Munduan gertatutakoak. Otsaileko hirugarren astea

19 February, 2016

India munduko laugarren potentzia eolikoa bihurtu da Espainiaren aurretik, eta Alemaniako kanpo-merkataritzak zailtasunak izan zituen 2015aren amaieran.

India munduko laugarren potentzia eolikoa bihurtu da Espainiaren aurretik

Indiak laugarren postua kendu dio Espainiari potentzia eoliko instalatu handiena duten herrialdeen munduko rankinean, urtean zehar 2.623 megawatio (MW)  instalatu baititu, 25.088 MWraino iritsiz. Kopuru horri esker, herrialde asiarrak gainditu egin du Espainian instalatutako potentzia kopurua (22.988 MW), eta megawatio eoliko gehien dituen munduko laugarren herrialdea bihurtu da, Txinaren, Estatu Batuen eta Alemaniaren atzetik.

Gainera, Txinak aurrea hartu dio Europari, eta munduko lidergoa hartu du potentzia eoliko instalatuari dagokionean, 2015eko ekitaldian 30.500 MW instalatu baititu (egun Espainia osoan eskuratu daitekeena baino gehiago). Datu horiek Enpresa Eolikoen Elkarteak (AEE) argitaratu berri duen Global Wind Energy Council (GWEC) txostenean jaso dira.

Alemaniako kanpo-merkataritzak hainbat zailtasun izan zituen 2015aren amaieran

Alemaniako kanpo-merkataritzak errekor berriak ezarri ditu: 2015ean esportazioak %6,4 hazi ziren, aurreko urtearekin alderatuta (1.196 bilioi euro guztira), eta inportazioak, berriz, %4,2. Baina jaitsi egin ziren abenduan.

Ekonomialariek %0,5eko igoera espero bazuten ere, Alemaniako esportazioek behera egin zuten abenduan, eta azaroko zifrekin alderatuta %1,6 murriztu ziren, Estatistiken Bulego Federalak adierazi duenez. Jaitsiera horren arrazoietako bat izan da Txina, Brasil, Errusia eta antzeko herrialdeen testuinguru ekonomiko apala.

Berrikusi beharreko milioika auto Alemanian

Autoen Bulego Federalak (KBA) dioenez, azken bost urteetan berrikusi beharreko 6,5 milioi ibilgailu inguru zenbatu dira Alemanian, 1,6 milioitik gora bakarrik 2015ean. Joera horrek bere horretan jarraitu du aurten, ikusi baita Takata hornitzailearen airbagak akastunak izan daitezkeela.

Akats kopurua kezkagarria da (%70 akats mekanikoak dira, eta %20 sistema elektrikoarenak edo elektronikoarenak), ibilgailuak ez baitira arriskutsuagoak, baina bai kalteberagoak. Gaur egungo fabrikazioa modularra eta seriekoa da eta nazioarteko hornitzaileek saldutako piezak erabiltzen dira. Beraz, halako akats txikiak daudenean ibilgailuak masan erretiratu behar izaten dira.  Bestalde, akats horiek identifikatzeak esan nahi du segurtasun kontrolek ondo funtzionatzen dutela, hots, auto industriak erantzukizun handiz jokatzen duela, eta hori seinale ona da.

Alemaniako 36 enpresak errefuxiatuak integratzeko ekimenak hasi dituzte

Alemaniako 36 enpresak –hala nola, Adidas, Airbus, Opel, Lufthansa, Siemens eta Deutsche Bank- kanpaina bat jarri dute martxan errefuxiatuak enpresetan integratzeko. Praktika programak, alemaneko ikastaroak eta aholkularitza programak eskaintzen hasi dira, besteak beste. Gainera, tokiko integrazio proiektuak garatzen dituzte eta langileak eskaintzen dituzte errefuxiatuei laguntzeko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow