Nanoteknologiaren sektorean arrakasta duten euskal enpresak

11 March, 2015

Grafenoa fabrikatzen duen Graphenea enpresak eta askatutako nanopartikulak neurtzen dituen Inkoa konpainiak beren lana erakutsi dute Imaginenano 2015-en bigarren jardunaldian. Nanobasque euskal agentziak gida batzuk aurkeztu ditu, zeintzuen helburua baita Euskadiko enpresek  modu seguruan lan egin dezatela sektorean.


Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre-en (BEC) ostiral honetara arte egiten ari den Imaginenano 2015-en (nanozientzia eta nanoteknologiari buruzko Europako topaketa handienaren) bigarren jardunaldian ezagutzera eman dira nanoteknologia arloan lan egiten duten euskal enpresen kasu arrakastatsuak. Gainera, SPRI Taldeko (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako agentzia) Nanobasque agentziak bertatik bertara aurkeztu du enpresak nanoteknologia sektorean sarrarazteko eskaintzen duen laguntza ekimena. Ekimen horrek EHS Advance du izena; gida batzuk dira, euskal enpresak sektore gorakor horretan modu seguruan sartzeko.

Graphenea da sektoreko euskal enpresa ezagunenetako bat. Grafenoa deituriko nano materiala fabrikatzen du, askorentzat etorkizuneko produktua izango dena bere funtzio ugariengatik. Grapeheneak produktua hornitzen die polimeroak, bateriak edo foto-sentsoreak garatzen dituzten enpresei. Iaz milioi bat euro fakturatu zituen, mundu osoko grafeno salmenten %10, eta bezerotzat ditu Nokia, Philips edo Intel gisako multinazionalak. “2010ean hasi ginen” azaldu du Jesús de la Fuente, Graphenea enpresako zuzendari nagusiak. “Fabrika baino gehiago, laborategi bat dugu” eta Donostiako CIC nanogune zentroan dago kokatuta.  Gaurko jardunaldian hizpide izan dituzte zein baldintza ezartzen dituzten araudiek grafenoa gisako material berrientzat. “Europa araudia zailtzen ari da Estatu Batuen eta Japoniaren aldean, herrialde horietan tramiteak errazak baitira. Eta hori arriskutsua da sektorearen garapenerako”.

Erandion kokatutako Inkoa ingeniaritzak 2008tik dihardu nanoteknologiaren sektorean eta batez ere nano partikulen isurien kontrola egiten du dagoeneko erabiltzen diren produktuetan (kamisetak, autoetako lubrifikatzaileak edo automozioko piezak). María Blázquezek, Inkoa enpresako I+G+B-ko proiektuen zuzendariak, adierazi du Europako Batzordeak onartutako bi proiektu dituztela. “Produktu batek askatzen dituen materialak aztertzen ditugu. Analisi horren bitartez jakin dezakegu  zein portaera duten nanomaterialek behin produktuan daudenean. Esaterako, zilarra daraman kamiseta bat garbitzean zilar partikula horiek nola askatzen diren neurtzen dugu”. Laborategiko lana da, hiritarrek ulertzeko zaila, baina funtsezkoa izango dena sektorea garatzen den heinean.

Nanobasque agentziako arduradun Amaia Martínezek jardunaldian azaldu duenez, EHS Advance ekimena 2013an sortu zen, Gaiker IK4, Tecnalia eta IK4 Tekniker erakundeen laguntzarekin. “Euskal enpresek nano sektorean zuten jarduera aztertu ondoren, eman daitezkeen zerbitzuak definitu ditugu gida batzuen bitartez. Informazioa ematen diegu enpresetan nano produktuak modu seguruan sartzen ikas dezaten, esaterako, segurtasun neurriak hartu behar diren nano-partikulak askatzen direnean”.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow