SPRI Taldeak Mexikon inbertitzeko aukerei buruzko jardunaldi bat aurkeztuko du

3 azaroa, 2016
Bankinter logoa.

Bankinter Fundazioak antolatutako ekitaldi horretan askotariko gaiak aztertuko dira: egoera ekonomikoa, Eusko Jaurlaritzak ezarpenetarako ematen duen laguntza, finantza instrumentuak, Euskadiko enpresek Mexikon izandako esperientziak, eta abar.

 

Datorren azaroaren 23an SPRI Taldeak Bankinter Fundazioak antolatutako jardunaldi bat aurkeztuko du, bertatik bertara aztertzeko euskal enpresek Mexikon inbertitzeko dituzten aukerak. Bankinter Fundazioak Bilbon daukan egoitza zentralean egingo da ekitaldia. Hasteko, Pablo Santínek (Solunión erakundeko kreditu analistak) Mexikoko egoera ekonomiko eta politikoa azalduko du.

 

Gero Gontzal Barasordak, SPRI Taldeko Ipar Amerika eremuko arduradunak, hizpide hartuko du euskal enpresa eta sektoreek Mexikon bizi duten egoera eta Eusko Jaurlaritzak hango ezarpenei ematen dien laguntza. Jorge Andreok, Bankinter Fundazioko zuzendaritza-karguak, inbertitzeko eskaintzen dituzten finantza instrumentuen berri emango du, eta bukatzeko, Oskar Orrantiak, Matz Erreka enpresako finantza zuzendariak, Mexikon izan duen esperientzia kontatuko du.

 

Joan den urrian SPRI Taldeko ordezkaritza batek, Alexander Arriola zuzendari nagusia buru zuela, misio komertzial eta instituzional bat egin zuen Mexikora. Misio hartan euskal enpresak bisitatzeaz gain, bilerak egin zituzten Mexikoko erakundeetako arduradunekin. Bidaia hori koordinatuta egin zen Gipuzkoako Foru Aldundiak eta energiaren euskal klusterrak 20 enpresari laguntzeko antolatutako beste bi misiorekin.

 

Mexiko lehentasunezko herrialdea da Eusko Jaurlaritzako nazioartekotze estrategian, bai bere barne merkatuaren tamainagatik, bai eta Mexikotik inguruko herrialdeetara esportatzeko dauden aukerengatik, batez ere Estatu Batuetara, baina baita ere Latinoamerikako beste herrialde batzuetara. Horrekin batera, aipatzekoak dira herrialdearen egonkortasun makroekonomikoa, hazteko dituen perspektibak eta, duela hainbat hamarkadatatik, Euskadirekin dituen lotura kultural eta ekonomikoak.

 

2015ean Euskadiren esportazioak 445 milioi eurokoak izan ziren eta inportazioak, berriz, 551 milioi eurokoak; esportazioek %12ko hazkundea izan zuten, eta inportazioak %37 jaitsi ziren. Mexikon 187 euskal enpresa daude kokatuta, munduko beste ezein herrialdetan baino gehiago. Horietatik 96 enpresa komertzialak dira, 69 produkzio arlokoak, eta 22 zerbitzuetakoak. Hauek dira ordezkaritza handiena duten sektoreak: automozioa, energia, elektronika eta telekomunikazioak, trenbideak, makina-erreminta, eskuko erreminta, ingeniaritza eta aholkularitza, aeronautika, eta finantzak.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow