Tecnaliak Txileko eraikuntza industriaren alde apustu egin du

4 urtarrila, 2018
Txileko industriaren produktibitatea gehitzea da zentro horren helburuetako bat

Erakundeak akordio bat sinatu du Txileko Unibertsitatearekin sektorearen lehiakortasuna bultzatuko duen zentro teknologiko bat sortzeko

 

Tecnalia euskal korporazio teknologikoak lankidetza-hitzarmena sinatu du Txileko Unibertsitatearekin, Eraikuntzako Produktibitate eta Iraunkortasunaren aldeko Berrikuntzarako Zentro Teknologikoa (CTec) abian jarri eta garatzeko.

 

Txileko industriaren produktibitatea gehitzea da zentro horren helburuetako bat, eta horretarako, berrikuntzaren eta lan kolaboratiboaren aldeko ekimenak bultzatuko ditu herrialde horretako eraikuntzaren balio-kateari atxikita dauden eragileen artean.

 

Era berean, CTec-ek herrialdeko industriaren produktibitatea sustatzeko baliagarriak izan daitezkeen adierazleak jaso eta bistaratzea ahalbidetuko duen plataforma teknologiko adimenduna garatuko du.

 

Tecnaliak ohar baten bidez jakinarazi duenez, zentro horren sorrerarekin batera, hainbat ekimen teknologikoren baterako garapena ere bultzatu beharko da, Txileko eraikuntzari garapen-ahalmena eta eskaintza berrikuntzaren bitartez hobetzen lagundu ahal izateko.

 

Hauexek dira zentroa osatu duten erakundeak: Txileko Unibertsitatea, Antofagastako Unibertsitatea, La Serenako Unibertsitatea, Santiago de Chileko Unibertsitatea, Txileko Unibertsitate Teknologikoa, Concepcioneko Unibertsitatea, Fronterako Unibertsitatea, eta Garapen Teknologikorako Korporazioa (CDT), Eraikuntza Institutua (IC), La Ruta Solar, SCX Santiagoko Klima-Burtsa eta Etxebizitza eta Hirigintza Ministerioaren artean osatutako estatu mailako sarea. Era berean, CTec-ek lankide dituen nazioarteko bazkideen sareak, Tecnalia ez ezik, Ingalaterrako Building Research Establishment (BRE) zentro teknologikoa eta Eurecat ditu partaide.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow