Euskal bioeskualdeak aurten ere parte hartuko du Bio International Convention ekitaldian  

1 ekaina, 2016
SPRIko ordezkariak Biochicagon.

Ekainaren 6tik 9ra, bioteknologia sektoreko zazpi euskal enpresa joango dira San Frantziskora, sektore industrial horretako ekitaldi garrantzitsuenera.

 

Datorren asteko ekainaren 6tik 9ra, Bioteknologia sektoreko zazpi enpresak BIO International Convention 2016 ekitaldian parte hartuko dute. Bioteknologiaren industriako topaketa garrantzitsuena da, eta San Frantziskon egingo da, Kalifornian. Euskal enpresek SPRIk (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresaritza agentziak) antolatutako ordezkaritzaren eta stand-aren barruan parte hartuko dute.

 

BIO International Convention 2016 azokak 1.700dik gora erakusle elkartuko ditu, besteak beste, bioteknologiaren sektoreko konpainia liderrak, munduko enpresa farmazeutiko garrantzitsuenak eta 300dik gora erakunde, esaterako instituzio akademikoak, ikerketa zentroak eta gobernu agentziak.

 

Aurreko edizioetan bezala, euskal ordezkaritza ICEXek antolatutako pabilioian kokatuko da, eta pabilioiak hiru eremu izango ditu: horietako bik Euskadiko (Biobasque) eta Kataluniako (Biocat) bioeskualdeak ordezkatuko dituzte, eta hirugarrenean (SpainBio) beste zonalde batzuetako enpresak egongo dira, eta baita ere Estatu mailako erakundeak.

 

Biobasque bioeskualdea gainera, hitzaldi ofizialeko programaren “Global Innovation Hubs” atalean parte hartzeko hautatua izan da, non Euskal Herriko biozientzia/osasunarekiko apostua eta gaur egungo garapena aurkeztuko diren.
 

Hona hemen, ekitaldi garrantzitsu horretan parte hartuko duten euskal enpresak: Artinvet, BBD Biophenix – Biobide, Geroa Diagnostics, Histocell, Innoprot, Oncomatryx eta Stemtek Therapeutics. SPRI taldearen ordezkaritzaren barruan egongo dira Enterprise Europe Network (EEN) sarea eta Araba, Bizkaia nahiz Gipuzkoako BIC haztegiak. EENek, Europako ETEei laguntzeko tresna garrantzitsuenetako batek,  Europa osoko ia 600 erakunde biltzen ditu, eta  horietako baten barruan dago SPRI, Basque ENN Partzuergoaren barruan hain zuzen.

Partzuergo horren barruan daude baita ere Bilbo, Gipuzkoa eta Arabako Merkataritza Ganberak, Innobasque eta Beaz. Bestalde, BiCak, lehen EBZ (Enpresa eta Berrikuntza Zentroak) deitzen zirenak, ekintzaileei eta enpresei laguntzeko zerbitzuak dira, eta helburutzat daukate enpresa ekimen berritzaileak edota oinarri teknologikodunak sustatzea, garatu daitezen.

 

Euskadin 70 konpainiak baino gehiagok lan egiten dute  bioteknologiaren sektorean eta ikerketan jarduten duten hogei bat erakunde daude: unibertsitateak, ikerketa zentroak, teknologi zentroak eta ospitaleak. Sektore horrek, euskal ekonomiaren barruan gero eta garrantzi handiagoa duenak, 2.000 lagunetik gora enplegatzen ditu eta 304 milioi euro inguruko fakturazioa du urtean. Eusko Jaurlaritzak lehentasunezko esparru gisa identifikatu du RIS3-espezializazio adimenduneko estrategiaren barruan.

 

Bioteknologiako hogeita hamar enpresa inguruk osatzen dute Basque Biocluster erakundea. Erakunde hori 2010eko urrian sortu zen helburutzat harturik, batetik, administrazio publikoekin eta biozientzien esparruko beste erakunde batzuekin batera enpresa bazkideen interesak koordinatzea eta defendatzea eta, bestetik, garatzen, hazten eta nazioartekotzen laguntzea bazkideei eta EAEko biozientzien sektoreari.

 

Hitzordu agenda

BIO International Convention topaketaren egitarau zabalak hainbat ekintza barne hartzen ditu, hala nola: networking saioak, enpresen aurkezpenak, erakusketa gunea -munduko handiena sektore honetan espezializatutako ekitaldien artean- eta hainbat hitzaldi bioteknologia arloko joerei eta berrikuntza teknologiko guztiei buruz.

 

Topaketa honen arrakastaren gakoetako bat da parte-hartzaileek aukera paregabea dutela partnering sistema erabiltzeko, izan ere euskal enpresek 150 bilera baino gehiago egingo dituzte bio-teknologiaren munduko eragile nagusiekin kolaborazioak bilatzeko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow