Ulma Construction-ek AEBetan duen presentzia handitu du

13 October, 2016

Euskal konpainiak kofratzeetan espezializatuta dagoen Estatu Batuetako enpresa bat erosi du

 

Nazioarteko hedapen-estrategiaren barruan, Ulma Construction-ek, Ulma enpresa-taldeko obra zibileko dibisioak, Socon Forming & Shoring enpresa estatubatuarraren erosketa iragarri du, Ipar Amerikako herrialde horretako hego-ekialdean duen presentzia indartzeko asmoz.

 

Ulmak Estatu Batuetan duen filialaren bitartez gauzatutako eragiketa honi esker, enpresa gipuzkoarrak hiru urteren buruan merkatu horretako fakturazioa hirukoiztea espero du, herrialde horretako hazkunde potentzial handienetakoa duen ekialdeko kostalderako sarbideari eutsiz.

 

Georgia eta Alabama estatuetan dituen bulegoen bidez, Socon-ek eraikuntza sektorerako kofratze eta zerbitzuen horniketa egiten du, etxebizitza-eraikinak, altuera handiko egiturak, ospitaleak eta are ura tratatzeko instalazioak eta zubiak eraikitzeko proiektuak gauzatu dituelarik.

 

Enpresa estatubatuarrak egindako lanik garrantzitsuenen artean, Atlantako Braves Stadium beisbol-estadioa eta Georgiako Aquariuma azpimarra daitezke, euskal enpresaren ohar baten arabera.

 

Socon-en erosketa, luze gabe Floridan egoitza logistikoa abiaraziko duen Ulma enpresaren nazioartekotze kanpaina trinkoaren barruan egin da. Kokapen horiek Oñatiko konpainiak New Jersey eta Maryland estatuetan daukan presentziari gaineratuko zaizkio.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow