Mexikoko ordezkaritza batek euskal enpresei azaldu die nola inbertitu aeronautikaren sektorean

16 May, 2016

SPRI Taldeak antolatutako mintegi batek erakutsi ditu nolako negozio aukerak dauden Mexikoko aeronautika sektorean, zeinetan Mexiko munduko 14. postuan dagoen. Eusko Jaurlaritzarentzat Mexiko lehentasunezko herrialdea da bere nazioartekotze estrategian, eta, dagoeneko 180 enpresa-ezarpen daude bertan.

 

SPRI Taldeak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak, hamar bat euskal enpresa bildu ditu ekitaldi batean, informazioa emateko Mexikoko aeronautikaren sektorean inbertitzeko aukerei buruz. Mintegi horretara 22 lagun etorri dira, besteak beste, ordezkaritza bat, zeinetan parte hartu duten Mexikoko Industria Aeroespazialaren Federazioko (FEMIA) eta Promexicoko zuzendaritza-karguek eta Mexikoko enpresa-ezarpenez arduratzen diren FEMIAko sektoreko adituek.

 

Mexiko plataforma bikaina da aeronautikako negozioentzat, mundu mailan 14. postuan baitago sektore horretan. 48.000 lagunetik gora enplegatzen dituzten 312 enpresak lan egiten dute aeronautikaren sektorean. Esportazioak 6.680 milioi dolarretik gorakoak dira, eta Estatu Batuetara zuzentzen dira nagusiki. Sektore aeroespazialean, Mexiko AEBren seigarren hornitzailea da. Horrez gain, Erdialdeko Amerikako herrialde horrek baditu merkataritza hitzarmenak 1.200 milioi lagunerainoko merkatu batekin, horien artean daudelarik NAFTAko 430 milioi lagunak.

 

Aernnova eta ITP euskal enpresak (biek hala biek produkzio fabrikak dituztenak Querétaro eskualdean), SPRI eta Hegan euskal klusterra hizlari aritu dira mintegian, eta Mexikon izandako esperientzia kontatu dute. Bi horiez gain, aeronautikaren sektoreko beste enpresa batzuek ere badituzte ezarpenak Mexikon, esaterako, azaleren tratamenduko Imexaza eta TTT-k, tresneria egiten duen Ekin-ek eta sistema informatikoak garatzen dituen Sisteplant-ek.

 

Mexiko lehentasunezko herrialdea da Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotze estrategian, eta, dagoeneko 180 enpresa-ezarpen daude bertan, nagusiki automozio, energia, metal mekanika eta aeronautika sektoreetan. Gure esportazioen zortzigarren jomuga da.

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow