“Beti bilatu ditugu eskakizun teknologiko handiko nitxoak”

26 June, 2017

 

Andoni Isasti, Cadinox enpresako zuzendari kudeatzailea, Europako lider bihurtu da instalazio zientifikoetarako ekipo mekano-soldatuen fabrikazioan

Gipuzkoako Belauntza herrian dago Cadinox famili enpresa (ETEa). 1966an sortu zen soldadura tailer modura, sasoi hartan oparoa zen paper industriaren itzalean, eta orain, hainbat hamarkada geroago, Europako lider bihurtu da instalazio zientifikoetarako ekipo mekano-soldatuen fabrikazioan.

Cadinox konpainia oso teknologikoa da, eta eraldaketa prozesu betean dago, pertsonengan oinarritutako kultura txertatzeko. Enpresa egiteko modu berri bat da, eta horri esker, ADEGIren aitortza jaso du, lidergoa mantentzen duelarik teknikaren eta antolakuntzaren ikuspuntuetatik oso exijenteak diren merkatu nitxoetan.

Euskal konpainia horrek bere produkzioaren %45 esportatzen du, besteak beste Estatu Batuetara, Japoniara, Finlandiara, Txinara edota Brasilera; 10 milioi euro inguru fakturatzen ditu, eta 65 lagun enplegatzen ditu. Andoni Isasti enpresako zuzendari kudeatzaileak konpainiaren iragana, oraina eta etorkizuna errepasatu ditu Made in Basque Country (Radio Euskadi) irratsaioan.

Gaian sartu baino lehen, zer dira zehazki Euskadin fabrikatzen dituzuen instalazio zientifikoetarako ekipo mekano-soldatuak?

Helburua da soldadura- eta mekanizatu-prozesuak integratzea, konponbide konplexuak sortzeko, lotura-teknologien eta mekanizatuaren zehaztasunaren ikuspuntuetatik. Hauxe da guk egiten duguna, atalez atal azalduta: materialak bildu –beroan ijeztutako xafla izaten da lehengaia-, ebaketa, osatze, mihiztatze eta soldatze prozesuak egin, eta bukatzeko, mekanizatu, hau da, zehaztasuna eman, ondoren beste pieza batzuekin mihiztatzeko eta muntatzeko, eta horrela, funtzionaltasun bat duen osotasuna eraikitzeko.

Osagai teknologiko handiko funtzionaltasun bat; ba al du batere antzik enpresak duela hainbeste hamarkadatatik egiten duenarekin?

Funtsa mantentzen dugu, horixe izan baitzen enpresa sortzeko arrazoia, eta jarraitzen dugu lanean paper industriarentzat, baina dibertsifikatu egin gara, bai sektoreen ikuspuntuetatik eta baita geografikoki ere. Energia sortzeko prozesu guztiak eta Zientziaren Industria deituriko sektorekoak dira une honetan gure fakturazio zifran garrantzi handiena dutenak.

Cadinox ibilbide luzeko ETE bat da. Esan liteke garai desberdinetara egokitzeko gaitasuna izan dela bere arrakastaren giltzetako bat?

Beti bilatu ditugu nitxo teknologikoak, eskakizun handiko nitxoak alegia, eta ahalegindu gara prozesuak integratzen produktuei ahalik eta balio erantsi handiena emateko. Zentzu horretan, eboluzionatu egin dugu gauzak egiteko modu gero eta konplexuago eta osoagoetarantz; hala, lortu dugu Euskadin eginiko produktua lehiakorra izatea eta munduko ia edozein tokitatik eskatzen digute orain.

Adibidez, nolako ekipo ondasunak fabrikatzen dituzue instalazio zientifikoetarako?

Une honetan, simulazio espazialeko kamera bat fabrikatzen ari gara, eta egin ditugu baita ere hutseko ekipoak laser oso indartsuak dituzten instalazioetarako, produktu oso espezifikoak CERNerako (Suitzan dagoen partikula azeleragailurako) eta neutronikako beste instalazio batzuetan ere parte hartu dugu, bai Frantzian eta bai Ingalaterran. Mailarik altueneko ikerlariek entseguak egiten dituzte gure ekipoekin (edo ekipo zatiekin), eta horretarako, egin nahi duten entseguaren baldintzak (hutsa, presioa, magnetismoa, tenperatura altuak edo baxuak…) erreplikatu behar izaten dituzte. Hau da, espazioan funtzionatuko duen satelite bat probatu nahi badute, baldintza berberak lortu behar dira, eta horrek esan nahi du, guk eraiki behar dugunak baldintza horiek jasan behar dituela.

Kanpotik ematen du lan dibertigarria dela zuena, atsegina… hala da?

Bai, batzuetan gehiegi ere bai (barreka). Batzuetan, gustatuko litzaiguke bost makinako serie bat fabrikatzea, abiadura hartu, gozatu eta pixka bat lasaitzeko. Baina lana oso aldakorra da, sormen handia eskatzen du eta baldintzak aldatu egiten dira proiektu batetik bestera, beraz, momentuan aldatu behar dugu txipa.

Zergatik?

Lan honetan ez zaizkigulako bi proiektu berdin iristen. Horregatik, jakin behar da bezeroari entzuten, eta etengabe berrasmatu behar dugu geure burua, atzo proiektu zehatz baterako baliagarria zenak gaur ez digulako balio.

Etengabeko berrikuntza prozesu horretan, barnera begira jarri zarete, balore berriak bilatzeko, eta enpresa, harremanak nahiz konpromisoak beste era batera ulertzen hasteko… Ildo horretatik, ADEGIk -Gipuzkoako patronalak- Enpresako Kultura Berriaren saria eman dizue berriki, balore berriak “hazteagatik”…      

Hala da, bai. Bere momentuan ulertu genuen kontua ez zela zer egiten genuen, baizik eta nola, gure iritziz modua oso garrantzitsua delako; eta, hain zuzen, ohartu ginen pertsonen sormena, inplikazioa, konpromisoa eta parte-hartzea sustatzeko, ezinbesteko zela iraganeko moduak aldatzea. Hainbat urte daramatzagu kultura eraldatzeko prozesuan murgilduta, eta oso gustura gaude egiten ari garen bidearekin.

Traineruaren metafora ematen du…

Bai, denok egin behar dugu arraun norabide berean. Sokatiratik trainerura pasa gara, konfrontaziotik lankidetzara eta elkarrizketara. Denok parte hartzen dugu proiektuan, denok dugu konpromiso handia, eta gainera, denok ateratzen gara irabazten (ez bakarrik errentagarritasunaren aldetik), beraz, eszenatoki perfektua da.

Zergatik iritsi zineten duela bost urte inflexio puntu honetara? Orduan aldatu zenituzten enpresa egiteko eta langileen arteko harremanak ulertzeko modua, eta orduan hasi zineten erabakiak adostasunez eta elkarrekin hartzen…

Bi bazkide fundatzaileek erretiroa hartu zuten, eta enpresako belaunaldi aldaketa aprobetxatuz, abagune egokia iruditu zitzaidan aldaketa horri gehitzeko neure ametsa, ikuspegia eta utopia.  Hori dena mahai gainean jarrita modu berriak asmatu genituen erabakiak hartzeko, elkarrekin erlazionatzeko eta estrategia eta lan egiteko modua hausnartzeko.   Eta horrela, baldintza paregabeak sortu ziren aldaketak gorpuzteko. Bestalde, aldaketa horiek kolektiboaren premietara egokitzen dira, funtsean pertsonei entzun behar baitzaie, denontzat egokiena den horretara egokitzeko.

Zuk eman duzuna bezalako urrats bat emateko beharrezkoak dira gardentasuna, elkarrizketa eta ezker eskua. Enpresari batek zeri egin behar dio uko horrelako prozesu bati ekitean?

Esango nuke prest egon behar duela barruko harrari entzuteko eta entzuten duen horri forma emateko. Nik behinik behin horixe egin dut. Bestalde, badaude gaitasun batzuk, zerikusirik ez dutenak negozio eskoletan eta unibertsitateetan erakusten denarekin: trebeziak, pertsona arteko harremanak, kolektiboa, antolatzeko erak… faktore horiek denak ez dira guztiz arrazionalak, asko baitute intuiziotik, emoziotik eta arimatik. Aldamenekoari entzun behar zaio, nahiz eta agian ez gustatu zer esaten duen. Bestearen betaurrekoak edo txapela jarri beharra dago. Bere lekuan jarri, norbere optikatik imajinatu ere egin ezin diren gauzak ikusteko edo ulertzeko. Horrelako ariketek asko erakusten dute, eta  zentzua ematen diote bideari, emaitzari baino gehiago.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow