Tapiak deia egin du Hego Korearekin negozioak sakontzeko

30 azaroa, 2016
Arantxa Tapia sailburua, Hego Koreak Espainian duen enbaxadorearekin (bere eskumaldean), Donostiako Teknologi eta Zientzia Parkean.

SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean,  Ekonomia Garapen eta Azpiegitura sailburuak esan du Hego Koreako merkatuak “ateak zabaltzen dizkiola merkataritza oso garrantzitsu bati”. Hego Korea munduko hamaikagarren ekonomia da.

 

Hee-kwon Park-ek, Hego Koreak Espainian duen enbaxadoreak, aipatu du Euskadi “erreferentziazko eskualdea dela merkataritzarako eta inbertsiorako”, eta bi herrialdeen arteko antzekotasunak azpimarratu ditu.

 

Aukera handiak daude hainbat sektoretan, esaterako energian, hots, Eusko Jaurlaritzak Industria sendotzeko definitutako arlo estrategikoetako batean. Hego Koreak %3,5etik %7raino emendatu nahi ditu energia berriztagarriak lau urtean, eta 36.000 milioi dolarreko inbertsio publikoa egingo du horretarako.

 

Eusko Jaurlaritzak industriarako aukera berriak bilatzen ditu Hego Korean, hots, munduko hamaikagarren ekonomian. Asteazken honetan, Arantxa Tapiak (Ekonomia Garapen eta Azpiegitura sailburuak) parte hartu du SPRI Taldeak (enpresen garapenerako euskal agentziak) Donostiako Teknologi eta Zientzia Parkean antolatutako jardunaldi batean. Berarekin batera izan dira: Hee-kwon Park (Hego Koreak Espainian duen enbaxadorea), Jang Lee (Enbaxadako Gai Ekonomikoen sailburua), eta Ki Joong Kim (KOTRA, Hego Koreako Merkataritzaren eta Inbertsioaren Sustapenerako Agentziak Espainian duen zuzendaria).

 

Arantxa Tapiak adierazi du Hego Koreako merkatuak “ateak zabaltzen dizkiola merkataritza oso garrantzitsu bati. Gure harremana hastapenetan dago oraindik, eta sakondu egin behar dugu”. Sailburuak esan du Euskadik Hego Korearekin “hazi eta kolaboratu” nahi duela, presentzia bateratua izateko munduan. Euskadik herrialde industrial garrantzitsua izan nahi du”.

 

Koreako enbaxadoreak esan du Euskadi “erreferentziazko eskualdea dela merkataritza eta inbertsiorako”, eta bi herrialdeen arteko antzekotasunak azpimarratu ditu, esanez biek dutela industrian oinarritutako ekonomia, non pisu handia baitute siderurgiak, automozioak eta ontzigintzak. “Nazioartekotzearen aldeko apustu irmoa egin dugu bi herrialdeok, eta ahalegin handia egiten ari gara ikerketan eta berrikuntza teknologikoan”.

 

Ki Joong Kim-ek, KOTRAk (Hego Koreako enpresa garapenerako agentzia, SPRI Taldearen antzekoa) Madrilen duen zuzendariak, bere herrialdearekin negozioak egiteko aukerak azpimarratu ditu. Hego Koreak 500.000 milioi euroko inportazioak egiten ditu urtero, eta horietatik bakarrik %0,4  (2.000 milioi inguru) egiten ditu Espainiatik. “Aukera handiak daude”, esan du, eta horien artean aipatu du energia sektorea, hots, Eusko Jaurlaritzak industria sendotzeko definitutako arlo estrategikoetako bat. “Gure herrialdeak %3,5etik %7raino emendatu nahi ditu energia berriztagarriak lau urtean, eta gobernu korearrak 36.000 milioi dolarreko inbertsioa egingo du horretarako”.

 

Iñaki Antoñanzasek, Fagor Automation-en Asiako arduradunak, Hego Korean izan duten esperientzia azaldu du, Fagor 1996tik baitago han kokatuta. “Beste herrialde asiar batzuetan baino askoz errazagoa da abian jartzea. Teknologia- eta hezkuntza-maila oso handia dute”. Antoñanzasek gomendatu du “pazientzia handia” izatea negozioak ixterakoan, eta nabarmendu du korearrek ikaragarri baloratzen dutela “harreman pertsonala. Asiarren artean, gure antzik handiena dutenak dira”.

 


 

Mapa industriala antzekoa

Korea munduko 11. ekonomia denez (BPGa: 32.000 dolar percapita, Espainiarena baino pixka bat handiagoa), eta 50 milioi biztanle dituenez, euskal industriaren bezero potentziala da Asian. Bere garapen ekonomiko sektorialaren egiturak antz handia dauka Euskadiko mapa industrialarekin: Koreako BPGaren %40 manufaktura sektoreak sortzen du, bereziki altzairu galdaketak, ontzigintzak, automozioak eta elektronikak (zehazkiago esanda, erdieroaleek). Kalkulatzen da Koreako ekonomiak %3ko hazkunde potentziala izango duela datozen urteetan.

 

Hazkunde hori familien eta etxeen kontsumo pribatuan oinarritzen da, eta beste herrialde batzuetako inportazioek garrantzi handia dute, bereziki Europakoek. Europar Batasunak Merkataritza Libreko Itun bat sinatu zuen Hego Korearekin, indarrean sartu zena 2011ko uztailean. Asiarekin lortutako horrelako itun bakarra da, eta bere bitartez ia erabat desagertu dira esportazioko produktu gehienen arantzelak.

 

Euskadik  189,2 milioiko balioko merkatugaiak esportatzen ditu Koreara eta 24. postuan dago Koreako bezeroen artean; aldiz, Koreak 94,5 milioi euroko balioko esportazioak egiten ditu Euskadira, eta 32. postuan dago Euskadirako esportatzaileen zerrendan.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow