Siemens Gamesak offshore parke eoliko bat garatuko du Alemanian

6 June, 2017

Konpainiak 112 megawatt eta 16 aerosorgailu hornituko dizkio guztira EnBW elektrizitate-konpainia alemaniarrari

 

Siemens Gamesa konpainia eolikoak aerosorgailuen horniketa eta sarearekiko konexioa barne hartuko dituen soluzio osoa garatuko du EnBW elektrizitate-konpainia alemaniarrak Ipar Itsasoan, Alemaniako Borkum irlatik 30 kilometro iparraldera kokatua duen Albatros itsas-parke eolikorako.

 

Zehazkiago esanda, Zamudioko enpresak 112 megawatt eta SWT-7.0-154 modeloko 16 aerosorgailu hornituko ditu guztira. Horrez gain, parkaren bost urteko eragiketa eta mantentze-lanez arduratuko da.

 

Instalazioa Hohe See-ko 497 megawatteko offshore parke eolikoarekin batera garatuko da. EnBW konpainiaren proiektu hau ere, Albatros parkea bezalaxe, Borkum irlatik 30 kilometro iparraldera kokatuta dago.

 

Lanak 2018ko udaberrian hasiko dira eta 2019rako instalazioa jardunean egotea espero da. “Proiektu honen bidez, offshore arloan dugun esperientzia zabala erakusteko aukera izango dugu, ingeniaritza-zerbitzuetatik hasi eta eragiketa eta mantentze-lanetaraino, sarearekiko konexioa ere barne hartuz”, adierazi du Michael Hannibal Siemens Gamesako Offshore arloko CEOak.

 

Hauxe da konpainiak iragari duen lehenengo offshore proiektua, Gamesak eta Siemens Wind Power-ek apirilaren 3an gauzatutako bat-egitearen ondoren. 90 herrialde baino gehiagotara hedatuta dagoen enpresa berriak industria-gaitasuna dauka merkatu eoliko nagusietan, eta 75 gigawatteko potentzia instalatua.

 

Siemens Gamesa konpainiaren aurkezpen bideoa

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow