SPRIk hirien garapen iraunkorreko euskal eredua azalduko die Kolonbiako udalei

16 October, 2015

FINDETERekin (Kolonbiako Garapenerako Bankua) sinatu duen hitzarmenaren barruan, prestakuntza eta euskarri teknikoa eskainiko ditu “Garapen bidean dauden Hiriak eta Hiri Iraunkorrak ” proiekturako. Prestakuntza honen helburua da  hirien garapen iraunkorrari buruzko BIDen programan parte hartzen duten alkatetzetako teknikariek ezagutu ditzatela euskal enpresek hainbat esparrutan dituzten gaitasunak, besteak beste, hauetan: ingurumena, energia, IKTak, mugikortasuna eta logistika eta eraikuntza. Proiektua eta euskal enpresentzat dakartzan aukerak aurkezteko ekitaldia azaroaren 23an egingo da Intergune+ jardunaldian.

 

2016an zehar, SPRIk Hirietako Garapen Iraunkorrari buruzko prestakuntza emango die Kolonbiako hamabi alkatetzatako teknikariei, euskal eredua erreferentzia gisa harturik. Ekimen hori SPRIk eta Findeter-Kolonbiako Garapenerako Bankuak sinatu duten hitzarmen baten barruan sartzen da, zeinaren bidez prestakuntza eta laguntza teknikoa eskainiko baitzaie Kolonbiako hamabi udali, helburu honekin: identifikatu, planifikatu eta lehenetsi ditzatela beren udalerrietan garapen iraunkorra lortzeko epe ertain eta laburrera egingo diren ekintza estrategikoak.

Lantalde bat osatu da euskal ereduan oinarritutako prestakuntza-edukiak egiteko.  SPRIk zuzentzen du talde hori eta EAEko bost klusterrekin (ACLIMA, GAIA, ENERGIA, ERAIKUNE eta MUGIKORTASUNA ETA LOGISTIKA) eta Deustuko Unibertsitatearekin batera ari da proiektua garatzen.

Talde horretan bateratutako lehen lanak INTERGUNE+ jardunaldi-hitzaldietan aurkeztuko dituzte azaroaren 23an, BECen, eguerdiko 12:00etan. Klusterrek bertatik bertara azalduko dizkiete sektore horietako euskal enpresei zein aukera izan ditzaketen Amerika Arteko Garapenerako Bankuak finantzatutako proiektu honen alderdi teknikoan edo prestakuntzakoan parte hartzen badute.

SPRIk eta FINDETER erakundeak sinatu duten lankidetza hitzarmenaren barruan, otsailean, SPRIk Bogotarako enpresa-misio bat zuzenduko du, non “EUSKAL KONPONBIDEAK HIRIEN GARAPEN IRAUNKORREAN” aurkezpen-jardunaldia antolatuko baitu, euskal enpresen proposamen zehatzak aurkezteko eta bost konponbide esparruetan duten ezagutza eta esperientzia azaltzeko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow