Tapiak dio Euskadi “oso adi” egongo dela Brexit-ak ekar ditzakeen aukera ekonomikoak eta eragin ditzakeen arriskuak  detektatzeko

4 October, 2016

Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun sailburuak hala esan du Intergune+ ekitaldiaren inaugurazioan: “hainbat herrialdetan ziurgabetasuna nagusi den honetan, SPRIren Kanpo Sareko ordezkariak inoiz baino garrantzitsuagoak dira gure enpresentzat”

 

Gaur eta bihar 18 jardunaldi tematiko egingo dira BECen, eta 50etik gora hitzaldi eta 60etik gora hizlari elkartuko dira. Mahai-inguru batean elkarturik, Ingeteam, Mondragon International eta Gestamp erakundeetako zuzendari nagusiak ados jarri dira esateko ez dutela aldaketa drastikorik espero Erresuma Batuan.

 

Arantxa Tapiak, Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun sailburuak, esan du Euskadi “oso adi” egongo dela Brexit-ak ekar ditzakeen aukera ekonomikoak eta eragin ditzakeen arriskuak detektatzeko. Era berean, adierazi du “gainerako herrialdeekin berriro posizionatu beharko ditugula Erresuma Batuko ekonomiarekiko dauzkagun harremanak”. “Euskadin –esan du– oso adi egon nahi dugu sortuko diren mehatxuei aurre egiteko eta sortuko diren aukerei heltzeko”. Intergune+, Euskadiren Hitzordua Nazioartekotzearekin ekitaldiaren inaugurazio saioan egin du Tapiak gogoeta hori. Hitzordua asteartean eta asteazkenean egingo da Barakaldoko BEC-en.

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

Bi egun horietan, 500dik gora euskal enpresak bakarkako bilerak egingo dituzte SPRI Taldearen Kanpo Sareko ordezkariekin. Bertan izango dira 70 herrialdetik gorako agente eta aholkulariak, bertatik bertara erantzuteko www.spri.eus web orriaren bidez bilera esklusiboak eskatzen ari diren enpresen premiei. Aurtengo Intergune+ ekitaldiak babesle ditu Air France/KLM eta Banco Santander, eta Erresuma Batua da herrialde gonbidatua. Bi egunetan 18 jardunaldi tematiko egingo dira, eta 50etik gora hitzaldi eta 60tik gora hizlari elkartuko dira.

 

Aipatzekoa da jardunaldietako parte-hartzaileen maila altua, bai enpresena eta bai erakundeena. Izan ere, Erresuma Batuko eta Hegoafrikako enbaxadoreek parte hartuko dute beren herrialdeei buruz egingo diren hitzaldietan.

 

Arantxa Tapia sailburuak aipatu du munduak “errealitate astin eta ziurgabetasunez betea” bizi duela, eta esan du “hainbat herrialdetan ziurgabetasuna nagusi den honetan, SPRIren Kanpo Sareko ordezkariak inoiz baino garrantzitsuagoak direla gure enpresentzat”. Orobat azpimarratu du egoera oso aldakorra dela, “gero eta azkarrago aldatzen da, eta herrialde batek hartutako erabakiek eragin ia zuzena dute munduko beste muturreko errealitate sozio-ekonomikoan”.

 

“Gizarte eta ekonomien globalizazioak eta nazioartekotzeak behartzen gaitu oso erne egotera, eta gertutik zaintzera lehen arrotzak edo urrunak iruditzen zitzaizkigun herrialdeetan gertatzen den guztia, gaur egun gure eguneroko bizitzaren parte direlako”.

 

Tapiak nazioartekotzearen funtsezko papera azpimarratu du: “Euskadin oso garrantzitsua izan da, inbertsio handia egin dugu denbora, ahalegin eta baliabide aldetik, baina oraindik bide luzea dugu egiteko”, eta jarraitu du esanez Intergune ekitaldiak “bokazio argia duela enpresei zerbitzu emateko”.

 

Intergune-n mahai-inguru bat egin da ingurune ekonomiko globalari eta euskal enpresan duen inpaktuari buruz, eta bertan parte hartu dute Teresa Madariagak (Ingeteam-eko presidenteak), Oskar Goitia Zubizarretak (Mondragon Internacional-eko presidenteak) eta Javier Imazek (GRI Renewable Industries-eko zuzendari nagusiak).

[embed_blog_up_euskadi id=”2″]

 

Hiru zuzendaritza-kargu horiek beren gogoetak egin dituzte munduko merkatuez. Teresa Madariagak hauxe esan du Estatu Batuei buruz: “zabalik daude hornitzaile berrientzat, baina exijentzia maila altua dute, eta zaila da hor sartzea. Halere, zugan konfiantza badute eta ongi funtzionatzen baduzu, eskaerak egiten dizkizute. Harreman onak eta epe luzerakoak egin daitezke”. Oscar Goitiak esan du Ipar Amerikako merkatua “berrikuntzaren azeleragailu on bat dela. Toki aproposa da zure produktua eta erakundea probatzeko, eta abangoardian egoteko”.

 

Javier Imazek esan du Brasil  “Hegoamerikako motor garrantzitsuenetako bat” dela; Oskar Goitia bat etorri da Imazekin, esanez “herrialde konplexua dela, garai onak eta txarrak bizi izan dituena. Herrialdea lehiakor egitea da erronka”.

 

Europari eta, bereziki, Erresuma Batuari dagokienez, hiru zuzendaritza-karguak ados daude esatean ez dutela espero aldaketa drastikorik. Imazek uste du gobernu britainiarrak herrialdeko industria babestuko duela, “globala den industria lokalizatzen saiatuz. Aukerak sortuko dira Erresuma Batuan kokatzeko”. Oskar Goitiaren ustez, Britainia Handia “bazkide komertzial garrantzitsua izango da hemendik aurrera ere, eta negozio ingurune normalizatua ere bai”.

 

Eztabaidako parte-hartzaileek uste dute Turkiak eboluzionatzen jarraituko duela, “kualifikazio handiko langileak eta arrazoizko kostu laboralak” dituen merkatua delako, baina ez daude hain ziur Afrikaren kasuan, merkatu zabala izan arren ez baitauka, beren ustez, “nahikoa heldutasunik fabrikak ezartzeko”.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow