Arantxa Tapiak argi utzi die Basque Industry 4.0 topaketan bildutako enpresariei “inoiz ez dela existitu, ez dela existitzen eta ez dela existituko gure industria erlaxatzeko moduko konfort-gunerik”

16 azaroa, 2016
(Español) El auditorio del Kursaal abarrotado en el Basque Industry 4.0.

  • Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburuak “pertsonak enpresetako erabaki-hartze prozesuetan txertatzearen” eta enpresas txiki eta ertainak lehenbailehen fabrikazio adimenduari atxikitzearen garrantzia nabarmendu du.
  • Horrez gain, sailburuak neurri desberdinetako enpresen eta erakundeen arteko lankidetza sustatzeko premia azpimarratu du, BIND 4.0 azeleragailuaren lehen deialdiaren arrakasta horren adibidetzat aipatuz.
  • Euskadik stand propioaz parte hartuko du 2017ko apirilean Europako industria arloko hitzordu nagusitzat jotzen den Hannover Messe delakoan, 4.0 industriaren onurak bistaratzeko asmoz.
  • Sailburuaren agerraldiaren ondoren, Günter Beitinger Siemens-eko Digital Factory Division-eko fabrikazio arloko presidenteordeak xehetasun osoz azaldu du nola lagundu dioten teknologia berriek multinazionalari Ambergeko lantegiko ekoizpena bederatziz biderkatzen, enplegurik galdu gabe.
  • Basque Industry 4.0 biltzarrak 2.000 pertsona baino gehiago bildu ditu aurten Donostiako Kursaalen, eta gaur arratsaldeko 16:45ean, Iñigo Urkullu Lehendakaria izango du bisitari

 
“Argi izan dezagun inoiz ez dela existitu, ez dela existitzen eta ez dela existituko gure industria erlaxatzeko moduko konfort-gunerik”. Hitz hauekin inauguratu du gaur goizean Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburuak Basque Industry 4.0 biltzarraren hirugarren edizioa. Lantegi adimendunari buruzko Euskadiko erreferentziazko topaketa hau Donostiako Kursaalen antolatu da aurten. Bertan, sailburuak argi utzi du bertaratutako 2.000 pertsona baino gehiagoren aurrean, “adi eta erne egon behar dugula inguruan dagoenaz, nazioarteko egoeraz, gure ekoizpenaren kalitateaz, gure berrikuntza-ahalmenaz, eta batez ere, gure kudeaketa etengabe berrikusteaz, merkatuak agintzen duenaren arabera, nahiz eta batzuetan haizeak gure alde jotzen duen”. “4.0 industria behin-betiko geratzeko etorri da, eboluzionatzeko eta gure industriaren nazioarteko lehiakortasuna eta posizionamendua hobetzeko. Ondo kontuan izan behar dugu hori guztia”, esan du.

 
Enpresariek arreta handiz jarraitu beharreko alderdien artean, sailburuak “nazioarteko harremanetan eta mundu osoko harreman komertzialetan horren inpaktu handia eragiten ari diren gertaera geopolitikoak” nabarmendu ditu, “izan ere, oinak Euskadin izanda ere, euskal industria ez baitago eragin horietatik kanpo, mundura begira diharduen aldetik”. Horren harira, Tapiak zuhurtziazko mezua igorri du: “Eusko Jaurlaritzatik, lasaitasunez eta zuhurtasunez jokatzeko eskatzen dugu, entzute aktiboko jarrerari eutsiz, bereziki ‘Brexit’aren inguruan gerta daitekeenari dagokionez eta Trump Estatu Batuetako presidente izendatzeari, euro-gunearen balizko desazelerazioari edota hemengo enpresentzat hain garrantzitsuak diren Txina, India eta Brasil bezalako herrialdeen egoerari begira”.

 
Gainera, etengabeko zaintza horren premia azpimarratzeko, Arantxa Tapiak industria sektoreak egun euskal ekonomian duen pisua gogoratu du. Sailburuak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak gorantz zuzendu du aurtengo ekitaldirako aurreikusia zuen hazkundea, % 2,9raino alegia, baina industria sektorean datu hori irailean lortu da, eta ondorioz, adierazle hori 2015eko lehen hilabeteetan erregistratutakoa baino % 1,8 handiagoa izango da. Era berean, zera adierazi du: “industrian enplegua kostata berreskuratzen ari garen arren, honek hazkunde konstanteak ditu duela bi urtez geroztik, eta aurtengo hirugarren hiruhilekoan, sektoreak enpleguaren sorrera lideratu du. Hartara, industriako afiliazioak gainerako sektoreen batez bestekoa gainditu du, 177.965 afiliazioekin, hau da, afiliatutako guztien % 19,8”.

 

basque industry 2

Arantxa Tapia sailburua, Basque Industry 4.0. inaugurazioan.

Datu horiek gogoan hartuta, lantegi adimendua deritzonaren giltzarrizko beste alderdi bati erreparatu dio: teknologiek gero eta protagonismo handiago duten ingurunean pertsonek izan beharreko parte-hartzeari. Haren iritziz, “nahitaezkoa da inor atzean ez galditzea, antolakundeko pertsona guztiak tartean sartzea, erabaki-hartze prozesuetako partaide bihurtzea, enpresa pertsonak eta teknologiak biltzen dituen leku bilakatuz baina lidergoa eta zuzendaritza pertsonen esku utziz, eta ez teknologien esku”. Hori lortzeko, gogoratu du “herri bezala dauzkagun erronketako bat pertsonen prestakuntza dela, baina ez bakarrik teknikoki kualifikatuta egon daitezen, baita ekintzaile bihurtu eta lidergoa eta talde-lana antolatzen ikas dezaten. Hau da, enpatia eta gardentasuna lehiakortasuna hobetzeko erabiltzen ikas ditzaten”.

 
Azkenik, sailburuak enpresa txiki eta ertainei laguntzeak duen garrantzia azpimarratu du, izan ere, “estrategia egokirik inplementatzen ez baldin badugu, enpresa horiek desagertzeko zorian egon litezke, nazioartean aurreratuagoak diren beste enpresa batzuek ordezkatuta”. Ildo horretan, beharrezkotzat jo du enpresen arteko lankidetza, tamainari erreparatu gabe, eta lankidetza publiko-pribatuaren adibidetzat aipatu du, Eusko Jaurlaritzak foru aldundiekin, BICekin eta Euskadiko industria-enpresa nagusiekin batera teknologiaren arloko enpresa jaioberri onenak erakartzeko abiarazi duen BIND 4.0 StartUP! Basque Industry Accelerator Program 4.0 programa berritzailearen lehen deialdiaren arrakasta.

 
Guztira, 41 herrialdetako 257 startupek parte hartu dute lehen deialdi honetan, eta horietatik, 13 statup onenen 18 proiektu hautatu dira, ondoko 13 enpresa handi hauetan gara daitezen: ABB, Grupo Alcor, CAF, Danobat Group, Euskaltel, Grupo Fagor Ederlan, ITP, Grupo Maier, Mercedes Benz-Vitoria, Michelin, NEM Solutions, Repsol-Petronor eta Grupo Ulma. Proiektu hauek Kursaalen egindako jardunaldian aurkeztu dira.

 
Sailburuaren agerraldiaren ondoren, bertaratutakoek Günter Beitinger Siemens-eko Digital Factory Division-eko fabrikazio arloko presidenteordeari entzuteko aukera izan dute. Beitinger-ek “ekoizpen-kudeatzaile baten ikuspuntutik” azaldu du multinazional alemaniarrak fabrikazio digitalean bildu duen esperientzia, industria-prozesuak hiru dimentsiotan simulatu eta bistaratu, proiektu eta fabrikazio garaiko kostuak murriztu eta merkaturatu arteko epeak laburtzen dituen soluzio bati esker. Beitinger-ek nabarmendu duenez, “prozesu hauetako asko, estandarizazioa kasu, enpresa txikien esku daude”.

 
Haren esanetan, “enpresa txikientzat askoz ere garrantzitsuagoa da teknologiak eskaintzen dituen abantailak eta aurrezkiak profitatzea. Guk geuk, Ambergeko bi lantegietan, duela urte batzuetako langile-kopuru berbera daukagu, baina bederatzi aldiz gehiago fabrikatzen dugu”, adierazi du.

 
Horren harira nabarmendu du, egunero 120 produktu desberdin ekoizteko eta segunduro ekoizpen-lerrotik unitate bat ateratzeko, ezinbestekoa dela malgutasuna, prozesu osoaren bistaratze birtuala eta egunero ekoizpenari buruzko 50 milioi daturen kudeaketa ahalbidetuko dituen teknologia baten laguntza. Alabaina, “den-dena ez dagoela automatizatuta” aldarrikatu du. “Prozesuen automatizazioa % 75ekoa da. Kasu batzuetan, ezin delako handiagoa izan, eta beste kasu batzuetan, prozesuari pertsonaren esperientzia gaineratu nahi diogulako”, azaldu du, amaierako produktuari ezarri beharreko kalitate-kontrolak horren adibidetzat aipatuz.

 
Arantxa Tapia eta Günter Beitinger-en agerraldiez gain, Kursaalen, mahainguru bat antolatuko da gaur Titanium, ABB, CIE Automotive, Microsoft eta Gestamp bezalako enpresen ordezkarien artean, gai honen inguruan dituzten ikuspegiak partekatu eta egungo egoera, etorkizuna, estrategiak, gakoak, erronkak eta abar azal ditzaten, Enrique Rodal teknologietan trebatutako kazetariak zuzendutako eztabaida batean.

 
Basque Industry 4.0 topaketan, Etxe-Tar makina-erremintako konpainia gipuzkoarrak ere parte hartuko du. Etxe-Tar dugu Euskadin digitalizazioaren aldeko lasterketa lideratzen ari diren enpresetako bat, eta bere esperientzia 4.0 Industriaren arloko lideragoaren eredutzat har daiteke.

 
Programan, halaber, EIKT soluzioen garapenean espezializatutako euskal enpresen adibideak ere bistaratuko dira, prozesuetan, produktuetan eta zerbitzuetan izandako arrakasta-kasuak barne. Etorkineko aurreikuspenei dagokienez, Euskadiko unibertsitateak eta zentro teknologikoak arduratuko dira teknologia berriez profitatzeko aukera izango duten industria-aplikazioak zehazteaz.

 
Jardunaldiaren barruan, halaber, Gaia telekomunikazioetako klusterraren eskutik, gamifikazioari buruzko lau tailer praktiko egingo dira, bideojokoetako tresnek eta teknikek (errealitate birtuala, errealitate areagotua, simulazioa…) industria-prozesuetako fase desberdinetan (Pre-Produkzioan, Produkzioan nahiz Post-Produkzioan) izan ditzaketen erabilerak azaltzeko. Tailerretan parte hartzen dutenek enpresetan jardunean dauden aplikazioekin esperimentatu eta teknologia horiek beren erakundeetan erabiltzearen abantailak aztertu ahal izango dituzte.

 
Topaketarekin batera eratuko den erakusketa-esparruan, 4.0 Industriarako soluzioak garatzen diharduten 29 euskal enpresak bertaratutakoen aurrean aurkeztuko dituzte beren zerbitzuak eta eskaintza teknologikoak, eta enpresen arteko lankidetzarako nahiz balizko elkartzeetarako harremanak finkatu ahal izango dituzte. Topaketa amaitu arte, networkinga landu, ikuspuntuak partekatu, aurkezpen-txartelak trukatu eta kontaktuak lantzeko aukera izango dute.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow