Zabaldu da epea Eusko Jaurlaritzak gazteei atzerrian praktikak egiteko eskaintzen dizkien 370 Global Training laguntzak eskatzeko

10 July, 2015
  • Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak bultzatzen du programa hau aukera emateko gazte titulatuei atzerriko jarduera eta mugikortasunera hurbiltzeko. Hamabost erakunde kolaboratzailek kudeatzen dute beka horietarako izen-emate eta atzemate prozesua. Eskaerak egiteko epea uztailaren 27an amaituko da.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak atzerriko merkataritzaren arloan prestakuntza jasotzeko eta praktikak egiteko 100 Nazioartekotze bekatarako deialdia egin du udaberrian. Horrez gain, 370 Global Training beka eskainiko ditu 6 hilabeteko praktikak egiteko atzerriko enpresa eta erakundeetan.

Beka-programa horren bidez, unibertsitateko edo goi-mailako lanbide-heziketako titulazioa duten gazteek praktikak egin ditzakete atzerriko enpresa eta organismoetan, horrela Estatuz gaindiko mugikortasuna indartzen delarik beren profil akademiko eta profesionalarekin lotutako jarduera eta proiektuetan.

Eskaerak egiteko epea zabalik dago uztailaren 27ra arte

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak izendatuak ditu jadanik edizio honetan kolaboratzaile izango diren erakundeak, eta erakunde horiek izango dira bestalde Global Training bekak eskatu dituzten gazteak aukeratuko dituztenak.

Erakunde kolaboratzaile horiek dira: hiru Eusko Ganberak; Euskal Herriko Unibertsitatea; Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatea; Makina-erreminta Fabrikatzaileen Elkartea eta Ikaslan; Garapen eta Donostiako Sustapena; Novia Salcedo Fundazioa; eta Konfebask-ek, Adegi-k, Txorierri zentroak eta Hetel-ek osatutako lankidetza taldea. Erakunde horiek badute esperientzia unibertsitateko edo goi-mailako lanbide heziketako prestakuntza-proiektu eta jardueretan. Halere, kolaboratzaile izateko hainbat baldintza bete behar dituzte: nazioarteko sareren bateko kide izatea, edo hitzarmenak edo lankidetza akordioak sinatzea antzeko ezaugarriak dituzten atzerriko beste erakunde batzuekin.

Eusko Jaurlaritzak finantzatzen ditu erakunde horiek egiten dituzten zereginak, hala nola deialdia egitea eta laguntzen berri ematea, beka jaso duten pertsonek aldez aurretik jaso behar duten prestakuntza aukeratzea eta ematea, eta beka bera kudeatzea eta zaintzea laguntza amaitzen den arte. Erakunde bakoitzak, berriz, 40-70 beka kudeatuko ditu Eusko Jaurlaritzak finantzatzen dituen 370en artetik.

Hala, erakunde edo erakunde-elkarte bakoitzak beka kopuru jakin  bat kudeatuko du. Eskaerak egiteko epea zabalik egongo da uztailaren 27ra arte.

Entitate kolaboratzaileek osatutako lankidetza taldeak eta kudeatuko dituzten beka kopuru:

Hetel+Confebask+Adegi: 60 beka

Deustuko Unibertsitatea+Mondragon Unibertsitatea: 60 beka

Garapen+Donostiako Sustapena: 60 beka

Ikaslan+AFM: 60 beka

UPV-EHU: 44 beka

Novia Salcedo Fundazioa: 43 beka

Eusko Ganberak: 43 beka

Orain arteko eskatzaileen artean asko dira ingeniariak, baina ugari dira baita ere arkitektoak, biologoak, kazetariak edo ekonomistak. Jomuga-herrialdeei dagokienez, Europa erdialdekoak dira nagusi, besteak beste Alemania, Austria edota Belgika. Hala ere, eskaera asko daude Estatu Batuetara, Txinara nahiz Latinoamerikara joateko, eta Latinoamerika barruan Mexikora eta Kolonbiara bereziki.

Beken zuzkidura ekonomikoa

2015eko ekitaldiko Global Training Beken deialdiak 3.200.000 euroko zuzkidura ekonomikoa izango du, sei hilabeteko 370 beka finantzatzeko. Sei hilabeteko beka horietako bakoitzak 7.000 euro inguru jasoko ditu, eta zuzkidura horrekin batera, Eusko Jaurlaritzak aseguru medikoa eta bidaiarako asegurua ere ordainduko ditu.

Erakunde kolaboratzaileek aukera izango dute bekak luzatzea proposatzeko, gehienez beste sei hilabetez. Kasu horretan, bekaren gastuak erakundeak berak hartuko ditu bere gain, edo prestakuntza praktikak eskaintzen dituen nazioarteko enpresak bestela.

Jomuga-herrialdeak eta bekak gauzatuko diren organismo edo enpresetako jarduerak mota askotakoak dira, hain zuzen ere goi-mailako eta lanbide heziketako titulazioak dituzten gazte hautagaien prestakuntza-motak bezainbat.

 

Interesatuek informazio gehiago eska dezakete  web orrian, baina izen-emate eskaerak erakunde kolaboratzaile bakoitzaren bitartez egin beharko dira.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow