SPRI atzerrian. Urriako lehenengo astea

3 urria, 2016
spri_internacionalizacion_red exterior de spri

 

Habic klusterra Mexikon izan da eta Mexikon LH sustatzeko bilera

 

Habic klusterra Mexikon izan da

Habic, Euskadiko Ekipamendu, Zur eta Diseinuaren Sektoreko Klusterra, eta elkarte horretako 14 enpresa Mexiko Hirian izan dira, eta lan-gosari baten inguruan bildu dituzte sektoreko arkitekto, preskribatzaile eta profesional garrantzitsuenak, bertatik bertara aurkezteko merkatuko azken joerak eta Europan diseinatutako altzarien azken nobedadeak. 50 bat enpresatako ordezkariak joan ziren SPRIk Mexikon duen bulegoaren laguntzaz antolatutako topaketa horretara.

 

Habic-en asmoa da ekipamenduaren eta diseinuaren sektoreetako euskal enpresen presentzia handitzea Latinoamerikan, eta horregatik joan da bisitan Mexikoko Errepublikara. 2012an ere antolatu zen bisita bat, eta 2013-2016 bitartean alderantzizko lau misio egin dira, zeintzuen bidez Mexikoko arkitekto eta preskribatzaileak Euskadira etorri baitira, zuzenean ikusteko nola lan egiten duten hemengo fabrikatzaileek.

 

Bileran parte hartu duten euskal enpresen artean badaude batzuk presentzia dutenak Mexikoko merkatuan. Horietako batzuk dira Dorlet, Eun, Euroseating, Lanik, Niessen eta Prodema. Horiekin batera, Habic elkartearen ordezkaritzan izan dira baita ere B.Lux, Daisalux, Gerodan, Imar, Ofita, Ojmar, Ondarreta eta Treku enpresak.

 

Mexikon LH sustatzeko bilera

Mexikon kokatzen ari diren atzerriko multinazional guztiek eskaera bera egiten dute: Lanbide Heziketaren (LH) espezializazioa handitzea.

 

Horregatik, Guanajuato Estatuko Ekonomia Idazkaritza, Hezkuntza Profesional Teknikoko Eskola Nazionala (CONALEP), SPRI Mexiko eta hainbat euskal enpresa (CIE Automotive, Ecenarro, Metagra, Panelfisa eta RPK) bilera batean elkartu ziren irailaren 20an Celaya hirian, mahai gainean jartzeko enpresek giza baliabideetan edo prestakuntza teknikoaren arloan dauzkaten premiak. Orobat hitz egin zuten Estatuaren garapenean kolaboratzen duten eta, kolaboratzaile izateaz gain, plan estrategikoak dituzten enpresa-taldeentzako laguntza publikoei buruz.

 

Bertaratuek, beren iritziak trukatzeaz gain, azpimarratu zuten premiazkoa dela erakundeen elkarlana bultzatzea, besteak beste, enpresek jasaten duten errotazio masiboari aurre egiteko. Hala, hurrengo urratsa da Guanajuatoko Automozio Klusterrarekin aztertzea zein aukera dagoen Celaya hirian estanpazio arloko prestakuntza zentro bat sortzeko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow