ZIVek elektrizitate-sare adimendunen hedapenean parte hartuko du Holandan

24 November, 2016

Enexis-ek euskal konpainia aukeratu du, kontagailu adimendunen horniketa egin dezan

 

Indiako CG elektrizitate-ekipamendu eta zerbitzuen arloko multinazionalari atxikita elektrizitate-sare adimendunen sektorean espezializatuta dagoen ZIV euskal enpresa aukeratu du Holandako Enexis elektrizitate-konpainiak, herrialde hartan Long Term Evolution (LTE) komunikazio-teknologian oinarritutako elektrizitate-kontagailu adimendunen garapena eta horniketa egin dezan.

 

Elektrizitate sektorean, teknologia mugikor honen inplementazioak kontagailu adimendunen eta elektrizitate-konpainietako sistema informatikoen arteko komunikazio-lotura malgu eta fidagarria ezartzea ahalbidetzen du.

 

Euskal konpainiak nazioarteko lehiaketa batean lortu du kontagailuen hedapenaren esleipena, eta kontratuan aurreikusi denez, ingeniaritzari, fabrikazioari eta garapenari dagokien proiektu osoa euskal konpainiak Zamudion daukan egoitzatik gauzatuko da.

 

Enexis konpainiak elektrizitatea banatzen die Holandako 2,5 milioi bezerori, eta LTE teknologian oinarritutako ESMR5.0 kontagailu adimendunak hedatzearen alde hartu duen erabakiaren bitartez, aparatuen arteko konexioa eta bezeroen pribatutasunaren segurtasuna hobetzea ahalbidetuko duten funtzionalitate berriak finkatu nahi ditu.

 

Holandako konpainiak zabaldutako ohar baten arabera, teknologia honen aukeraketak hango sare adimendunen eskaintza eta kalitatea hobetuko ditu epe luzean, eta elektrizitate-kontagailu adimendunak gutxienez bezeroen % 90i hornitzeko ezarria duen helburua betetzen lagunduko dio.

 

Holanda da kontagailu adimendunen sarea hedatzeko komunikazio mugikorreko teknologia (LTE) bereganatu duen Europako lehen herrialdea.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow