Bilbok nanomaterialen arloko nazioarteko adituak elkartuko ditu

7 ekaina, 2016
Nanomaterialak

Astearte honetatik ostegunera egingo da Europako NANoREG proiektuaren VII. bilera, non parte hartzen baitu Gaiker-IK4 Teknologi Zentroak. Proiektu horren helburua da jakitea nola aplikatu den REACH araudia (substantzia eta prestakin kimikoen erregistroa, ebaluaketa, baimena eta murrizketa arautzen dituen sistema) nanomaterialen esparruan eta horientzako ebaluazio metodo egokiak garatzea.

 

Horrela bermatuko da nanomaterialak segurtasunez erabiliko direla produkzio industrialean eta kontsumo ondasunetan eta ez direla kaltegarriak ez kontsumitzailearentzat, ezta ere ingurumenarentzat. Proiektuaren koordinatzaile eta Holandako Ingurumen eta Azpiegituren Ministerioko Ingurumen eta Osasun aditu Tom Van Teunenbroek-ek irekiko du ekitaldia SPRI Taldeko (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentzia) Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari Aitor Cobanerarekin batera. Ekitaldian 150 lagun inguruk parte hartuko dute, besteak beste, zientziaren esparruko adituek eta Europar Batasuneko arduradun politikoek.

 

Hiru jardunaldi horietan bertatik bertara aurkeztuko dira karakterizazio toxikologikoaren markoan nanopartikulak sailkatzeko egin diren azken aurrerapenak (NANoREG Framework) eta proiektuaren barruan eginiko in vivo eta in vitro azterlanen atariko ondorioak. Bestalde, ikerketan zehar ahalegina egin da Erregulazio agentziek eta Europako Batzordeko Ikerketa Zentro Komunak (JRC) araudien inguruan eginiko hainbat galderei I+Gren ikuspegitik erantzuteko, eta erantzun horien emaitzak ere jasoko dira ekitaldian.

 

Gaur arte egin diren aurrerapenei eta lortutako ondorioei esker, gero eta aukera gehiago daude proiektua hasi zenean (2013an) finkatutako helburuak lortzeko. Batetik, tresna multzo bat diseinatu nahi da kontsumo produktuetan nanomaterialak erabiltzeak gizakiarentzat eta ingurumenarentzat sor ditzakeen arriskuak kalkulatzeko eta, bestetik, errendimendu handiko estrategiak garatu nahi dira, merkatura iristeko potentzial handia duten nanomaterial askoren analisi azkar eta prediktiboa egiteko.

 

GAIKER-IK4 zentroaren lana

GAIKER-IK4 zentroak ezagutza zabala du nanotoxikologiaren arloan eta eskarmentu handia nanomaterialen toxikologia- eta eraginkortasun-azterketen garapen eta baliozkotzean. Horregatik, in vitro toxikotasunaren lan-paketearen liderretako bat da Nanoreg proiektuaren barnean, aztertzeko ea posible den dagoeneko existitzen diren metodologiak nanomaterialen ebaluazio toxikologikora egokitzea.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow