SPRI atzerrian. Maiatzako bigarren astea

13 maiatza, 2016
spri_internacionalizacion_red exterior de spri

 

SPRIk Euskadiko inbertsio aukerak erakutsi ditu Txinan aste emankor batean eta Euskadiko ordezkaritza “Expo Seguridad México” azokaren XIV. edizioan izan da

 

SPRIk Euskadiko inbertsio aukerak erakutsi ditu Txinan aste emankor batean

SPRIren Shanghaiko ordezkaritzak lagundurik, Invest in The Basque Country ekimenak Euskadi markaren sustapen-lan handia egin du Txinan, Txinako inbertsioa Euskadira erakartzeko. Bisita hori, batik bat, Jiangsu, Anhui eta Shanghaiko probintzia eta eskualdeetan zentratu da, eta euskal ordezkaritzak bilerak egin zituen Txinako erakunde eta instituzioekin, klusterrekin,  sektore eta enpresa elkarteekin, eta kanpo merkataritza sustatzen duten edo nazioartekotze bidean dauden Txinako eta EAEko enpresa eta teknologi parkeekin.

 

El delegado de SPRI en China.

Mikel Yang, SPRIren Shanghaiko ordezkaritza.

Invest in The Basque Country ekimenak eta SPRIren Shanghaiko ordezkaritzak parte hartu zuten orobat Espainiak Shanghain duen Bulego Ekonomiko eta Komertzialak eta Invest in Spain-ek inbertsioak erakartzeko antolatutako Hefei mintegian. Mintegi horren sustatzaile izan dira: probintziako Gobernuko Atzerriko Gaietarako Bulegoa, Merkataritza Ministerioaren ordezkaritza, CCPIT, eta Industria eta Merkataritza Federazioa. SPRIren Txinako ordezkariak bertatik bertara aurkeztu zuen euskal automozioa eta AIC (Automative Inteligence Center) proiektua, Anhui probintziako enpresariei orientatua.

 

Euskadiko ordezkaritza “Expo Seguridad México” azokaren XIV. edizioan izan da

Euskadiren Mexikoko ordezkaritzako kideak Mexiko Hirian (Banamex zentroan) egin den Expo Seguridad México azokaren XIV. edizioan izan dira. Ekitaldi horretan bertatik bertara aurkeztu dira segurtasun arloko joerak eta berrikuntza teknologikoak, bai eta programa hezitzaileak, sektoreko espezialisten eskutik panel, hitzaldi eta tailerrak eskaintzen dituztenak.

Fabrikatzaile, integratzaile eta banatzaile garrantzitsuenek aukera izan dute beren arloko azken nobedadeak aurkezteko. Hala, ESM eta ESI segurtasun konponbideen plataforma bakar bihurtu dira Latinoamerikan, eta industriaren esparruko onena aurkeztu dute. Euskadiren Mexikoko ordezkaritzako kideak ere azokan izan dira, eta hainbat enpresa bisitatu dituzte, besteak beste, Salto Systems euskal enpresa.

SPRIk euskal LHren nazioarteko campusa aurkeztu du

TKNIKA, EAEko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Institutua Mexikoko Errepublikako hainbat herritan izan da “Euskadiko Lanbide Heziketaren Nazioarteko Campusaren Aurkezpena; esportatzeko moduko erreferentzia europarra” programaren barruan. Agustín Agirrek (Institutuko zuzendaria), José Luis Fernandez Maurek (Nazioarte Saileko zuzendaria), Ibon Mendibelzuak (ordezkaria) eta Irakusne Inciertek (Enpresa Saileko zuzendaria) hainbat bilera izan dituzte Mexikoko gobernu organoekin eta hainbat sektore interesgarritako enpresekin, euskal LH-ren eredua aurkezteko eta defendatzeko. TKNIKAren bisitak balorazio positiboak jaso ditu topaketetara joan diren erakunde mexikarren aldetik.

 

Cristóbal Balenciagaren erakusketa Mexikoko Arte Modernoaren Museora iritsi da

Dozenaka lagun, besteak beste Euskadiren Mexikoko ordezkaritzako kideak, joan ziren Arte Modernoaren Museora, bertan inauguratu baitzen Cristóbal Balenciaga erakusketa, Latinoamerikak lehenengoz ostatatu duena, eta hantxe egongo da ikusgai irailaren 4ra arte.

Erakusketa ehun bat piezaz osaturik dago, horien artean daudelarik Getariako -euskal diseinatzailearen jaioterriko- Cristóbal Balenciaga Museoaren bildumako zortzi soineko; beste batzuk, berriz, bilduma partikularretakoak dira. Badaude baita ere kapeluak, maskarak, edota Manuel Outumuroren argazkiak, eta dokumental bat proiektatuko da.

 

Erakusketaren inaugurazioan, Kultura Idazkaritza Federaleko titular Rafael Tovar y de Teresak adierazi zuen Balenciaga goi-mailako joskintzaren munduko figura esanguratsua dela eta une distiratsuak bizi izan zituela estetika berri bat lortzeko bidean.

 

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow