Munduan gertatutakoak. Otsaileko laugarren astea

26 February, 2016

Txinak egoitza iraunkorrerako eskaera egiteko tramiteak erraztuko dizkie atzerritarrei eta Europako siderurgiak urte erabakigarria du aurrean

Txinak egoitza iraunkorrerako eskaera egiteko tramiteak erraztuko dizkie atzerritarrei

Txinako Alderdi Komunistaren Batzorde Zentraleko (PCCh) bulego nagusiak eta Estatu Kontseiluak jakinarazi dutenez, Txinak egoitza iraunkorrerako eskaera egiteko prozesua erraztuko du atzerritarrentzat. Lehentasuna emango zaie talentua erakartzeko gobernuko programen bitartez joandako atzerriko profesionalen egoitza iraunkorrerako eskaerei, baita ere 2008an hasitako aditu globalak erreklutatzeko “Mila Talentu” programaren barnean iritsitakoei.

Zirkularrak dio eskatzaileen kalifikazioak ebaluatuko direla, eskatzaileen profilek bat etorri behar dutelako herrialdearen garapen estrategiekin eta ongi islatu behar dutelako merkatuko eskaera.  Era berean, eskatzaileen kalifikazioak hierarkizatuko dira, oinarritzat hartuta beren soldatak, zergak eta kreditu soziala.

Egoitza iraunkorra  nortasun agiria da atzerritarrentzat. Egoitza iraunkorra duten atzerritarrek hiritar txinatarren tratamendu berbera jasotzen dute, besteak beste, ondasunak erostean, seme-alaben hezkuntzan, gidabaimena lortzean eta beste hainbat kontutan. Egoitza iraunkorra dutenek nahi adina egonaldi egin ditzakete Txinan.

 

Urte erabakigarria Europako industria siderurgikoarentzat

Txinatik datozen inportazio merkeak, klima babesteko neurri zorrotzagoak, argindarraren prezioaren igoera… Europako industria siderurgikoa krisi existentzial batean murgilduta dago. 2016a urte erabakigarria izango da.

Sektorea krisian dago, eta bakarrik azken sei hilabeteetan 7.000 lanpostu suntsitu dira Europan. Thyssen-Krupp fabrikatzaile alemana ere zenbaki gorritan dago aurtengo lehen hiruhilekotik. Salzgitter enpresak, ordea, zenbaki positiboei eusten die.  Europako altzairuaren sektoreak Txinari leporatzen dio gaur egungo egoera, altzairu merkez bete baitu munduko merkatua.

 

CDTIk deialdi bat ireki du Txinan lankidetza teknologikoa garatzeko

Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak (CDTI), hots, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren menpeko estatu erakundeak Interes Adierazpenak aurkezteko epea zabaldu die osagai teknologiko bat duen edozein sektore edo eremutan Txinako erakundeekin lankidetzan jardun nahi duten Espainiako enpresei.  Txinako plataforma teknologiko garrantzitsuenek herrialde osoan banatuko dituzte Interes Adierazpen horiek, Espainiako enpresaren ideiarekin bat egin nahi duen bazkide egokiena aurkitzen laguntzeko. Horrelako plataformek Txinako Zientzia eta Teknologia Ministerioaren (MOST) aintzatespena dute eta lankidetzan dihardute teknologia arloan jarduera gehien duten eskualdeko eta tokiko gobernuekin eta herrialdeko enpresa berritzaileenekin.

Balizko bazkide bat aurkitutakoan, Espainiako enpresa eta Txinako erakundea harremanetan jarriko dira balizko lankidetza hori zehatzago aztertzeko. Ekintza horren azken helburua da nazioarteko CHINEKA lankidetza teknologikorako proiektu proposamen bat  aurkeztea eta, horrekin batera, baita ere partzuergo-hitzarmen bat. 2016ko martxoaren 4a da proposamena eta partzuergo-hitzarmena aurkezteko azken eguna.

 

Asko hazi da EBtik Txinarako nekazaritza eta elikadura arloko esportazioa

Berriki kaleratu dira Txinako kanpo merkataritzaren 2015eko estatistikak. Estatistika horien arabera, EB-28ko nekazaritza eta elikadura sektoretik Txinako merkatura eginiko esportazioek oso bilakaera ona izan dute, %51ko hazkundea izan baitute aurreko urtearekin alderatuta, 9.579,6 milioi euroraino iritsi direlarik.

Espainiako nekazaritza eta elikadura sektoretik Txinara eginiko esportazioak  %58 hazi dira iazkoarekin alderatuta, eta 789,9 milioi eurokoak izan dira. Espainiako produktuek gero eta presentzia handiagoa dute erraldoi asiarrean, lehiakorragoak direlako eta Txinako klase ertain gorakorrak inportatutako produktuen kontsumoa bultzatu duelako.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow