SPRIk Europako klusterrak bultzatzeko ekimen bat zuzenduko du

16 maiatza, 2016
Ezkerrean, Alexander Arriola SPRI Taldeko zuzendaria eta Arantxa Tapia sailburua, Cluster Day osapakizunean.

Ekainaren 1ean ekitaldi bat egingo da Barakaldoko BEC zentroan, non Europako hainbat eskualdetako adituek parte hartuko duten.

Ekitaldi horretan eztabaida-gai izango dituzte klusterren egoera, eskualde bakoitzak bizi duen momentua edota Euskadiko RIS3 espezializazio adimenduneko estrategia.

 

SPRI Taldeak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak, Europa mailako jardunaldi bat zuzenduko du ekainaren 1ean Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre (BEC) zentroan, Europako hainbat eskualdetako klusterrak bultzatzeko.  Euskadiz gain, Erresuma Batuak, Hungariak, Poloniak, Italiak, Letoniak eta Austriak parte hartuko dute, eta baita ere TCI – Competitiveness Institute erakundeak  (Kluster arloko antolakunde eta profesionalen sare globalak.

 

SPRIk eta Tecnaliak antolatutako ekainaren 1eko jardunaldi hori irekia izango da, baina aurreko egunetan bilera pribatuak egingo dira, bertatik bertara eztabaidatzeko klusterren egoera, eskualde bakoitzak bizi duen momentua, edota Euskadiko RIS3 espezializazio adimenduneko estrategia. 2014an Eusko Jaurlaritzak SPRIren esku utzi zuen kluster politika babesteko, berrikusteko eta eguneratzeko programaren kudeaketa.  2015eko udazkenean hasitako gogoetaren emaitza gisa, aurten araudi berri bat sartuko da indarrean.

 

Ekaineko ekitaldian jardunbide egokiak identifikatuko dituzte, eta lurralde bakoitzeko politika eta instrumentuei egokitu eta haietan aplikatuko dituzte

Azken 20 urteotan Euskadiko kluster elkarteek lan oso garrantzitsua egin dute ETEen eta eragile teknologikoen arteko lankidetza ahalbidetzeko beren balio-kate osoan zehar. Azkenaldian hainbat ekimen jarri dira martxan mundu osoan, eta bereziki Europan, Europako Batzordeak gero eta interes handiagoa azaldu baitu Europako klusterren potentzialtasunak bultzatzeko eta garatzeko. Halaber, abian jarri dira baita ere klusterren kudeaketaren bikaintasuna eta nazioartekotzea sustatzeko ekimenak.

 

Ekaineko ekitaldian jardunbide egokiak identifikatuko dituzte, eta lurralde bakoitzeko politika eta instrumentuei egokitu eta haietan aplikatuko dituzte. Asmoa da kluster estrategiak, politikak eta ekimenak lantzea enpresen lehiakortasuna garatzeko lankidetzaren bidez; aztergai izango dute baita ere kluster elkarteen estrategia eta kudeaketa eta nola bat egin duten klusterrek RIS3 estrategiarekin.

 

Ekainaren 1eko jardunaldian Eusko Jaurlaritzako eta TCIko ordezkariak bilduko dira, bertaratutako eskualdeetako adituekin batera. Ekitaldiak balio handiko nazioarteko erreferentzia bihurtuko du Euskadi, aukera emango diolarik lehen eskutik ezagutzeko kluster politiken arloko esperientzia eta praktikak. Eta, batik bat, aukera izango du bertatik bertara aztertzeko RIS3 espezializazio adimenduneko estrategiek ekarriko dituzten erronka berriak.

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow