SPRIk ia 500 elkarrizketa egin zituen nazioartekotu nahi duten euskal enpresekin

31 March, 2016
Iñigo Urkullu lehendakaria, Mundura Begira kongresuan.

Enpresen garapenerako euskal agentziaren Kanpo Sareak, Mundura Begira – Mirando el Mundo kongresuak iraun zituen hiru egunetan egin zituen bilera horiek.

SPRI-Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziaren Kanpo Sareak aurrez aurreko ia 500 elkarrizketa egin zituen euskal enpresekin Mundura Begira – Mirando el Mundo Kongresuaren barruan eginiko hiru jardunaldietan. Martxoaren erdialdera egin zen ekitaldia aprobetxatuz, Nazioartekotzearen Euskal Partzuergoa (NEP) aurkeztu zen; erakunde hori Eusko Jaurlaritzak sortu du Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin eta hiru lurraldeetako merkataritza ganberekin batera, elkarrekin lan egiteko enpresen nazioartekotzearen alde.

Nazioartekotu zein atzerriko negozioa bultzatu nahi duten enpresei arreta pertsonalizatua eman zitzaien martxoaren 16an Euskalduna Jauregian, Mundura Begira kongresuaren barruan, eta hilaren 17an eta 18an Gipuzkoa eta Arabako teknologi parkeetan.

437 elkarrizketa egin ziren guztira; Europa izan zen euskal enpresei gehien interesatu zitzaien lurraldea, 136 topaketa hari buruzkoak izan baitziren. Jarraian etorri ziren Latinoamerika (85), Ipar Amerika (74), Asia eta Ozeania (70) eta Afrika eta Ekialde Ertaina (65). Herrialdeka, Mexiko izan zen topaketa gehienetako protagonista, 34 elkarrizketatakoa hain zuzen; segidan gelditu ziren Estatu Batuak (31), Kolonbia (24), Alemania (23), eta Frantzia, Txile eta Peru, hogeina topaketarekin.

Bilera horiek aukera paregabea izan ziren euskal enpresari eta zuzendaritza-karguentzat, aurrez aurreko elkarrizketak egin baitzituzten interesatzen zaizkien merkatuetan espezializatutako SPRIren Kanpo Sareko teknikariekin.

70 herrialde baino gehiagotan zerbitzuak eskaintzen dituen SPRIren Kanpo Sareak beste topaketa bat egin zuen iragan azaroan euskal enpresekin INTERGUNE+n, Eusko Jaurlaritzak urtero antolatzen duen nazioartekotze foroan. Ekitaldi hartara mila lagun inguru azaldu ziren eta 600 bat elkarrizketa egin ziren. Bi egun horietan INTERGUNE+ topagune bihurtu zen, eta euskal enpresek informazioa jaso zuten bertan nazioartekotze-zerbitzuei, Europako politikei, herrialde gorakorrei eta atzerrian izan ditzaketen aukerei buruz.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow