Munduan gertatutakoak. Urtarrileko laugarren astea

29 January, 2016

Airbus 3D inprimagailuen bidez fabrikatzen hasiko da eta Gehiegizko produkzio-gaitasunaren arazoarekin amaitzea, horixe da Txinak 2016rako duen zeregin garrantzitsuena

Airbus 3D inprimagailuen bidez fabrikatzen hasiko da

Airbus-ek, Europako hegazkin fabrikatzaile handienak, jakinarazi du aro berri batean sartzera doala bere produkzio-prozesuan, 3D inprimaketaren erabilpen industrialerantz “aireratuko” baita.

Orain arte, kanpoko hornitzaileei erosten zizkien osagaiak. Hemendik aurrera, eta 3D teknologia erabiliz, eurek fabrikatuko dituzte erregai hodiak, titanioan inprimatuz. “Benetako mugarri bat da, bereziki, kostuak erdiraino murriztuko ditugulako” esan du Peter Sander, Airbus enpresako kudeatzaileak Hannoverren eginiko prentsaurreko batean.

Aurrerantzean produkzioa seriean egingo da, hala, aurtengo urtearen lehen erdian altzairu herdoilezinezko lehen osagaiak fabrikatuko dituzte, eta 2017an aluminiozkoak. Horrez gain, harremanetan daude hainbat fabrikatzailerekin, tamaina handiko piezak ekoitziko dituen 2,10 metroko prototipo bat sortzeko.

“Inprimagailuak etengabe eta oso azkar ari dira hazten. Sekulako aldaketa da hori, ez bakarrik gure produktuentzat, baita ere negozio eredu berriak sortuko direlako. Metala lehiakor bihurtu da berriro zuntz sintetikoei aurrea hartuz” adierazi du Sanderrek.

Alemaniaren zenbaki gorrienak

Albiste txarrak Deutsche Bankeko akziodunentzat, bankuak 6,7 mila milioi inguruko galerak izan baitzituen aurreko ekitaldian. Etorkizun iluna dute aurrean, zeren bankua auzi ugaritan sartuta baitago eta baliteke milioika ordainketa egin behar izatea.

Inbertitzaileak eszeptikoak dira. Akzio bakoitzaren kostua 16 eurokoa da une honetan, urtearen hasieran baino %20 gutxiago. Finantza krisiaren puntu gorenean, 2009aren hasieran alegia, akzioek 14,63 euro balio zuten.

Espainia eta Indiaren arteko I+G-ko proiektu bilateralen finantzaketa  

I+G-ko proiektuak sustatzeko eta finantzatzeko hirugarren deialdia abiarazi da (ikerketa industriala, garapen esperimentala) CDTIk (I+G+B-ko Estatu Idazkaritza, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa) eta Indiako gobernuak sinatutako Lankidetza Programaren barruan. Espainiako enpresek zuzenduko dituzte proiektu horiek, eta merkatura orientatuta egongo dira (produktu, prozesu edo zerbitzu berrien garapena, edo lehendik zeudenak nabarmen hobetzea) Indiarekiko lankidetza erregimenean.

Programaren helburua da I+G-ko proiektuak finantzatzea sektore hauetan: IKT, Smart Cities, Clean Tech, Materialak eta Produkzio Aurreratua. Eskaerak aurkezteko epea abenduan zabaldu zen eta maiatzaren 13an itxiko da. Urrian jakinaraziko da zeintzuk diren aukeratutako proiektuak.

Indonesian Gas Natural Likuatuko azpiegituretan inbertitzen hasi dira

Askoren iritziz Gas Natural Likuatua (LNG, ingelesezko siglak) sistema onena da uharte asko dauzkaten herrialdeentzat, adibidez, Indonesiarentzat. Hala, lehenengo “minifabrika” jarriko dute martxan martxotik aurrera.  Minifrabrika hori gai izango da Baliko Pesanggaran hiriko sorkuntza-fabrika gasez hornitzeko.

Indonesiak ehunka uharte eta artxipelago ditu, horregatik, LNG sortzeko 32 fabrika planifikatu ditu Java, Sulawesi eta Kalimantasn uharteetan, 2019rako 35.000 megawatio lortzeko inbertsio-planaren barruan.

PLN zerbitzu publikoko enpresarentzat egingo diren eskala txikiko LNG fabrika horiek dozena bat izango dira, eta 200 MW-ko muga izango dute.  Eskualdeko beste herrialde batzuen, besteak beste, Singapurren laguntza beharko dute inbertsio horiek sortuko duten LNG eskaerari erantzuteko. Gainera, inbertsio handia egin beharko da tamaina txikiko LNG ontzien flota bat erosteko eta flota horren bidez puntu horiek azkar hornitzeko.

Lehen bahetzean 11 enpresa aukeratu dira inbertsio horiek ustiatzeko: Shell, Pertamina, MedcoEnergy, Marubeni, Tokyo Gas, Osaka Gas, Perusahaan Gas Negara, Itochu, Gas Natural Fenosa, Mitsubishi eta Humpuss Intermoda Transportassi. Enpresa horiek erakutsi beharko dute behar adinako ahalmena dutela proiektuak alderdi hauetan sortuko dituen premiei aurre egiteko: merkataritza, biltegiratzea eta konbertsioa.

Gehiegizko produkzio-gaitasunaren arazoarekin amaitzea, horixe da Txinak 2016rako duen zeregin garrantzitsuena

2016an Txinaren lehentasunezko zeregina izango da gehiegizko produkzio-gaitasunaren arazoarekin amaitzea, hala jakinarazi da Txinako Gobernu Zentralaren Lan Ekonomikoari buruzko Konferentzian.

Gehiegizko produkzio-gaitasunaren arazoa lau sektoretan da bereziki larria: ikatzaren sektorean, siderurgian, burdinarik gabeko metaletan eta zementuan. Izan ere, 5,4 milioi RMBko zor bolumena dute guztira.

Herrialde erakargarrienak Txinako inbertsioentzat

The Economist Intelligence Unit-ek egin duen China Overseas Investment Index txostenaren arabera, AEBak eta Singapur izan dira herrialde erakargarrienak Txinak 2015ean egin dituen atzerriko inbertsioentzat. Hona hemen hamar herrialde erakargarrienak:  AEBak, Singapur, Australia, Kanada, Suitza, Japonia, Txina, Hong Kong, Hego Korea, Norvegia eta Danimarka.

Txinako Merkataritza Ministerioaren aurreikuspenen arabera, Txinaren atzerriko inbertsioek %10etik gorako urteko hazkundea izango dute batez beste datozen 10 urteetan.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow