Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 29 maiatza, 2018 I+G Nazioartekotzea

Mundu mailako erreferentzia bat portuen sektorean

Prosertek enpresa komertziala  beste euskal “txapeldun ezkutu” bat dugu, ultraespezializatua ontziak porturatzeko behar diren elementuetan
Prosertek-ko ontziak porturatzeko sistema bat.

Prosertek enpresa komertziala  beste euskal “txapeldun ezkutu” bat dugu, ultraespezializatua ontziak porturatzeko behar diren elementuetan

 

Prosertek nitxoko txapeldun bat da. Duela 26 urte sortua, Santurtzin dauka bere egoitza eta 70 laguni ematen dio lana. Daukan negozio-eredu berezia da bere arrakastaren giltza, zeren, bere finantza-zuzendari Alex Garcíak dioen bezala, enpresa bizkaitar hori baita munduan dagoen enpresa bakarra ontzi batek munduko edozein portutan atrakatzeko behar dituen elementu guztiak diseinatu, ekoitzi eta  ezartzen dituena. Orain dela hiru urte bere produktuen %5 baizik ez zuen esportatzen, baina gaur egun  %70 esportatzen du. Gorakada  izugarria, inondik ere, bere zuzendariek mantendu egin nahi dutena, enpresaren presentzia finkatzeko Europa, Afrika, Amerika eta Ekialde Ertainean.

 

Itsas munduko irudi bat erabilita, ematen du  gurutzaldi-abiadura ederra hartu duzuela…

Orain dela 26 urte hasi ginen, baina azken hiru urteotan zabaldu gara nazioarte osora, eta, zentzu horretan, bai, epe horretan askoz ere abiadura handiagoa hartu dugu  aurreko 23 urteetan baino.

 

Inor ez bezalakoak zarete, zeuek diseinatzen, ekoizten eta ezartzen dituzuelako ontzi batek munduko edozein portutan atrakatzeko behar dituen elementu guztiak. Zer esan nahi du horrek?

 Kasu honetan esan liteke balio-kate osoa egiten dugula. Portuetan ontzi txikiak elkar jo ez dezaten zintzilik jartzen diren pneumatiko horiek baino askoz gehiago gara…  Guk besterik egiten  dugu: tona askoko ontzietarako atrakatze-defentsak (hala Oil And Gas sektorean nola portuko sektorean), gurutzaontzientzako atrakatze-pasabideak, iaz Getxoko portuan jarri genuena bezalakoak, ihes azkarrerako kakoak, arazoren bat dagoenean ontzia ziztuan askatzeko, monitorizazio sistemak, portuko gidariak atrakatze operazioaren erdian jakin dezan zein den ontziaren abiadura, makurdura, distantzia…  Alegia, ematen du gauza erraza dela, baina konplexua da, batez ere ingeniaritzaren ikuspegitik.

 

Pasaiarientzako atrakatze-pasabide batek zailtasun maila hori izango luke?

 Dudarik gabe, halako bat diseinatzea nahikoa lan konplexua baita. Konparatu, adibidez, aireportu bateko finger batekin, hori ere, gure pasabideak bezala, pasaiarien sartu-irtena ahalbidetzeko gailua. Halere, bada bien artean alde handi bat: hegazkina geldirik dago, lur gainean ez da mugitzen, eta ontziaren kasuan, aldiz, kontuan hartu behar dira mareak, ontziaren balantza, eta orduan pasabideen konpentsazio sistemek elementu finituekiko kalkulu azterketa aski konplexu bat eskatzen dute.

 

Zein dira Prosertek-en arrakastaren giltzak?

 Ontziak atrakatzeko behar diren elementu guztiak hornitzen dituen munduko enpresa bakarra gara, eta hori  oso interesgarria izaten da beti portuko agintari batentzat, hain zuzen ere enpresa bakar batekin lortu dezakeelako  zerbitzu osoa, askorekin barik. Beraz, alde horretatik ezberdinak gara gure lehiakideen aldean. Eta, hortik aparte, gure zerbitzuek berehalako erantzuna eskaintzen dute eta berrikuntza ahalmen handia dute.

 

Nola azaldu daiteke zuen enpresak hiru urte eskasean izan duen nazioarteko jauzi handi hori?

 2008/2009an, krisialdiaren hasieran, enpresak behartuak aurkitu ziren ohi baino gehiago ateratzera kanpora, bizirik jarraituko bazuten; halere, krisialdiak pixka bat geroago harrapatu gintuen gu, gure sektorea nitxokoa delako, oso berezi eta espezifikoa, baina berdin iritsi zitzaigun hargatik. Portu agintarien inbertsioak murriztu egin ziren eta  horrek hausnarketa sakon bat egitera behartu gintuen, eta hausnarketa horrek atzerrira eraman gintuen, ezinbestez. Apustu egin genuen orduan nazioarteko arloan esperientzia zeukan kanpoko zuzendari orokor baten alde, eta izugarrizko aldaketa bat egin genuen; berari esker, une honetan posible dugu munduarekin konektatuta egotea talde komertzial indartsu batekin eta 24 herrialdetan banatuta ditugun agenteekin, eta gero eta ultraespezializatuagoak izatea, horrek dituen arazo guztiekin.

 

Zer esan nahi duzu?

 Zaila gertatzen zaigula  talentua atzeman eta atxikitzea.  Guretzat gai hori askoz zailagoa da nazioartekotzea  bera baino, zalantzarik gabe. Zergatik? Gure produktua hain da espezializatua eta hainbeste alor ukitzen ditu, eta hain ezberdinak (ingeniaritza, mekanika, hidraulika, argindarra, informatika eta softwarea…),  non oso zaila egiten zaigun profesionalak aurkitzea. Izan ere, profesional horiek gai izan behar dute, batetik, gure produktua garatzeko, eta, bestetik, komertzialki defendatzeko beren destinoan, izan Europan, Afrikan, Asian nahiz Amerikan, edo jadanik mahai gainean ditugun etorkizun hurbileko  proiektuetan Kuwait, Guinea Bissau, Houston edo Panamako kanalean.

Lotutako albisteak

23 apirila, 2024 I+G
Emen4sport, kirol-arrakazta edonoren eskura I+G+b baten bidez
Irakurri gehiago
10 apirila, 2024 I+G
Errekak DUNE proiektu zientifikoan hasi du bere ibilbidea, torloju adimendunak garatzeko
Irakurri gehiago
9 apirila, 2024 I+G
CIC biomaGUNEk patentatutako teknologia batean oinarrituta antigorputzak azkar detektatzeko nanosentsoreak
Irakurri gehiago
26 Marzo, 2024 Berrikuntza
Sustatu berrikuntza-proiektuak zure enpresan Fast Track Innobideak ekimenarekin
Irakurri gehiago
20 Marzo, 2024 I+G
Masterly proiektu europarrak enpresen aurrerapen teknologikorako irisgarritasuna bultzatuko du
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak