SPRI atzerrian. Apirilako bigarren astea

15 apirila, 2016
spri_internacionalizacion_red exterior de spri

SPRI eta euskal enpresak ontzigintzako Asiako azokarik garrantzitsuenean.

 

Martxoan  egin da Singapurren Asia PacificMaritime (APM), Asiako ontzigintzako eta itsas eraikuntzako (lanerako itsasontziak eta offshore) erakusketa eta konferentzia garrantzitsuena. 15.000 lagunek parte hartu dute aurtengo edizioan. Azokan pabilioi bana izan dute Australiak, Austriak, Txinak, Danimarkak, Finlandiak, Frantziak, Alemaniak, Holandak, Indonesiak, Japoniak, Hego Koreak, Malaysiak, Norvegiak, Singapurrek, Espainiak eta Erresuma Batuak. SPRIren Singapurreko bulegoak euskal enpresekin batera bisitatu du azoka.

 

Nahiz eta itsas eta offshore industriak egoera zaila bizi duen mundu mailan, epe luzera hazkunde aurreikuspen onak ditu Asian, munduko hazkunde handiena izango duen eskualdeetako bat baita. Asiak edukiontzien trafiko globalaren %70 ordezkatzen du, eta munduko hamar edukiontzi-portu handienetako bederatzi kontinente horretan daude.

 

Singapur lehen mailako hub portu bihurtu da eta 120tik gora herrialdetako 600 portu baino gehiagorekin konektaturik dago

Asiaren barruan, Singapur da munduan trafiko gehien duen edukiontzi-portua. Lehen mailako hub portu bihurtu da eta 120tik gora herrialdetako 600 portu baino gehiagorekin konektaturik dago, balio erantsi handiko zerbitzu eraginkorrak eskaintzen dizkielarik erabiltzaileei. Gainera, nazioarteko itsas zentroa da (sektore horretako 120tik gora enpresak instalatu dute bertan beren egoitza) eta Asia osoko finantza zentroa ere bai (itsasontzien finantzaketa, itsasontzi artekaritza, arriskuen kudeaketa, itsasoko aseguruak, e.a.).

 

Bestalde, mundu mailako liderra da plataforma auto-jasogarrien eraikuntzan eta FPSO konbertsioan (ur gaineko produkzio unitateak eta deskarga sistemak),  horrezaz gain, zentro bikaina da lehen mailako itsasontziak konpondu eta eraldatzeko eta aditua itsasontzi pertsonalizatu eta espezializatuen eraikuntzan. Izan ere, Singapurreko itsas industriak 11.000 milioi eurotik gorako fakturazioa izan zuen guztira.

 

Singapurrek bere portuan inbertitzen jarraitzen du.  Iaz, Pasir Panjang-eko edukiontzien terminaleko 3 eta 4 faseak ireki ziren. 2017aren amaieran martxan jartzen direnean, Singapurrek 50 milioi TEU kudeatu ahal izango ditu urtean.  Orobat hasita daude Tuas-ko mega-portua eraikitzeko lanak. Martxan jartzen denean, gai izango da 65 milioi TEU kudeatzeko, eta beraz, munduko edukiontzi-terminalik handiena izango da. Bestalde, Singapur LNG-ren bunkerren hub bihurtuko da laster.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow