Sindosak kontratuak lortu ditu Ekuadorren eta Mexikon

22 December, 2016

Bizkaiko ingeniaritza-enpresak bi automatizazio-proiektu gauzatuko ditu 2017an uraren sektorean

 

Sindosa ingeniaritza-enpresa bizkaitarra aukeratu dute Mexikon eta Ekuadorren, uraren industriako bi automatizazio-proiektu garatzeko. Bi jarduketa hauek 2017. urtean gauzatuko dira.

 

Araztegietako eta industria-prozesuetako automatizazio-soluzioek ura tratatzeko sistema eraginkorragoak eta fidagarriagoak abian jartzea ahalbidetzen dute, baliabide honen erabilera optimizatuz eta eskari gero eta handiagoari erantzunez.

 

Testuinguru honetan, euskal taldea Mexikon kokatutako ur eta efluenteen tratamendurako instalazio baten aldez aurreko ingeniaritzaz, programazioaz eta abian jartzeaz arduratuko da, baita kontrol-armairu baten horniketaz ere, Empresa XXI egunkariaren informazio baten arabera.

 

Ekuadorren, egoitza Derion daukan konpainiak Esmeraldas udalerriko edateko uraren tratamendu-estazioko kontrol-sistema osoa programatu eta doitzeko esleipena lortu du.

 

Nazioartekotzearen aldeko apustuari atxikitako bi kontratu hauez gain, Sindosak hainbat proiektu gauzatuko ditu 2017an Estatu barruko merkatuan.

 

Alde batetik, enpresa bizkaitarrak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren horniketa-sareko kontagailuen teleneurketa-ekipoak instalatzeko lanak egitea aurreikusia du.

 

Bestetik, taldeak Lizarrako hondakin-uren araztegiko telekontrola antolatuko du Jurramendiko Mankomunitatearentzat (Nafarroa). Ekipoak eguneratu eta scada izeneko kontrol-sistema txertatzeaz arduratuko da, ordenagailuen laguntzaz instalazioko prozesuak urrutitik gainbegiratu eta kontrolatu ahal izateko.

 

Iturria: Empresa XXI

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow