldizkarietako batean.

 

Ikerketa honetan prostatako minbizi-zelulen metabolismoa ikertu dute, beren hedapen mekanismoei buruz informazio gehiago lortzeko

Minbizi-zelulak ez dira zelula arruntak bezala elikatzen, batez ere zelula gehiago sortzeko eta hazteko erabiltzen baitute beren metabolismoa. Ikerketa honetan prostatako minbizi-zelulen metabolismoa ikertu dute, beren hedapen mekanismoei buruz informazio gehiago lortzeko. Carracedo doktorearen lantaldeak hipotesi bat hartu zuen abiapuntutzat, alegia, badirela erregulatzaile “master” direlakoak, prostatako minbizi-zelulen metabolismoa zehazten dutenak. Horrelako hogei bat erregulatzaile sakon aztertu ondoren,  lantaldeak PGC1A identifikatu zuen hautagai onena bezala. Pazientetik pazientera sarri aldatzen zen, eta horrek erakutsi zien genea garrantzitsua zela. “Hala ere, saguetan eginiko azterketak eman zigun behin betiko proba: PGC1A genea desagerrarazten badugu, prostatako minbiziaren metastasia sortzen da, aldiz, zelula metastatikoetan gene horren dosia handituz gero, minbizia ez da hain erasokorra”, baieztatu du Carracedok. Ikerketa honen bidez CIC bioGUNEko lantaldeak frogatu du PGC1A faktoreak etengailu funtzioa betetzen duela eta minbizi horren zelula hazkundearekin lotutako metabolismoa itzaltzen duela. Emaitzek erakutsi dutenez, PGC1A genearen jardueran oinarritutako sinadura genetiko bat gai da bereizteko prostatako minbizi erasokorra jasateko arrisku handia eta txikia duten pazienteak. Carracedo doktoreak dioenez, “emaitza horiek beste bultzada bat eman digute sinadura hori pazientearen onurarako bio-markagailu bihurtzeko, eta horretantxe hasi gara”.

 

Azterlan honek erakutsi du zein garrantzitsua den minbizi bakoitzaren ezaugarri molekularrak deskubritzea tratamendu pertsonalizatua eman ahal izateko. Zehaztasunezko Medikuntza deitu zaio estrategia horri. Zehaztasunezko medikuntza Europako espezializazio adimenduneko estrategiaren (RIS3) barruan dago, berau delarik datozen urteetarako ikerketa ekintzen ildo nagusia. Arkaitz Carracedok azaldu duenez, “izen-abizenak jarri behar dizkiogu minbizi mota bakoitzari, hau da, beren NANa eman behar diegu, bakoitzaren ahuluneak zein diren jakiteko”. “Gainera, azterlan honetan prostatako tumore erasokorrek behar dituzten baldintza metabolikoak identifikatu ditugu, eta horrek aukera emango digu nola eraso behar diegun pentsatzeko”, esan du biologoak amaitzeko.

 

CIC bioGUNEko taldea lankidetza estuan aritu da Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Urologia Zerbitzuarekin

CIC bioGUNEko taldea lankidetza estuan aritu da Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Urologia Zerbitzuarekin (Miguel Unda doktoreak zuzendua) eta Ikerketarako Euskal Bio-bankuarekin (BIOEF), datu-base publikoetatik eskuratutako datuak prostatako minbizia duten ehun laginetan berresteko. “Frogatu dugu PGC1A geneak paper garrantzitsua duela prostatako minbizi erasokorretan; hurrengo urratsa da gene hori ez duten zelulen aurka eraginkorragoak izango diren farmakoak identifikatzea”, azaldu du Carracedok.

 

Ikerketaren arduradunaren esanetan, ikerketa bio-medikoa “talde-lanean oinarritzen da, eta ezinbestekoa da diziplina desberdinetako ikerlariekin kolaboratzea”. Verónica Torrano doktorea eta Lorea Valcárcel aurre-doktoretza ikerlaria izan dira Carracedoren taldeko parte-hartzaile garrantzitsuenak. Horiez gain, CIC bioGUNEk aditu gehiagoren laguntza ere izan du ikerketa burutzeko, hala nola, Roger Gomis doktorea, Ikerketa Bio-medikorako ICREA Institutuko ikerlaria (IRB Barcelona) eta esparru honetan aditua, eta Jason Locasale doktorea, Duke unibertsitateko (Estatu Batuak) Minbiziaren Biologia saileko irakaslea.

 

CIC bioGUNE, abangoardiako ikerketa biologia zelularraren arloan

CIC bioGUNEk, Bio-zientzien Ikerketa Kooperatiborako Zentroak, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean du egoitza, eta abangoardiako ikerketa bio-medikoa garatzen du egiturazko biologiaren, biologia molekularraren eta biologia zelularraren arteko interfazean. Helburu nagusitzat du gaixotasunen oinarri molekularrei buruzko ezagutza sortzea, ezagutza horren bidez diagnostiko metodo berriak eta terapia aurreratuak sortu ahal izateko.

 

 

 

Ikerketa Bio-medikoko Institutua (IRB Barcelona)

IRB Barcelona zentroa Severo Ochoa Bikaintasun Zentro bihurtu zen 2011n eta 2015eko urrian berriztatu egin zuen zigilu hori. Kataluniako Generalitateak 2005ean sortu zuen 22 laborategirekin eta zazpi plataforma teknologikorekin, zeintzuek oinarrizko zientzia eta zientzia aplikatua lantzen baitituzte inpaktu sozio-ekonomikoa duten arazo bio-medikoak konpontzeko. Nazioarteko zentroa bat da, 36 herrialdetako 400 langiletik gora dituena. Bere azken helburua da emaitzak klinikara eramatea, eta hiru enpresa bio-teknologiko sortu ditu jada. Bartzelonako Zientzia Parkean kokatuta dago eta Barcelona Institute of Science and Tecnology (BIST) erakundeko partaide da.

 

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow