Tapiak dio Iran “merkatu bikaina” dela euskal enpresentzat

17 urria, 2016
Arantxa Tapia sailburua, Alexander Arriola SPRI Taldeko zuzendariarekin eta Irango embaxadorearekin.

Eusko Jaurlaritzak Irango 19 enpresari ekarri ditu Euskadira SPRIren bitartez, aste honetan harremanetan sar daitezen euskal enpresekin.

 

Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun sailburuak eta Irango enbaxadoreak zuzendutako jardunaldi batean ezagutzera eman dira Euskadiko hainbat industria sektoretarako -energia, altzairua, makineria, automozioa eta trenbideak- Iranek eskaintzen dituen inbertsio aukerak. Iranek datozen bi hamarkadetarako egin duen plan estrategikoaren barruan, 3,5 bilioi eurotik gorako inbertsioak egingo dira, eta horietatik bilioi bat baino gehiago atzerriko inbertsioetatik etorriko dira.

 

Arantxa Tapiak, Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun sailburuak, esan du Iran “merkatu bikaina” dela euskal ekonomiarentzat, “maila teknologiko goreneko enpresa industrialak” ditugulako eta enpresa horiek gai direlako “balio erantsi handiko ekipoak eta instalazioak” saltzeko Irani, “Irango enpresak lehiakorrago izan daitezen”.  Astelehen honetan Arantxa Tapiak hasiera eman dio SPRIk inbertsiorako negozio-aukerei buruz Bilbon antolatu duen jardunaldiari.

 

Irango enbaxadorearen presentziaz gain, aipatzekoa da Irango 10 enpresatako 19 zuzendaritza-kargu etorri direla Euskadira, aste honetan zehar lan-bilerak egiteko trenbide, makina-erreminta, siderurgia, galdaragintza eta Oil&Gas sektoreetako euskal enpresekin.

 

Gaurko enpresa topaketaren ondorio garrantzitsuenetako bat da Irango negozio aukerak izugarri hazi direla 2015eko uztailaz geroztik, hau da, Iranek bi hamarkadaz jasan dituen zigorrak kendu zaizkionetik hona, eta, orain, Ekialde Ertaineko merkatu erakargarrienetako bat da.

 

Iranek 80 milioi biztanle ditu, eta 300 milioi biztanletik gorako ingurunean dago kokatuta. Irango azpiegiturak modernizatzeko premian daude, eta Euskadi ondo kokatuta dago modernizazio horretarako beharko diren produktu eta ekipamenduak  hornitzeko hainbat sektoretan, hala nola petrolio eta gas, makina-erreminta, energia, trenbide eta siderurgian. Iranek badu gainera gaitasuna berrikuntza proiektu horiek guztiak finantzatzeko, munduko bigarren gas erreserba handienak dituelako eta munduko seigarren petrolio ekoizlea delako.

 

2014az geroztik Eusko Jaurlaritza hurbiletik aztertzen ari dela Iranen gertatzen ari diren aldaketa guztiak

Arantxa Tapia sailburuak gogorarazi du 2014az geroztik Eusko Jaurlaritza hurbiletik aztertzen ari dela Iranen gertatzen ari diren aldaketa guztiak, eta iragarri du datorren azaroan zuzeneko merkataritza misio bat egingo dela Iranen kokatuta dauden euskal enpresekin.

 

“Aukerak sektore askotan daude, baina Euskadirentzat bereziki interesgarriak dira energia sektorea, altzairua, makineria, automozioa eta trenbideak”, esan du Tapiak. Orobat esan du zigorrak altxatu diren arren horrek ez duela ekarri “merkatu hartara zuzenean sartzeko aukera, Iran finantza-impasse batean bizi delako”, eta horregatik elkarlanean aritzeko eskaria egin die gobernu, enpresa eta finantza erakundeei.

 

Iranek Espainian duen enbaxadoreak, Mohammad Hassan Fadaifard-ek, aipatu du Alemania eta Austria bezalako Europako herrialdeetako bankuak dagoeneko lanean ari direla Iranen, eta ez dela, “gauza bera gertatzen Espainiako bankuekin, salbuespenak salbuespen”. Enbaxadoreak gaineratu du Irango ekonomia %5 haziko dela aurten eta nabarmendu du milioikako inbertsioak egingo direla hurrengo urteetan petrolio, energia edo automozio sektoreetan.

 

Arhax aholkularitzako Sarmad Afarinesh-ek esan du Iran 27. postuan dagoela munduko ekonomien artean, %10eko langabezia-tasa duela, eta 2025era arte 500.000 milioi euro inguru inbertituko dituela petrolioaren sektorean. Vision 2025 Planaren barruan, 3,5 bilioi eurotik gorako inbertsioak egingo dira datozen bi hamarkadetan, eta horietatik bilioi batetik gora atzerriko inbertsioetatik etorriko dira. “Helburua da 2025erako %8,6 haztea eta langabezia-tasa %7raino jaistea”.


Jardunaldiari buru emateko, elkarte eta klusterrek (AFM, Fluidex, Fundigex, Mafex eta Siderex, besteak beste) Irango eta Euskadiko enpresen arteko negozio aukerak aurkeztu dituzte.

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow