Munduan gertatutakoak. Martxoko azkenaren astea

1 April, 2016

[quote]Banku mexikarrak prest daude energia arloko proiektuak finantzatzeko eta Ingeteam enpresak 4 instalazio hornituko dizkio AEBetako eguzki-planta bati[/quote]

 

Banku mexikarrak prest daude energia arloko proiektuak finantzatzeko

Mexikoko bankariek adierazi dute prest daudela energiaren erreformarekin lotutako proiektuak finantzatzeko, batez ere energia elektrikoaren azpiegiturari dagozkionak.  Guerrero Estatuko Acapulco hirian egin da berrikitan Bankuen 79. Topaketa, eta garapen bankuetako nahiz banku pribatuetako zuzendaritza-karguek berretsi dute garrantzitsutzat jotzen dutela energia sektorean sartzea eta Mexikoko ekonomiari hazten lagunduko dion motor bihurtzea.

 

Zuzendaritza-karguak  estrategiak aplikatzen ari dira beren negozioak sendotzeko,  batzuk aurrekontuen murrizketengatik, beste batzuk Mexikoko eta AEBetako interes tasen igoerarengatik. Denek diote urte zaila izango dela aurreikusten diren gertakariengatik, hala nola Erreserba Federaleko (Fed) erreferentziazko interes tasen igoera, eta nazioarteko petrolioaren prezioen aldakortasuna.

 

Gauzak horrela, peso mexikarraren ahulezia onuragarri izango da zenbait sektorerentzat, esaterako esportazioarentzat eta turismoarentzat, Alejandro Díaz de León Kanpo Merkataritzarako Banku Nazionaleko (Bancomext) zuzendari nagusiak adierazi duenez.

 

Higiezinen sektorean ere aukera handiak ikusten dira, Mexikon 6-9 milioi inguru etxebizitza behar baitira, eta higiezinen enpresek erantzun beharko diote premia horri.

 

 

Ingeteam enpresak 4 instalazio hornituko dizkio AEBetako eguzki-planta bati.

Ingeteam euskal enpresak 4.3 MW sortzeko gaitasuna duten inbertsio fotovoltaikoko lau instalazio hornituko ditu Ohion kokatutako “The Minster Photovoltaic Plant” eguzki-plantarako. Plantaren jabeak, Chicago Illinoiseko Half Moon Ventures LLCk, esan du bi arrazoirengatik aukeratu dutela Ingeteam enpresa: ematen duen errendimendu bikainagatik, eta beren aurreko proiektuan, Wisconsineko “Jefferson Solar Park” fabrikan garatu zuten proiektuan eman zien salmenta ondorengo zerbitzuagatik.

 

 

Mexikoko petrolioa 32 dolarrera iritsi da lehen aldiz 2016an

Mexikoko nahasketak urteko mailarik onena iritsi du martxoan: 32,04 dolar upeleko. Prezio horri esker, %4,23 (1,30 dolar) gehiago irabazi zuen martxoaren 17an, ostegunean, bi egunetan jarraian kateatuz irabaziak. Asteazkenean ere, nahasketak %4,63ko irabaziak (1,36 dolar) izan zituen, Pemex-ek emandako datuen arabera, eta upel bakoitzaren prezioa 30,74 dolarretan gelditu zen.

 

Mexikoko nahasketak %17,06ko irabaziak (4,67 dolar) izan ditu aurten, eta 32,04 dolarreko prezioan amaitu du hilabetea, Pemex-en datuen arabera.

 

 

India: eguzki energiaz dabilen lehen aireportuak jada ez dauka argindar gasturik

India hegoaldeko Kerala Estatuko Cochín-eko nazioarteko aireportuak mugarri garrantzitsu bat lortu du: funtzionatzeko behar duen argindarra ez zaio deus kostatzen, eta gainera argindarra isurtzen du energia sare orokorrera, inguru osoan ezarri dituen milaka eguzki xaflei esker.

Beste erakunde eta herrialde batzuk ere hasi dira prestatzen urrats bera egiteko, aireportuetan erabili gabe egoten diren lur-eremuak bereziki egokiak baitira horrelako proiektuetarako. Indiako Abiazio Zibileko ministroak, Ashok Gajapathi Raju-k, Cochin bisitatu ondoren esan du ikuspegi berdina aplikatu nahi duela herrialdeko beste aireportuetan ere. Liberia eta Hegoafrikako ordezkariak ere joanak dira Cochin hiriko aireportura, eguzki energia proiektuaren funtzionamendua bertatik bertara aztertzera.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow