Munduan gertatutakoak. Otsaileko bigarren astea

12 February, 2016

Gestamp enpresak Mexikon duen fabrikan ekoitziko du Audi autoentzako karrozeria, eta Alemaniako hiltegiek okela kopuru errekorra sortu dute

Gestamp enpresak Mexikon duen fabrikan ekoitziko du Audi autoentzako karrozeria

Gestamp, automozioaren sektoreko euskal enpresa, apirilean hasiko da ekoizten Audi konpainiaren Q5 kamionetarentzako karrozeria. Gestampek 75 milioi dolarreko inbertsioa egin du Pueblan duen bigarren fabrika zabaltzeko, eta horren bidez hornituko du armadore alemana.  42.000 metro koadroko industria-gune berri horretan urtean 17,2 milioi pieza fabrikatuko dituzte Audi-rentzat, eta, hornitzailearen zuzendari nagusi Erwin Polo Fieldmann-en esanetan, jarduera horrek 450 enplegu sortuko ditu.

Fabrika 2014an inauguratu zen, 147 milioi dolarreko kostuarekin eta 135 langilerekin. Gaur egun 585 langile dira guztira, eta salmenta-igurikapenak gorantz doaz. Hala, konpainiako zuzendari nagusiak dioenez, baliteke egungo fabrika gehiago zabaltzea; erabaki hori hartzeko, ordea, kontuan hartuko dira Audi enpresarekin eta Mexikoko beste armadore batzuekin lortzen dituzten kontratuak, Gestamp enpresak Chrysler, Volkswagen eta General Motors ere hornitzen baititu.

Alemaniako hiltegiek okela kopuru errekorra sortu dute

Alemaniako okela produkzioak txikitu egin du urteko errekor historikoa, 8,22 milioi tona okela ekoitzi baititu, 2011ko maximoa baino 25.300 tona gehiago. Txerrikiak jarraitzen du izaten produktu izarra, 5,56 milioi tonarekin; ostera, hamar urtean lehen aldiz  murriztu egin da etxeko hegazti okelaren produkzioa, iaz baino 8.900 tona gutxiago ekoitzi direlarik.

Kontuan hartu behar da baita ere sakrifikatutako animalia kopurua murriztu egin dela (%1,5 gutxiago, hau da, 3,5 milioi sakrifiziotatik 55.100 animalia gutxiago); beraz, horrek esan nahi du animalien batez besteko pisua handitu egin dela.

Opel zenbaki gorrietan dago oraindik

Opel enpresak urte zurrunbilotsua izan du, hainbat milioiko galerak izan baititu berriro ere. 2015ean 813 milioi euro fakturatu zituen eta bere merkatu kuota murriztu egin zen, gainera, ez dirudi emaitza horiek hobetuko dituenik Europako merkatuan. Hala ere, baikor agertu da Karl-Thomas Neumann, Opel enpresako burua. Zenbaki gorrietatik irtetea da aurtengo helburua.

Galeren arrazoiak bat baino gehiago dira. Lehenik eta behin, Chevrolet marka-anaia erretiratu egin da Europatik, eta horrek eragin negatiboa izan du salmentetan. General Motors-ek bezero asko galdu ditu Europan, bereziki, prezio baxuko autoen segmentuan. Bigarrenik, enpresa erretiratu egin da Errusiatik. Eta Karl-Thomas Neumann-ek itxaropen handia zuen merkatu horretan.

Volkswagenek produkzioa eten du Alemaniako bi fabrikatan

Volkswagen enpresak Alemaniako Kassel eta Emden hirietan dauzkan fabriketako produkzioa eten du aldi batez. Kassel-eko fabrika, konpainiak Alemanian duen bigarren produkzio-zentroa, itxita egongo da otsailaren 1, 5 eta 8an. Fabrika horrek ez ditu autoak ekoizten, baina osagaiz hornitzen ditu Taldeko beste fabrika batzuk. Eskaera gutxitu izana da Volkswagen-ek eman duen arrazoia produkzioa gelditzeko, izan ere eskaera txikiagoa baitzen isurien eskandalua hasi baino lehenagotik ere. Eta Emden hiriko fabrikan, non Passat modeloa fabrikatzen den, produkzioa bertan bera gelditu da prentsatze tailerrean arazo teknikoak izan dituztelako.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow