SPRI euskal enpresentzako negozio-aukeren bila Kolonbian eta Argentinan

28 February, 2016

SPRIko zuzendari nagusi Alexander Arriolak astebeteko enpresa-bisita bat hasiko du bihar, otsailaren 29an (astelehena), Kolonbian eta Argentinan. Asmoa da euskal enpresentzako negozio-aukerak bilatzea bi herrialde horietan, zeren Kolonbiak hiri-eraldaketa sostengarrien eta Smart Cityen aldeko apustua egin baitu eta Argentinako gobernuak konpromisoa hartu baitu ia 6.600 milioiko inbertsioak egiteko Munduko Bankuak eta Amerika arteko Garapenerako Bankuak finantzaturiko garapen proiektuetan.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresa agentziako zuzendari nagusia harremanetan jarriko da herrialde haietan kokatuta dauden euskal enpresekin. Kolonbian 62 euskal enpresa daude, eta Argentinan 37.

 

Bisita Kolonbiara

SPRI Taldeak, IHOBEk eta sei euskal klusterrek Kolonbiako hainbat eskualde bisitatuko dituzte otsailaren 29tik martxoaren 4ra bitartean, bai jardunaldi batean eta bai Kolonbiako sei eskualdetara egingo dituzten bisitaldietan azaltzeko euskal erakunde eta enpresek zer-nolako konponbideak aplikatu dituzten hiri-garapen sostengarriaren arloan hiru euskal hiriburuak eraldatzeko prozesuan, eta nolako esperientzia duten euskal enpresek Smart City-en esparruan.

Kolonbiako gobernua hiri-eraldaketa prozesu garrantzitsu bat ari da gauzatzen hainbat hiri eta eskualdetan Findeter (Kolonbiako Azpiegitura Sostengarrirako Garapen Bankua) eta Amerika arteko Garapen Bankuaren (BID) bidez. SPRIk hitzarmen bat dauka sinatuta erakunde horiekin, eta hitzarmen hori garatzea da bidaiaren helburuetako bat. Horrez gain, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresa agentziak sustapen lanak ere egingo ditu, euskal enpresek negozio eta inbertsio aukerak aurki ditzaten eraldaketa-prozesu horietan.

SPRI Taldeko zuzendari nagusi Alexander Arriola ordezkaritza baten buru izango da, zeinetan sartuta egongo diren IHOBE eta SPRILUR agentziak, hainbat sektoretako enpresak (energia, ingurumena, mugikortasuna, EIKTak, eraikuntza, ingeniaritza, aholkularitza, e.a.) eta beren klusterrak (Energia klusterra, ACLIMA, MLC-ITS, GAIA, Eraikune eta AVIC).

SPRI Taldeak hiru helburu lortu nahi ditu bidaia honekin. Batetik, aipatu klusterretako bazkideei laguntasuna emango zaie erroak bota ditzaten Kolonbiako merkatuan, non negozio aukerak hasi baitira zabaltzen, Barranquilla, Manizales, Bucaramanga, Pereira eta Montería eskualdeetako hiriburuetan gauzatzen ari diren eta jarraituko duten eraldaketa-prozesuak direla medio.

Orobat, Alexander Arriolak bilera bat egingo du Bogota hirian Kolonbian kokatuta dauden 62 euskal enpresekin. Atzerriko herrialde bat bisitatzen duen guztietan egiten duen bezala, oraingoan ere Arriola saiatuko da hurbiletik ezagutzen euskal enpresek jomuga-herrialdean duten egoera, argi identifikatzen Euskadiko beste enpresari batzuentzat sor daitezkeen aukerak eta zailtasun handienak, eta jakinarazten nolako zerbitzuak eskaintzen dituen Eusko Jaurlaritzak herrialde hartako ordezkaritzaren edo SPRIren bulegoaren bidez.

Azkenik, SPRI Taldeak lankidetza hitzarmen bat sinatuko du hilaren 29an Kolonbiako PTP agentzia homonimoarekin (Merkataritza eta Industria Ministerioaren menpekoa), bi herrialdeen arteko lankidetza sustatzeko prozesu industrialen arloan. Bestalde, Findeter erakundearekin (Kolonbiako Azpiegitura Sostengarrirako Garapen Bankuarekin) sinatuta dagoen hitzarmena garatuko du, Arriolaren eta kontinente osoan hain osptesua den Luis Fernando Arboleda presidentearen arteko bilera batean.

Bisita Argentinara

Sprilurrek, Ihobek eta klusterrek Kolonbian jarraitzen duten bitartean lan-jardunaldiak eta kontaktuak egiten, SPRI Taldeko zuzendari nagusia Buenos Airesera joango da eta martxoaren 2tik 4ra Argentinako erakunde eta enpresetako eragile nagusiekin elkartuko da, une erabakigarria baita Argentinarentzat, duela hiru hilabete izandako gobernu aldaketa historikoaren ostean.

SPRI izango da Inbertsioak eta Nazioarteko Merkataritza Sustatzeko Agentzia Nazional sortu berriarekin bilduko den lehen garapen agentzietako bat, funtsezko kontaktua baita inbertsio argentinarrak sustatzeko Euskadin. Era berean, Arriolak bilerak egingo ditu Buenos Airesko probintziako Gobernazioko idazkari nagusiarekin eta Buenos Airesko Hiri Autonomoaren Gobernuko Inbertsioen Kudeaketako zuzendariarekin, Argentinako gune ekonomiko eta produktiboetan egin daitezkeen etorkizuneko inbertsioak ezagutzeko.

Bestalde, Argentinako Errepublikako Industria Metalurgikoen Elkartea bisitatuko du, hango zuzendaria SPRIren egoitzan izan baitzen iazko irailean eta harreman bikaina baitute harrezkero. Ondoren, SPRIko zuzendari nagusiak Munduko Bankuaren eta Amerika arteko Garapenerako Bankuaren Argentinako egoitzak bisitatuko ditu, bi erakunde horiek datozen urteetan egingo dituzten lizitazio publiko interesgarrien berri jakiteko.

Azkenik, lan gosari bat egingo da Argentinan kokatutako euskal enpresa guztiekin, eta gosari horretan zerga arloko aditu batek gonbidatu gisa parte hartuko du hitzaldi bat emateko bertaratzen diren euskal enpresei.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow