Hezkuntza Saikal eta Stratasys empresa estatubatuarrak akorkioa izenpetu dute, 3D inpresioko formazioaren eremuan

15 September, 2017
Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailburuordea, eta Stratasys enpresako Ido Eylon, Donostiako Kursaalen, hor ari baitira burutzen Lanbide Heziketaren Nazioarteko Jardunaldiak.

Akordio honen bidez, Euskadiko Lanbide Heziketa Estatu Batuetako enpresaren formatzaile akreditatu bihurtu da. 3D inprimagailuen fabrikazioan liderra da egun enpresa hori

Egun, enpresa horrek 3D inprimagailu profesionalen %60 inguru saltzen du mundu zabalean. 2016ko apirilean Uriarte sailburuak Minnesotara egindako bidaiaren ondorio gisa iritsi da akordioa

 

Donostiako Kursaal Jauregian egunotan burutzen ari diren Lanbide Heziketaren Nazioarteko Jardunaldien baitan, lankidetzarako akordioa sinatu dute Jorge Arevalo Lanbide Heziketarako sailburuordeak eta jardunaldiotan parte hartzen ari diren Stratasys enpresako ordezkariek. Akordio honen bidez, Euskadiko Lanbide Heziketak 3D inpresioaren arloan emango duen prestakuntzak Estatu Batuetako Stratasys enpresaren akreditazioa izango du.

 

Stratasys-ek du egun 3D inprimagailu profesionalen lidergoa munduan, eta makineria profesional horren %60 inguru beronek saltzen du mundu zabaleko merkatuetan. Akordio honek izango duen ondoriorik nagusiena honako hau da: Euskadiko Lanbide Heziketak, Tknika – Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako EAEko Zentroaren bidez, 3D inpresioaren erabileraz eta aplikazioez formazioa eskainiko duela, eta prestakuntza hori jasotzen duten ikasle eta profesionalei mundu zabalean entzutea duen fabrikatzailearen ziurtagiri ofiziala emango diela.

 

Berritasun hau garrantzi berezikoa da ikasle eta profesionalentzat ez ezik, baita Euskadiko produkzio-ehuna osatzen duten enpresentzat ere. Batetik, 3D inpresio profesionalaren inguruko formazio hau jaso eta fabrikatzailearen beraren ziurtagiri ofiziala eskuratzen duten ikasle nahiz profesionalek, enplegagarritasunean hobekuntza nabarmena ikusiko dute: gero eta eskaera gehiago duen arloan lan-aukerak agertuko baitzaizkie, eta enpresetan presentzia handia duten inprimagailu hauen inguruko berariazko ezagutza egiaztatu ahal izango baitute. Aldi berean, arlo horretan lanean hasteko edo hasi berri diren euskal enpresek ongi kualifikatutako langileak aurkituko dituzte.

 

Baina lankidetzarako akordio honek Euskadiko Lanbide Heziketaren nazioarteko ospearen mesederako ere eragingo du. Izan ere, urtero ehunka ikasle atzerritar etortzen baitira Euskadiko Lanbide Heziketa ikastetxeetara berariazko ikastaroak egin eta euren trebakuntza osatzera. Ikasle horiek ere mundu mailako aitormena duen ziurtagiria jasoko dute, nazioartean euskal Lanbide Heziketaren eskaintza erakargarriago eginez eta sendotuz.

 

Egun, Tknika – Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako EAEko Zentroa formazio-katalogoa garatzeko lanetan ari da Stratasys-ekin eta Alemania, Erresuma Batua, Israel eta Estatu Batuetako beste eragile batzuekin batera. Izan ere, herrialde horietan ere abian jarriko baita ziurtagiri eredu hau.

 

Lehen urratsak Minnesotan

Akordio honen sinadura Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak 2016ko apirilean Minnesotara (Estatu Batuetara) egin zuten bidaian hasi zen itxura hartzen. Minnesotan egoitza duen Stratasys enpresako ordezkariekin orduko hartan izan zituzten lehen harremanen emaitza, egunotan Donostian burutzen ari diren Lanbide Heziketaren Nazioarteko Jardunaldietan gauzatu da orain akordioa. Hain zuzen ere, jardunaldi horien baitan eman du hitzaldia Stratasys enpresako Hezkuntza eta Formazio gaietako arduradun Ido Eylon-ek. 3D inpresioaz eta eransketa bidezko fabrikazioaz aritu da Eylon.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow