“Oso bide luzea da NASAren kolaboratzaile izatea”

27 September, 2017
Miguel Ángel Carrera (eskumaldean), Urkullu lehendakaria eta Arantxa Tapia. sailburuarekin.

Miguel Ángel Carrera, Added Value Solutions (AVS) enpresako bazkide eta sortzailea

 

NASAk orbitan jarri duen tresna baten osagaiak Made in Basque Country dira. NASAren “Curiosity” ibilgailua Marten dabil, planeta gorriaren misterioak ezagutu nahian. Ibilgailu horren bizitza erabilgarria bukatzen ari da, eta beste modelo bat bidaliko da misio horrekin jarraitzeko. Hortxe sartzen da AVS. Euskal enpresa hori Elgoibarren sortu zen duela hamar urte, eta berrogeita hamar profesional inguru enplegatzen ditu.

 

AVSk zientzian eta espazioan zentratu du bere negozioa. NASArekin batera dihardu lanean “Curiosity” ibilgailu berriaren parte izango diren bi gailu berri garatzeko. Batek Marteko haizea neurtuko du, eta bestea laser bat da, 2020an bidean aurki ditzakeen haitzen geologia kalibratuko duena. Ingurune konplexuetan mugitzen diren gauza konplexuak, horixe da espazioko konkistaren zerbitzura dagoen euskal enpresa teknologiko honen filosofia.

 

Zenbat denbora behar da Martera iristeko?

Eskuartean dugun misiorako urtebete inguru.

 

Denbora horretan izaten duzue tresnaren berririk?

Ez. Aireratu ondoren urtebete itxaron behar da, eta gero une kritikoa dator, Marten lurreratzeko unea alegia. Orduantxe ikusi behar da denak erantzuten duela erantzun behar duen bezala.

 

Laster bidaliko den artefaktu berriak hamar instrumentu ditu, eta horietatik bi AVSk garatuko ditu.

NASAk misio bat planteatu zuen, plataforma bat jarri nahi baitu Marten, eta zientzialari guztiek beren txokotxoa izan nahi dute plataforma horretan. Instrumentu asko aurkeztu ziren lehiaketara, eta hamarrek irabazi zuten. Zortzi zientifikoak dira, eta beste biak, berriz, esplorazio-tresnak. AVSk esplorazio-instrumentu batean eta instrumentu zientifiko batean parte hartuko du. Baldin eta ongi ezagutzen baditugu Marteko atmosferaren ezaugarri guztiak (dentsitatea, osaera eta gainerako elementuak), behar adina informazio izango dugu jendea eramango duten espazio-ontziak han lur har dezaten. Eta ongi ezagutzen baditugu meteorologiaren ezaugarriak (tenperatura, haizea, hezetasuna…) are informazio gehiago izango dugu egonaldietarako.

 

AVSk egingo duen instrumentu zientifikoa laser bat da. Laser horrek izpi bat botatzen du urrunetik haitzetara, beren konposizioa jakiteko. Instrumentu horren helburua da jakitea nola sortu zen Marte eta nola eboluzionatu duen.

 

Nola lortzen da NASAren kolaboratzaile izatea?

Oso bide luzea da. Urrats handiak egin ditugu, gero eta proiektu konplexuagoak gauzatu, eta azkenean lortu dugu agentziaren arreta erakartzea eta bere radarraren barruan sartzea. Ez du norberak deitzen, eurek deitzen dizute. Hamar urtez etengabe egin dugu lan NASAren begien aurrean jartzeko.

 

Nolakoa da NASArekin duzuen harremana?

2018aren erdialdean entregatuko diegu hegaldirako ekipoa. Urtebete baino gehiago daramagu eurekin lanean. Bi egunetik behin tele-konferentzia bat egiten dugu eta hiru hilabetetik behin bisita bat jasotzen dugu. Ezin gara desbideratu. Kontrol handia dago.

 

Nola ordaintzen dute?

Hainbat mugarri ezartzen dira denboran zehar. Horietako bakoitza gainditutakoan hasten dira ordaintzen. Beste liga bat da. Egunean jartzen gaituzte. Oso exijenteak dira.

 

Non probatzen duzue hau guztia? Gela espazial bat daukazue?

Zabaltzen den mekanismo bat egingo dugu. Horrek esan nahi du denbora asko egon behar duela tolestuta, Martera iristean zabaldu egingo dela eta denbora asko egon beharko duela zabalduta. Zailtasun gehigarri bat dakar horrek.

Beraz, hainbat proba egin behar ditugu tolestuta egingo duen bidaia imitatzeko dagokion tenperaturarekin, eta gero zabalduta egingo duen denbora imitatzeko Marteko neguko eta udako tenperaturekin.

Etxean egiten ditugu diseinua, fabrikazioa eta muntaia. Azken fase hori oso garrantzitsua da, zeren eta funtzionatu egin behar du, bibrazioak eta lurreratzea gainditu, eta abar; baina, horrez gain, kalitate eta garbiketa kontrol oso zorrotza izan behar du, ezin duelako hemengo ezer eraman Martera .

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow