Grapheneak Bartzelonako Mobile World Congress ekitaldian aurkeztu ditu bere azken berrikuntzak

29 otsaila, 2016
Grafenoko prototipoa.

 

 

Grapheneak Bartzelonako Mobile World Congress ekitaldian aurkeztu ditu grafenoan oinarritutako teknologia arloko bere azken nobedadeak. Grapeheneak ekoitzitako materialez fabrikatutako prototipoen artean aipatzekoak dira argiztapen baxuko kamerak, osasun arloko sentsoreak eta pantaila eta bateria malguak.

 

Mobile World Congress (MWC) mugikorren sektoreko erakusketa handiena da, eta bertan parte hartzen dute mundu osoko operatzaile mugikorretako, dispositibo fabrikatzaileetako nahiz teknologia hornitzaileetako exekutibo garrantzitsuenek.

 

Graphenea presente dago MWC ekitaldian Graphene Flagship partzuergoaren pabilioiaren bidez. Graphene Flagship Europar Batasunak finantzatutako partzuergo bat da, 23 herrialdetako 142 antolakunde biltzen dituena, besteak beste, Graphenea eta Repsol, eta helburutzat duena grafenoan oinarritutako teknologia garatzea. 1.000 milioi euroko aurrekontua du eta 10 urteko iraupena.

 

Beste egun trinko baten ostean, hauxe adierazi zuen Iñigo Charolak, Negozioen Garapen saileko zuzendariak: “Oso positiboa da mugikorren teknologiako enpresa liderretako exekutiboek gure materialen aldera adierazi duten interesa. Laborategiko prototipoak frogatu ondoren, hurrengo urratsa da produkzioa industrializatzea industriarekin bateragarriak diren prozesuetan”. Aurkeztuko prototipoak fabrikatzeko Grapheneak eta Graphene Flagship partzuergoko beste bazkide batzuek (ICFO eta ICN2, esaterako) ekoitzitako grafenoa erabili da.

 

Grapheneak ekoizpen-teknologia oso lehiakorra garatu du, eskalagarria eta ingurumenarekiko sostengarria; goi-mailako kalitateko grafenoa ekoizten du film formatuan (lurrun faseko jalkitze kimikoko teknologia erabiliz) eta hauts formatuan (esfoliazio kimikoko teknologia erabiliz). Gaur egun, Grapheneak 40 herrialdetara esportatzen ditu bere produktuak, eta Nokia, Intel eta Sigma-Aldrich bezalako multinazional handien hornitzailea da.

 

Grafenoa karbonozko atomo geruza bakarrez eginiko nano-material berri bat da, propietate optiko, elektriko, termiko eta mekaniko harrigarriak dituena. Hori dela eta, sarri erabiltzen da energia biltegiratu eta sortzeko teknologia disruptibo berrien garapenean. Esparru horretan zehazki, Graphenea enpresaren produktuak erabiltzen dira, esaterako, bateriak, super-kondentsagailuak, eguzki zelulak eta tenperatura kudeatzeko dispositiboak garatzeko.

 

Gaur egun, grafenoa ikerketan eta garapenean erabiltzen da batez ere. Grafenoaren merkatua 12 milioi € ingurukoa izan zen 2015ean, eta Graphenearen merkatu kuota %10etik gorakoa da.

 

Graphenea

 

2010ean sortua, Graphenea aitzindaria da grafenoaren produkzioan. 15 laguneko plantilla eta sona handiko aholkularitza batzorde zientifiko baten babesa duela, liderra da grafenoaren produkzioan merkatu kuotaren arabera. I+G-ko zentro bat eta fabrika pilotu bat ditu Donostian, eta bulego komertzial bat Bostonen. Azken urteotan jabetza intelektual oparoa sortu du, grafenoaren inguruan egin dituen lan eta ikerketa ugariei esker, eta hori lagungarri izan zaio lidergo teknologikoari eusteko nazioartean. Posizionamendu horrek aukera eman dio, besteak beste, Europar Batasunaren 1.000 milioi euroko inbertsioa duen Graphene Flagship partzuergoko bazkide eta hornitzaile izateko.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow