Tubacexek Thailandiaren alde apustu egin du

29 September, 2016

Euskal konpainiak joint venture bat sortzea adostu du enpresa japoniar batekin

 

Soldadurarik gabeko altzairuzko hodien fabrikazioan espezializatuta dagoen Tubacex konpainia arabarrak Thailandian joint venture bat sortzea adostu du Japoniako Awaji enpresarekin.

 

Eragiketak, euskal taldearen filial italiar baten bitartez gauzatutako 3,3 milioi dolarreko kapital-zabalkuntza ekarriko du, eta Tubacexi Thailandian sartzen laguntzeaz gain, konpainia honek Asian daukan presentzia sendotuko du.

 

Akordioan aurreikusi denez, Tubacex sozietate berriko kapital sozialaren % 60az jabetuko da, eta japoniarrak gainerako % 40a kontrolatuko du. Proiektua altzairu herdoilgaitzezko tamaina txikiko osagai berezien fabrikazioan espezializatuko da, konpainia arabarraren fitting arloko egungo eskaintza osatuz.

 

“Sektorearen krisiak fitting segmentua kolpatu du nagusiki, baina horri erantzunez, gure instalazioen espezializazio-plana abiatu eta Thailandiako erosketa estrategikoa gauzatu dugu, dibertsifikazioan eta balio-katearen posizioaren zein amaierako erabiltzailearenganako hurbilketaren hobekuntzan ezarriak ditugun helburuak lortzeko asmoz”, ziurtatu du Jesús Esmorís Tubacexeko CEOak ohar baten bidez.

 

Oharraren arabera, Tubacex Awaji Thailand izena hartuko duen sozietate berriak hiru urtetan 20 eta 25 milioi euro tarteko fakturazioa lortzea espero da.

 

Arabako enpresa liderra da altzairu herdoilgaitzezko produktu tubularren fabrikazioan. Ekoizpen-lantegiak ditu Espainian, Austrian, Txinan, Italian, Estatu Batuetan eta Indian, eta bere presentzia komertziala 38 herrialdetara hedatuta dago.

 

 

Tubacex taldearen aurkezpen bideoa

[embed_blog_up_euskadi id=”2″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow