Munduan gertatutakoak. Urtarrileko lehen astea

8 January, 2016

Sener enpresak ontzigintzaren sektoreko bere Foran sistemaren urteurrena ospatu du Shanghain eta ibilgailuen salmenta %26,5 jaitsi da Brasilen 2015ean.

Sener enpresak ontzigintzaren sektoreko bere Foran sistemaren  urteurrena ospatu du Shanghain

Abenduaren 2an Sener euskal enpresak Shanghain bildu zituen ontzioletako zuzendaritza-karguak, bulego teknikoetako langileak eta banatzaileak, ontzien diseinurako Foran CAD/CAM sistemaren 50. urteurrena ospatzeko. Sener ingeniaritza 1956an sortu zen Bilbon. Sener taldeak 2.500dik gora profesional enplegatzen ditu eta hogei bulego dauzka mundu osoan, horietako bat Shanghain. Ontzien diseinu, ingeniaritza eta produkziorako SENER enpresaren Foran sistema integratua 30 herrialdetako 150 ontziola eta bulego tekniko baino gehiagotan erabiltzen da.

Indarrean dira Txinak Korea eta Australiarekin merkataritza librean jarduteko sinatutako itunak

Indarrean sartu dira Txinak Koreako Errepublikarekin eta Australiarekin merkataritza librean jarduteko sinatutako itunak. Herrialde horietako konpainiek milaka milioi aurreztuko dituzte arantzeletan. Alde biko Merkataritza Libreko Itun horri esker, aurreikusi da Koreako Errepublikak portzentajezko 0,96 puntu igoko duela bere Barne Produktu Gordin (BPG) erreala, 53.800 enplegu berri sortuko dituela eta kontsumitzaileek 14.600 milioi dolarreko onurak lortuko dituztela. Txinako aduanen aurreikuspenen arabera, hemendik urtebetera eta MLIari esker, arantzel gutxiago ordainduko dituzte Txinatik Koreako Errepublikara egindako esportazioek (26.000 milioi dolar ingurukoak) eta Koreako Errepublikatik Txinara egindakoek (20.000 milioi dolar ingurukoak). Epealdi berean, Txinatik Australiara eginiko esportazioei (20.000 milioi dolarrekoak) eta Australiatik eginiko inportazioei (15.000 milioi dolarrekoak) ere zerga murrizketak aplikatuko zaizkie.

Txinako bederatzi probintziak proiektu garrantzitsuen  2016ko inbertsio plana argitaratu dute

Txinako bederatzi probintziak proiektu garrantzitsuen 2016rako inbertsio plana plazaratu dute. Erreakzionatzeko gaitasun handiena duten probintziak (Zhejiang, Sichuan eta beste batzuk) hasi dira aurtengo proiektu garrantzitsuenak eraikitzen. Estatistikek diotenez, bederatzi probintzietako proiektu garrantzitsu horien artean 14 bilioi RMBtik gorako inbertsioa egingo da (2.000.000 milioi euro).  Tokiko inbertsioen helburu nagusia garraio proiektu integratuak izango dira, eta proiektu industrialetako inbertsioa, pixkanaka murriztuz joan dena, “etorkizuneko hazkundearen euskarri nagusi” bezala ikusten da.

Txinako enpresari batek  auto elektrikoaren proiektu batean inbertitu du AEBetan

Financial Times egunkari britainiarrak berriki argitaratu duenez, AEBetako Faraday Future startup-ak Las Vegas hiriko Consumer Electronics Show azokan parte hartu du auto elektrikoaren bere prototipoa aurkezteko. Faraday Future enpresa duela urte eta erdi sortu zen. Hasierako kapitalaren zati handiena Letv izeneko talde txinatar batek jarri zuen. Yuetin Jia txinatarra da Letv taldearen fundatzailea, eta bideoen eta aisialdiaren sektorean dihardu nagusiki.

Faraday Future enpresak 2015eko abenduan iragarri zuen 1.000 milioi dolar inbertituko dituela Las Vegas iparraldean produkzio fabrika bat ezartzeko, eta lehen autoa 2017rako merkaturatzea espero dute.

Ibilgailu salmenta %26,5 jaitsi da Brasilen 2015ean

Ibilgailu berrien merkatuak beherantz egin du Brasilen hirugarren urtez jarraian, eta 2007ko salmenta mailara itzuli da. Zehazki, 2,5 milioi auto matrikulatu zituzten 2015ean.

FENABRAVE-Motor bidezko Ibilgailuen Banaketarako Federazio Nazionalak emandako datuen arabera, 2016rako aurreikuspenek diote joerak beherantz jarraituko duela, baina emaitzak apur bat leunagoak izango direla. Espero da jaitsiera %5,9koa izango dela 2015ekoarekin alderatuta.

Brasileko gobernuko teknikariek ez dituzte igo nahi altzairuaren gaineko zergak

Etxe Zibileko, Ogasun eta Garapen Ministerioko, eta Industria eta Kanpo Merkataritza Ministerioko teknikariek osatutako lantaldearen txostenak dio ez daudela ados altzairua inportatzeko zerga handitzearekin. Aldiz sektorea ordezkatzen duen Brasileko Altzairuaren Institutua igoeraren aldekoa da, zeren beren ustez mundu mailako gehiegizko produkzioak Brasil ito lezake eta siderurgiaren merkatu nazionala kaltetu.

Oraindik ez dute behin betiko erabakirik hartu. Sektoreak %35eko igoera eskatzen du, eta une honetan %8-14 bitarteko portzentajeak aplikatzen dira.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow