Ondoan-ek Mexiko eta Marokoren alde apustu egin du

13 July, 2016

Enpresa bizkaitarrak nazioarteko hedapen kanpaina bat hasi du

 

Klimatizaziorako instalazio elektromekanikoetan espezializatuta dagoen Ondoan ingeniaritza-konpainiak bulego berriak zabaldu ditu Mexikon eta Marokon, nazioarteko merkatuetara hedatzeko darabilen estrategiaren barruan.

 

Enpresak zabaldutako ohar baten arabera, Mexikoko egoitza berriak proiektu garrantzitsuekin lotutako eskaintzak ditu une honetan. Proiektu horiek eraikuntza publiko nahiz pribatukoak, hirugarren sektorekoak, industria sektorekoak eta petroliogintza eta energia sektorekoak dira.

 

Horrez gain, Ondoan-i, esparru amankomunetako suteen aurkako babes-instalazioak gauzatzeko lanak esleitu dizkiote, hegoaldeko Veracruz estatuan kokatutako Coatzacoalcos nekazaritza-logistika eta industria parkea eraikitzeko proiektuaren barruan.

 

Bestalde, enpresa bizkaitarrak merkataritza-bulego bat dauka urte hasieraz geroztik Marokoko Casablanca hirian. Bulego horretatik, proiektu berriak lortu nahi ditu herrialde osoan nahiz Magrebeko beste leku batzuetan.

 

Nazioartekotze prozesua bultzatzeko ahaleginean, Ondoan-ek tokian tokiko laguntzaileak izan ditu hedapena bizkortu nahian dabilen esparruetan. Gerora ere, konpainiak estrategia honekin jarraitzea aurreikusi du merkatu berrietara zabaltzeko asmoz.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow