Onlineko azpi-kontratazio industrialean diharduen enpresa suitzar bat instalatu da Arabako Industrialdean

14 February, 2016

Atzerriko inbertsio bat da, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak atzeman duena Invest in the Basque Country agentziaren bitartez. 

Subcon enpresa suitzarrak, Azpi-kontratazio Industrialeko Onlineko Merkatuak,     filial bat instalatzea erabaki du Gasteizko Jundiz industrialdean, eta hala, 4 lanpostu berri sortuko dira. Euskadik Invest in the Basque Country agentziari esker atzeman du atzerriko inbertsio hori. Invest in the Basque Country Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko SPRI  Taldearen ekintza-eremuetako bat da, eta inbertsio hori atzemateko lankidetzan jardun du Sprilur sozietatearekin, babes handia jaso duelarik baita ere Arabako industrialdeko arduradunen eskutik.

Subcon (https://subcon.es) onlineko azpi-kontratazio industrialeko plataforma bat da, Espainiako industriaren sektoreko enpresei zuzendua dagoena. Plataforma horrek konponbideak eskaintzen dizkie industria sektoreko erosle teknikoei hornitzaile berriak bilatzeko eta eskaintzak kudeatzeko, eta baita ere hornitzaileei, bezero berriak bilatzeko eta aurrekontuak eskatzeko.

Erosleak aukera du piezak fabrikatzeko aurrekontu-eskaera bat aurkezteko Subcon enpresaren bitartez. Fabrikazio prozesuaren eta fabrikatu beharreko pieza kopuruaren arabera, Subcon plataformak automatikoki gonbidatzen ditu erregistratutako hornitzaileak, hots pieza hori ekoitz dezaketenak, eskaintza bat egitera.  Ondoren, erosleak bere kontu pertsonalean ikus ditzake jaso dituen eskaintza guztiak. Gainera, plataforman hornitzaileei buruzko informazio garrantzitsua aurkituko du (tokia, sorkuntza urtea, langile kopurua, ziurtagiriak, e.a.), bere premietara ongien egokitzen den fabrikatzailea aukeratu ahal izateko.

Subcon ez da bitartekari bat, beraz, ez du parte hartzen salerosketa prozesuan, ez prezioan, ezta ere erosle eta hornitzaileen arteko kontratu-baldintzetan. Plataformak merkatu zabala eskaintzen die erosleei, behar duten fabrikatzailea aurkitu dezaten denbora gehiegi galdu gabe.

Gasteizko Jundiz industrialdean filial berria zabaltzen denean, enpresa hurbilago egongo da erabiltzaileengandik, eta hala, inguruko industria-gune guztietan haziko da datozen urteetan.

Hemendik gutxira, erosle alemanek ere erabili ahal izango dute. Hala, orain arte gastu handitu sartu ezin zuten ETEek (azoketan parte hartzeko, bidaiatzeko, marketin arloko, eta abarreko gastuak) Alemaniako merkatuko erosleekin harremanetan jartzeko aukera izango dute eta hango merkatura esportatzen hasi ahal izango dira.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow