Iñaki Tellecheari, SPRIko Enpresa Sustapeneko zuzendaria: «Garestiak gara, baina fidagarriak»

28 azaroa, 2017
Iñaki Tellechea, SPRI Taldeko bere bulegoan.

Iñaki Tellecheari, SPRIko Enpresa Sustapeneko zuzendariariaren ustez, “hemen egiten den inbertsioa ez da izan behar oportunista. Gurera datorrena, bertan geratzeko etortzen da»

 

Ez gaitezen tronpatu: Euskadik salmenta txarra dauka atzerrian. Multinazional bateko nagusi bati inork proposatzen badio inbertsio produktibo bat egiteko Euskal Herrian, hara zer ikusiko duen aurrena: Sozietateen gaineko zerga-tasa gurean %28koa da eta Estatuan, aldiz, %25ekoa, lan-eskuaren kostua Espainiako handienetakoa, ez daukagu abiadura handiko trenik…

 

Aurkezpen-txartel eskasa ematen du horrek…

Baina ez hori bakarrik: lurra, gutxi eta garesti daukagu, Barne Produktu Gordinaren mailak asko mugatzen gaitu fondo galdurako laguntzak emateko… Ditugun adierazleak izanda, atez ate inbertsio bila hasten bagara, gureak egin du hasieratik bertatik. Gurera ez dator inor merkeak garelako. Garestiak gara, baina fidagarriak.

 

Iñaki Tellecheak, SPRIko (Enpresa Garapeneko Euskal Agentzia) Enpresa Sustapeneko zuzendariak, oso ondo daki zein diren Euskadiren aktiboak eta pasiboak. Zerk erakartzen eta uxatzen dituen inbertitzaileak. Oro har, badirudi erakargarriak izaten jarraitzen dugula, zeren, Ekonomi Garapeneko sailburu Arantxa Tapiak aste honetan adierazi duenez, Invest in the Basque Country programaren eskutik nazioarteko enpresen 11 inbertsio lortu dira (40 milioiko inbertsioa eta 383 enpleguren sorrera), eta borrokan ari dira beste 38 lortzeko.

 

Zer daukagu guk, gauza guztiak gorabehera, atzerriko enpresen inbertsioak erakartzen jarraitzeko?

Potentziala saltzen dugu: hemen aurkituko dute balio-kate bat, zerbitzu industrial aurreratuak, I+G eta talentu asko, Lanbide Heziketako ikastetxeak ditugulako prestakuntza duala egiten dutenak. Bestalde, enpresak  ez dira joaten inor ez dagoen lekura, baizik eta ingurune indartsu bat, ekosistema bat dagoen tokira. Eta, hain zuzen ere, Euskadin dago Mercedes etxeak Alemaniatik kanpo daukan lantegi lehiakorrena, nazioartean traktore diren enpresak, hala nola Iberdrola, Sener, CAF, ITP… Eta Europa hegoaldeko erdigunean gaude, komunikazio onak ditugu Bilboko portuarekin, aireportuekin…

 

Halere, Loiuko aireportuaren loturak ez dira oso ugariak, eta AHTrik gabeko Espainiako eskualde bakanetako bat gara.

Hori gorabehera, Europako logistika onenetakoa daukagu. Gasteizko  merkatugaien aireportuak izugarrizko erakarmena dauka, zeren DHLk hortxe baitauka bere hub-a, eta, beraz, 48 ordutan jartzen duzu edozein salgai munduko edozein tokitan. Errepide-sare ona daukagu, eta hortik mugitzen dira salgaiak gehienbat; Frantzia ere ondoan daukagu; Estatu Batuetatik datorren itsaspeko zuntz kablea ere oso garrantzitsua izango da, konektagarritasuna funtsezkoa da-eta.

Horrek guztiak orekatzen al du guk ez izatea Barajas edo El Prateko aireportuen antzekorik?

Proiektu bakoitza mundu bat da. Batzuetan gure kalterako da airezko lotura zuzenik ez izatea, demagun, Lyonekin, Madrilek eta Bartzelonak daukaten bezala. Baina ez da izaten beti horrela. Adibidez, badira enpresa batzuk kokoteraino daudenak Madril eta Bartzelonan jendea prestatzen eta gero hilabete gutxira denak lehiakideengana joaten ikusten, han errotazio handia dagoelako. Euskadin errotazio-maila txikiagoa dago, eta hori enpresa batzuentzat erakargarria da, langileak enpresari atxikiagoak izaten direlako.

Nolako enpresak etorri ohi dira Euskadira?

Oso zentratuta gaude zerbitzu aurreratuetan eta teknologia maila ertain-handiko industrian. Adibidez, duela gutxi biofarmaziako enpresa bat Donostian kokatu da balioa eman diolako Miramongoa bezalako teknologi parke batean egon ahal izateari, erreferentziazko ospitalez inguratua, ondoan izatea Nanogune Ikerketa Zentroa,  teknologiako euskal sarea, zientzialarientzako egoitza bat… Kasu bakoitza ezberdina da eta enpresa bakoitzak gauza ezberdinak bilatzen ditu. Behin, erabakigarria gertatu zen zuzendari baten seme-alabentzako gaztelerazko eskolak lortzea… Hiri atsegin bat izatea ere lagungarria da, noski.

 

Sandwicha ala bisigua

Horrek badu xarmarik? Erakarmen bat al da gastronomia eta bizi-kalitatea?

Ez da hori. Amaitu da bazterretan ibiltzea esku batean Idiazabal gazta bat eta bestean botila bat txakolin hartuta. Hori oso ondo dago behin jendea hemen bizitzen jarri ondoren. Baina inor gurera badator enpresa bat gurean ezartzea negoziatzera, ingurua ezagutzera, horiek jadanik ez dira joaten bisigua jatera; sandwich bat jaten dute eta badoaz berriro aireportura.

 

Nola konbentzitzen duzue multinazional bat Euskadira etor dadin?

Bide nagusia euskal industria-sarea da, gure enpresak direlako gure aktibo nagusia. Atzerrian lanean ari diren enpresak eta hornitzaile edo bezero bat ezagutzen dutenak gurera etortzeko  interesa izan dezakeena.

Lagungarri dira baita ere SPRIren bulegoak, batez ere Alemania, Erresuma Batua eta Estatu Batuetakoak, horietan kontaktuak egiten ari gara-eta. Horrez gain, enpresei aholkatzen dizkieten kontsultore eta abokatuekin ere ari gara lanean.

 

Zer egin daiteke gurera etor daitezen, Euskadiren potentzialitateak erakusteaz gain?

Leihatila bakar gisa ari gara lanean. Gure asmoa da enpresak ez daitezela ibili sailez sail, administrazioz administrazio, informazio eske eta gestioak egiten. Eskutik helduta ibiltzen gara eurekin. Eta kasu bakoitza ezberdina da. Harremanetan jartzen gara lantzean behar den klusterrarekin, berak dakielako gehien negozio bakoitzari buruz. Enpresa batek lurra behar badu, SPRILURi deitzen diogu; itsasoko garraioa behar badu, harremanetan jartzen gara portuko jendearekin; I+G-rako laguntzak behar baditu, Aldundietara edo Eusko Jaurlaritzara jotzen dugu… Kontua da zerbitzua neurrira eta azkar ematea.

 

Atzerriko enpresen inbertsioa, askotan, gurean jadanik kokatuta dauden enpresena izan ohi da.

Inbertsioen %90, jadanik hemen kokatuta dauden enpresena da. Horregatik da hain garrantzitsua ‘aftercare’ delakoa, hau da, gurean kokatuta dauden enpresetara joatea eta galdetzea nola ari diren, zer behar duten…  Txera ona egitea. Kontua da atzerriko inbertsioa sendotzea, zeren, askotan, hemen dauden lantegiek ez dute lehiatzen  beste ekoizle batzuekin, baizik eta multinazionalak berak beste toki batzuetan dituen beste lantegiekin.

 

Ez al da arraroa atzerrira joatea inbertsio bila eta alde batera uztea Katalunia? Nola izan daiteke beren egoitza Kataluniatik atera duten 2.000tik gorako enpresetatik bat baino ez etortzea gurera?

Guk enplegua sortuko duten inbertsio produktiboak nahi ditugu, ez egoitza aldaketak. Katalunian ez gara izan proaktiboak, ez dugulako uste hori denik gure lana. Gurean egiten den inbertsioak ez du zertan izan oportunista, nitxokoa baino. Gurera datorrena, bertan geratzeko etortzen da.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow