Munduan gertatutakoak. Ekainako lehen astea

3 June, 2016

CAF euskal enpresak kontratu garrantzitsu bat sinatu du Moskuko metroarekin eta Negoziazioak egin dira Eslovakian Hyperloop teknologia instalatzeko

 

CAF euskal enpresak kontratu garrantzitsu bat sinatu du Moskuko metroarekin

CAF taldeko Errodajeen negozio unitateak -burdinbideen sektorerako gurpilak, erreduzitzaileak, ardatzak eta loturak egiten dituenak- irabazi du Metrowagonmash JSC (MWM) erakundeak plazaratutako lehiaketa publiko garrantzitsua. Euskal konpainiak erreduzitzaileak egingo ditu Moskuko metro enblematikorako 2020ra arte.

MWM enpresa Transmashholding taldeko kide da eta Errusiako metroko nahiz Estatu Independenteen Erkidegoko (EIE) herrialdeetako tren fabrikatzaile nagusia da. Moskuko metrorako erreduzitzaileak ekoizteaz gain, CAFek Budapesteko metroko bagoiak birgaituko ditu, eta ardatz muntatu osoak ere fabrikatuko ditu. Budapesteko metrorako ardatz muntatuen proiektua 2017ra arte luzatuko da.

Bikoiztu egin dira errusiarrek atzerriko onlineko dendetan eginiko erosketak

Errusiarrek gero eta gehiago erosi nahi dute atzerriko onlineko dendetan. 2016ko lehen hiruhilekoan 70.000 milioi errublo inguru gastatu dituzte, pasa den urteko aldi berean baino bi aldiz gehiago.  Halaber, atzerritik egin den bidalketa kopurua ia hirukoiztu egin da epealdi horretan. Bidalketa horien %90 Txinatik dator, asko hazi baita kontsumo zabaleko produktu merkeen alderako interesa.

Hauek izan dira errusiarrek gehien eskatu dituzten artikuluak: etxetresna elektrikoak eta elektronika (%32,3), arropa (%23,4) eta oinetakoak (%11,6). Txinaren atzetik datoz EBko herrialdeak, horietatik egiten baita bidalketen %4. Aurreikuspenen arabera, atzerriko herrialdeei eginiko onlineko erosketak %37 haziko dira 2016aren amaierarako eta 300.000 milioi errublora iritsiko dira (4 100 milioi euro inguru). Bidalketa bakoitzagatiko batez besteko gastua 1.400 errublokoa da (20 € inguru).

2016aren amaierarako, onlineko salmentak Errusian eginiko salmenta guztien %15 izango dira. Dena den, Errusiako e-commerce merkatuak potentzial handia du oraindik, txikizkarien onlineko salmentak %4koak baino ez direlako, Erresuma Batuan %12koak diren bitartean.

 

Inbertsio proiektu bat Novgorod eskualdean turba erauzteko

Inbertsio proiektu bat jarriko da martxan Novgorod eskualdean turba industrialki erauzteko. Turba horrek bi erabilera izango ditu: bata, energiaren sektorean eta, bestea, nekazaritzan. Aurreikuspenen arabera, urtean milioi bat tona turba erauziko dira erabilera energetikorako eta 250.000 metro kubiko nekazaritzarako. Novgorod eskualdeko 1.500 hektareako lur-eremu batetik erauziko da minerala.

Aipatzekoa da 80ko hamarkadan hiru milioi tona turba baino gehiago erauzten zirela Novgorod eskualdean. Zonalde horretan guztira 1.700 milioi tonako erreserbak daudela uste da. Erauzketa puntuen eta San Petersburgoko Portu Handiaren artean 170-200 kilometro inguruko distantzia dago. Dena den, erauzketa puntu nagusien ondoan trenbideak daude, eta horrek nabarmen murrizten ditu logistikako kostuak. Proiektu garrantzitsutzat jotzen da eskualdearen garapen sozio-ekonomikorako, eta Serguei Mitin, bertako gobernadorea, proiektuaren aldekoa da.

Energiaren Munduko Kontseiluak emandako datuen arabera, EBn urtean 12 milioi tona turba erabiltzen dira guztira. Bestalde, EPAGMA-Europako turbaren elkarteak adierazi duenez, Estonia, Finlandia, Irlanda, Letonia, Lituania eta Suedian ia bi milioi lagunek behar dute turba-energia, turbak estaltzen baitu herrialde horietako energia primarioaren kontsumoaren %7. Europako Batzordearen 20-20-20 planaren arabera, EBko herrialdeek %20raino igo behar lukete energia alternatiboko iturrien erabilera 2020rako. Hala, Novgorod eskualdeko gobernua merkataritza-harremanak egiten ari da agentzia espezializatu eskudunekin eta nekazaritza zein energia sektoreetako turba kontsumitzaileekin.

Euskadiko Kanpo Ekintzarako Idazkaritza Mexikon izan da

 

María Ángeles Elorza Zubiria, Euskadiko Kanpo Ekintzarako idazkari nagusia, eta Leyre Madariaga Gangoiti, Nazioarteko Harremanetako zuzendaria, Mexikon izan dira. Bisitaren helburua izan da harremanak estutzea Mexikoko Kanpo Harremanetako agintari federalekin eta Estuetako gobernu elkarteekin eta jarduera instituzional, ekonomiko eta kulturalak sendotu eta sustatzea Querétaro eskualdearekin.

 

Elorzak eta Madariagak hainbat bisita egin dituzte Mexiko Hirian, Mexiko Estatuan eta Querétaron. Hiriburuan aukera izan dute ondoko hauekin elkartzeko: Rolando García Martínez, Gobernadoreen Konferentzia Nazionaleko (CONAGO) idazkari nagusia; Francisco del Río López enbaxadorea, Europarako zuzendari nagusia; eta, besteak beste, Claudia Calvin, Nazioarteko Gaietarako Mexikoko Kontseiluko (COMEXI) zuzendaria. Halaber, astia izan dute Euskal etxea bisitatzeko eta Lorea Palaciosek zuzentzen duen Zuzendaritza Mahaiarekin elkartzeko. ​

 

Bestalde, Querétaron, Garapen Sostengarrirako Idazkaritzako (SEDESU) titular Marco Antonio Del Prete Tercerok egin die harrera, aurrera jarraitzeko bi eskualdeen arteko lankidetzarekin  Euskadik eta Mexikok sinatua daukaten Ulermen Memorandoaren markoan (Urkullu lehendakariak 2014an egindako bisitan sinatua). Querétaron berriki hautatua izan den Gobernu berriak itunari eusteko eta garatzen jarraitzeko borondatea agertu du. Del Prete-k esan duenez, “horrelako akordioei eutsi nahi diegu, alderdi ekonomikoaz gain, turistikoa ere aberasten dutelako; asko daukagu ikasteko Euskadiren eredutik”.

 

Elorzak eta Madariagak esan dute Mexikora eginiko bisita probetxugarria izan dela, eta ordezkaritzek egiten duten lana azpimarratu dute, ezinbestekoak baitira Euskadi, ikusle soil baino gehiago, aktore izan dadin nazioartean.

 

Negoziazioak egin dira Eslovakian Hyperloop teknologia instalatzeko

 

Eslovakiak akordio bat lortu du Hyperloop Transportation Technologies (HTT)-ekin, hots, Elon Musk multi-ekintzaileak diseinatutako proiektua aurrera ateratzeko motibazio handiena duen enpresarekin.

Asmoa da Danubio ibaiaren Viena eta Budapest arteko ibilbidea bikoiztea, Bratislavan (Eslovakiako hiriburuan) geltoki bat eginaz, horretarako hodi bereziak jarriko liratekeelarik lurraren gainean hainbat metrotako altueran. Horrela, posible izango litzateke hirigune batetik bestera joatea zortzi minutuan. Etorkizunean, Eslovakiako Košice hiria ere konektatuko litzateke.

Konpainiak iragarri du jadanik lankidetza-akordio bat lortu duela Eslovakiako gobernuarekin. Eslovakiako Ekonomia ministro Vazil Hudak-ek esan du Hyperloop proiektuak “mugaz gaindiko lankidetza biderkatuko duela Europan”, eta aukera emango duela garapen zentro berriak sortzeko, bai Eslovakian, “eta baita ere Europa osoan”.

Batzuek diote proiektu bat besterik ez dela. Nolanahi ere, informazio hori munduko hedabide askotan argitaratu da eta, bide horretatik, Eslovakiak bere burua sustatu du teknologien aldeko apustua egiten duen herrialde gisa. Dena dela, logikoa baino ez da proiektu hori Danubio inguruan egitea, zaila litzatekeelako antzeko beste zonalde bat aurkitzea, hots,  laua eta espazio oso murritzean hiru hiriburu dauzkana, Bratislava, Viena eta Budapest alegia. Viena eta Bratislava artean 79 km daude autobidez, eta dezente gutxiago Danubio ibaiari jarraituz gero. Gainera, inguru horretan garraioaren industria ugari kontzentratzen dira, batez ere  Eslovakia mendebaldean, non milioi bat autotik gora fabrikatzen baitira urtean.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow