Ulmak lurrikaren kontrako etxebizitzen eraikuntzan parte hartu du Txilen

8 February, 2017

Euskal konpainiak bere kofratze-sistemetako batzuk erabili ditu etxebizitzak eraikitzeko

 

Aldamio eta kofratze-sistemetan espezializatuta dagoen Ulma Construction euskal enpresak lurrikaren kontrako azken belaunaldiko etxebizitzen eraikuntzan parte hartu du Txileko Santiago hiriburuko inguruetan kokatutako bizitegi-gune batean.

 

Proiektua, herralde hartako eraikuntzan indarrean dagoen lurrikaren kontrako arauak betez gauzatu da. Ulmak ohar baten bidez jakinarazi duenez, euskal taldeak zerbitzu pertsonalizatua eskaini du, teknologian zein entrega-epeetan edota alokatutako ekipoen errotazioan eta berrerabilpenean dauden soluziorik egokienez baliatuta.

 

Oñatin finkatutako enpresak ORMA kofratze-sistema modularra erabili du eraikinetako dorreen bi aldetako hormetan, ohiko zulo-lerrodun kontsolekin konbinatuta. Gainera, ekipoen errotazioan errendimendurik handiena lortzeko asmoz, SP-30 motako eskorak erabili dituzte.

 

Era berean, taldeak, metalezko habeak dituen BTM kofratze-sistema erabili du solairu habitagarrietako eta aparkalekuetako lauzak estaltzeko, eta NEVI kofratze-sistema modular arina pilareetarako.

 

Txileko Maestra eraikuntza-enpresak bultzatutako Poeta Pedro Prado bizitegi-guneko bi dorreek 2.400 metro koadroko 27na solairu eta 3.000 metro koadroko aparkaleku bana dauzkate. Horien eraikuntzan, energia-eraginkortasunagatik ziurtatuta dagoen teknologia erabili da, isolamendu akustiko eta termikoari dagozkion indizerik onenak lortzeko asmoz.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow