Euskadiko kluster eta enpresa-elkarteetan hazi egin da negozioa eta enplegua 2016an, eta hobetzea espero da 2017an

24 March, 2017

Arantxa Tapia sailburua, bere ekipoko ardunarekin eta SPRI Taldeko zuzendaria Alexander Arriolarekin.

Industria Abagunearen Behatokiak bere urteroko txostenean berretsi ditu Euskadiko 17 elkarte eta klusterren hobekuntza aurreikuspenak. Kluster eta elkarte guztiek aurreikusten dute mantendu edo handitu egingo direla beren fakturazioa, eskaerak, lanpostuak, esportazioak eta I+G+B-ren erabilera.

Jarduera industrialaren hazkundea sektore hauetan eman da batik bat: bio-osasuna, automobilgintza, elikadura, energia eta fabrikazioko teknologia aurreratuak. Sektore horietako enpresen %80-%100ek aurreikusten dute beren jarduera hobetzea. Behatokiak egiaztatu du Euskadiko BPGak %3,1eko hazkundea izan zuela iaz eta, bestalde, jakinarazi du Produkzio Indizea %2,3 hazi zela, igoera erregistratu duelarik hirugarren urtez jarraian.

Industria Abagunearen Behatokiak, Euskadiko enpresa-elkarteen eta klusterren urteroko erradiografia egiten duenak, bere azken txostenean baieztatu du euskal ekonomiak hobera egin duela. Aztertutako 17 erakundeetatik gehienek lortu zuten beren eskaerak, fakturazioa eta enplegua handitzea iazko azken seihilekoan. Aurten, denek espero dute mantendu edo handitu egingo direla beren fakturazioa, eskaera, lanpostuak, esportazioak eta I+G+B-ren erabilera.

 

Jarduera industrialaren hazkundea sektore hauetan eman da batik bat: bio-osasuna, automobilgintza, elikadura, energia eta fabrikazioko teknologia aurreratuak. Sektore horietako enpresen %80-%100ek aurreikusten dute beren jarduera hobetzea. Industria Abagunearen Behatokia Bilbon elkartu da ostiral honetan Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburua, buru izan duen bilera batean, datuak aztertzeko eta etorkizuneko perspektibak azaltzeko.

 

Txostenak zenbait sektoreren egoera azpimarratu du, hala nola automozioarena, bio-osasunarena eta burdinbideetako ekipoena; arlo horietako enpresen %80-%100ek adierazi dute beren egoera hobetu egin zela 2015eko azken seihilekoan. Gainera, beste sektore batzuetan ere (elikadura, eduki digitalak, energia, habitata, ingurumena, siderurgia, fabrikazioko teknologia aurreratua, EIKTak eta garraioa, mugikortasuna eta logistika), enpresen %60k adierazi dute jarduera handitu dutela azken sei hilabeteetan.

 

Aurtengo aurreikuspenei dagokienez, jarduera hobetzea espero dute bio-osasun sektoreko enpresa guztiek eta automozio, elikadura, energia eta EIKT sektoreko enpresen %80k. Aztertutako 17 enpresa-elkarte eta klusterretako batek ere ez du aurreikusi jarduera txikiagoa izango duenik. Behatokiak egiaztatu du Euskadiko BPGa %3,1 hazi zela iaz, 2015ean baino bi dezima gehiago eta 2014an baino bi aldiz gehiago. Datu hori positiboa izan zen hiru lurraldeetan: Araban %3,3 hazi zen, Bizkaian %3,1 eta Gipuzkoan %3. 2016an lortutako hazkundeari esker, posible izan da krisia baino lehenagoko BPG mailara itzultzea, nahiz eta zortzi urte behar izan diren horretarako.

 

Gogoan hartu behar da Eusko Jaurlaritzak gorantz berrikusi dituela hazkunde aurreikuspenak, euskal ekonomiaren koadro makroekonomikoa eguneratu duela 2017rako, bi dezimako goranzko berrikuspenarekin (2,5), eta 2018. urterako datuen kalkulu bat egin duela (%2,2).

 

Produkzio Industrialeko Indizea %2,3 hazi zen, eta hortaz, hiru urte daramatza hazten. Gainera, Gizarte Segurantzako afiliazioek 2007tik izandako batez besteko hazkunde handiena lortu zuten 2016an, %2koa hain zuzen, eta hala, hazkundea erregistratu da hiru urtez jarraian. Industria sektorean bost hiruhiletan jarraian hazi dira Gizarte Segurantzako afiliazioak. Era berean, enpresen konfiantzaren indizeak %1,1 egin du gorantz 2017ko lehen hiruhilekoan, 2015eko azken hiru hilabeteekin alderatuta, eta 130,9an kokatu da.

 

Datuak sektoreka:

Aeronautika: Hegan elkarteak, 45 konpainia biltzen dituenak eta konpainia horien bidez 2016an 4.225 euskal langile enplegatu zituenak, 906 milioi euro fakturatu zituen aurreko ekitaldian, %1 hazi zelarik 2015arekin alderatuta. Aurten esportazioak fakturazioaren proportzio berean haziko dira, besteak beste, aeronautika sektoreko enpresak 4.0 industriari egokitu zaizkiolako. %5eko hazkundea aurreikusten da, eta sektorearen egoera ona da, nahiz eta beharrezkotzat jotzen den prest egotea lehiakortasunari eusteko.

 

Elikadura: Elikadura klusterrak 5.234 lagun enplegatzen dituen 72 enpresa biltzen ditu, eta 1.639 milioi euroko fakturazioa izan du. Aurreko urteetan sektorea asko ahuldu bazen ere, azken seihilekoan fakturazioa mantendu egin zen, eta hobetu egin ziren esportazioak, enplegua eta enpresa sorkuntza, eta I+G+B arloa. Aurten parametro guztiak handitzea espero da, hasi negoziotik eta lanpostuetaraino.

 

Automobilgintzaren sektorea: Acicae klusterrean 24.102 lagun enplegatzen dituzten 120 enpresa biltzen dira eta 2016an 14.800 milioi euroko fakturazioa izan dute. Aurreikuspenen arabera, aurten ere goranzko joerari eutsiko dio, hobekuntzak espero direlarik eskaeretan, esportazioetan, enplegu eta enpresa sorkuntzan eta I+G+B arloan.

 

Bio-osasuna: Basque Health Cluster klusterrak 1.611 lagun enplegatzen dituzten 32 enpresa biltzen ditu eta 361 milioi euroko fakturazioa izan du. Iazko parametro guztiak hobetu ditu, eta aurreikuspen onak ditu 2017rako, hazi egingo direlarik fakturazioa, eskaerak, esportazioak eta enplegua. Goranzko joera are hobea da esportatzen duten enpresetan. Oso sektore intentsiboa da I+G-n, eta bere lehiakortasuna horrexen menpe dago.

 

Eraikuntza: Eraikune klusterrak 5.500 lagun enplegatzen dituzten 61 enpresa biltzen ditu, baina sektorean 22.600dik gora enpresa eta 63.000tik gora lanpostu daude. Krisiaren eragina bortizkien jasan duen sektoreetako bat izan da, baina iaz hobetu egin zituen eskaerak eta fakturazioa. Aurtengo ekitaldirako espero da %3 igoko direla eskaerak eta fakturazioa hobetuko dela. Aipatzekoa da hazten ari dela klusterreko enpresen esportazio eta nazioartekotze jarduera.

 

Eduki digitalak: Eiken klusterrean 126 enpresa biltzen dira eta 2016an 792 milioi euroko fakturazioa izan dute. Sektore honek ere gogor jasan zuen krisiaren eragina, baina iaz %4 hazi zen bere fakturazioa. Aurtengo ekitaldirako espero da negozioa %1 haziko dela.

 

Energia: Energia klusterrak 13.348 lagun enplegatzen dituzten 352 enpresa biltzen ditu eta ia 44.000 milioi euroko fakturazioa izan dute. Iaz hobetu egin ziren eskaerak eta enplegua, eta mantendu egin ziren fakturazio eta esportazio arloetako datuak. Aurtengo ekitaldirako aurreikuspenen arabera, parametro guztiak hobetuko dira, Estatuan gorantz egingo duelako berriztagarrien merkatuak.

 

Burdinbide ekipoak: Mafex elkarteak 11.700 enplegatu eta 1.800 milioi euroko fakturazioa duten 34 enpresa biltzen ditu. Iaz jarduera hazi eta enplegua %5 handitu ondoren, sektoreak aurten ere jarduera mantentzea espero du, eta enpresen kanpo-ekintza funtsezkoa izango da horretarako.

 

Galdaketa: Elkarte honetara biltzen dira 7.188 lagun enplegatzen dituzten 55 enpresa, eta 1.206 milioi fakturatu ditu 2016an. Iazko ekitaldian jarduera mantendu egin zen, eta aurten espero da fakturazioa, enplegua eta enpresa kopurua hobetzea.

 

Habitata eta Contract: HABIC klusterrean 5.585 langile enplegatzen dituzten 115 enpresa biltzen dira eta 1.320 milioi euroko fakturazioa izan dute. Fakturazioa %3 hazi zen iaz, eta aurreikuspenak onak dira 2017rako, espero baita negozioa %2-3 haziko dela. Enpresek I+G-ko inbertsioa mantendu dute, eta baita apur bat handitu ere.

 

Itsas industria: Euskadiko Itsas Foroa klusterrean 12.720 lagun enplegatzen dituzten 238 enpresa biltzen dira eta 2.645 milioi euroko fakturazioa izan zuten 2016an. Nahiz eta esportazioek eta enpleguak okerrera egin iaz, fakturazioa mantendu egin da eta aurten eskaerak eta negozio zifra hobetzea espero da. Esportazioek funtsezkoak izaten jarraitzen dute, fakturazioaren %65 suposatzen baitute, baina sektoreak moteltze-fasea bizi du une honetan.

 

Ingurumena: Aclima klusterrean 4.700 lagun enplegatzen dituzten 90 enpresa daude eta 1.818 milioi euroko fakturazioa izan dute. Fakturazioa, esportazioak eta I+G hobetu zituen iaz, eta ekitaldi honetan jarduera mantenduko duela aurreikusten da. Azpimarratzekoa da atzerriko fakturazioak hazten jarraitzen duela.

 

Papera: 2.190 lagun enplegatzen dituzten 33 enpresa biltzen dira sektore honetara eta 1.043 milioi euroko fakturazioa izan dute. Azken seihilekoan eskaerak eta fakturazioa jaitsi ondoren, aurten negozioa hobetzea espero da.

 

Produktu eta instalakuntza siderurgikoak: Siderex klusterrean 13.313 lagun enplegatzen dituzten 49 enpresa biltzen dira eta 2015ean 3.162 milioi euroko fakturazioa izan dute. Lehen seihileko txarraren ostean, aurreikusitakoa baino hobetu bukatu zen iazko urtea, fakturazioa hazi egin baitzen azken hilabeteetan. Enpresak inbertsio handiak egiten ari dira I+G-n, eta 2017an jarduera mantenduko dela espero da.

 

Fabrikazioko teknologia aurreratuak: AFM klusterrak hazkunde moderatua izan du makina-erremintaren fakturazioan, eta eskaera-zorro interesgarria du. Aurtengo ekitaldian negozioa eta enplegua mantentzea espero da.

 

EIKTak: Gaia klusterrak 11.450 lagun enplegatzen dituzten 247 enpresa biltzen ditu, zeintzuek 3.085 milioi euroko fakturazioa izan baitzuten iaz. Negozio zifra %4 hazi zen, aurreikusitakoa baino gutxiago, baina 2017an ere goranzko joera mantentzea espero da. Euskadi, Espainia eta Europako ingurune industrialekin lotutako eskaerak gero eta ugariagoak dira.

 

Garraioa, mugikortasuna eta logistika: Mugikortasun eta logistika klusterrak 139.629 lagun enplegatzen dituzten 100 enpresa biltzen ditu eta 2016an 22.887 milioi euro fakturatu zituzten guztira. Aurtengo ekitaldian fakturazioa eta enplegua hobetzea espero da.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow