Eusko Jaurlaritzak uste du klusterrak “funtsezkoak” direla lurraldearen eta ekonomiaren garapenerako

26 October, 2017

Industriako sailburuorde Javier Zarraonandiak Basque Cluster Day ekimenaren -SPRI taldeak eta Orkestrak antolatua- hirugarren edizioan esan du Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu duela “kluster politika modernizatu eta hobetzeko”.

Henar Alcaldek, hau ere Orkestrakoa, nabarmendu du aldaketak gertatzen ari direla enpresa kulturan, negozioa gero eta gehiago ikusten delako premia sozialei erantzuteko modu bat bezala.

Euskadi, bestalde, nazioarteko ekintza batean parte hartzen ari da Europako Batzordearen Interreg Europe ekimenak kofinantzatutako Europe Cluster S3 proiektuaren bidez.

 

Industria Sailburuordetzan eta SPRIn sinetsirik gaude klusterrak funtsezko elementuak direla lurraldeko garapena bultzatzeko eta ekonomi eraldaketa sustatzeko”, esan du ostegun honetan Eusko Jaurlaritzako Industriako sailburuorde Javier Zarraonandiak Basque Cluster Day ekimenaren inaugurazioan. Klusterrak sustatzeko asmoz abiatutako ekimen hori Eusko Jaurlaritzak antolatzen du SPRI Taldearen (Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren) bitartez, eta  Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak ere hartzen du parte bertan.

 

Euskadi, bestalde, nazioarteko ekintza batean parte hartzen ari da Europako Batzordearen Interreg Europe ekimenak kofinantzatutako Europe Cluster s3 proiektuaren bidez.

 

Mukuru betetako areto batean ireki du Zarraonandiak jardunaldia Bilbon, eta bere hitzaldian hizpide hartu du klusterren papera. Mahai-inguru bat ere egin da aztertzeko enpresa-elkarte horiek garapen sozialean, ez bakarrik ekonomikoan, daukaten zeregina.

 

Basque Cluster Day ekimenaren hirugarren edizioan, Eusko Jaurlaritzak adierazi du urteroko gogoeta bat egin behar dela klusterren dinamismoa bultzatzeko lankidetzaren bidez lehiakortasuna hobetzeko duten zeregin horretan, eta Industriako sailburuordeak esan du ikerlanen arabera klusterretan dauden enpresek emaitza hobeak dituztela fakturazioan, esportazioetan, berrikuntzan eta enpleguan. “Halere, zuen lana ez da batere erraza. Zeren klusterreko enpresa bazkideen oinarria handitzea, batez ere ETEena, eta lankidetza dinamiketan inplikatzea, eguneroko erronka bat da zuentzat”.

 

Lurraldearen garapenerako eta eraldaketa ekonomikorako palanka bezala, Zarraonandiak gogoratu du garrantzitsua dela klusterren elkarte dinamizatzaileek “paper aktiboa izatea Euskadiko espezializazio adimendunaren estrategiarekin zerikusia duten gauza guztietan. Enpresekin lan eginez, batez ere enpresa txikiekin, beren nazioartekotzea sustatuz eta enpresek RIS3 estrategian duten partaidetza bultzatuz, eta baita ere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Sarearekiko lankidetza eta transferentzia sustatuz.

 

Sailburuordeak esan du Eusko Jaurlaritzak urtean 66 milioi euro bideratzen dituela industria-sarearen eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Sarearen  I+G-ko proiektuetan laguntzeko. “Eta nahiz eta badagoen elkarlan bat Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Sarearen eta klusterren artean, sinetsita gaude ahalegin handiagoa egin behar dugula elkarlan hori indartzeko”. Zarraonandiak esan du Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu duela “kluster politika modernizatu eta hobetzeko. Lanean ari gara Administrazio arloa sinplifikatzeko eta Jaurlaritzako beste tresna eta politika batzuekiko integrazioa eta koordinazioa lantzeko”.

 

Mahai ingurua

Orkestrako James Wilson-ek esan du klusterrak funtsezko loturak direla “enpresen eta lurraldearen lehiakortasunean. Horrexek indartu du klusterren kontzeptua”. Baina azpimarratu du “badutela baita ere ardatz sozial indartsu bat, politikak behar adina baloratzen ez duena. Aukera handi baten aurrean gaude”. Henar Alcaldek, hau ere Orkestrakoa, esan du aldaketak gertatzen ari direla enpresa kulturan, negozioa gero eta gehiago ikusten delako premia sozialei erantzuteko modu bat bezala. “Arlo soziala jada ez da huskeria bat, baizik eta pastel osoaren osagai garrantzitsu bat”.

 

Mari Jose Aranguren orkestrako zuzendariak moderatutako mahai-inguruan hizpide hartu dira erronka sozialen zeregina lehiakortasun palanka gisa eta klusterren papera, eta Aclima klusterreko Kristina Apiñanizek esan du zoritxarrez oraindik badirela hesi kulturalak. “Enpresa batzuek oraindik uste dute  erronka sozialak eta ingurumen arlokoak bigarren mailako erronkak direla. Eta mesfidantzaz begiratzen diete onura ekonomiko eta soziala barneratuta duten enpresei, irudi-operazio bat balitz bezala”.

 

Tecnaliako Fernando Espigak esan du bere ustez erronka sozialek bi hesi dituztela: “epe-laburkeria eta desberdinen arteko lankidetzaren ikuspegi naif bat, praktika eta ikaskuntza handia eskatzen dituena”. Nagusien zaintzan diharduen GSSI Taldeko Itziar Alvarezek esan duenez, erronka bat da “zaintzak digitalizatzea, baina horretarako zaintzaileak digitalizatu beharra dago”.  EHLABEko (Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartea) Txema Francok esan du lan merkatuan kualifikazio gutxien duten pertsonei 4.0 Industriaren inpaktua aurreratu behar zaiela. “Badugu ekosistema bat, baina lagundu egin behar zaio ondo funtzionatzeko”.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow